7K - zazpika astekaria
ARGAZKI BAT EMAKUMEEN BIZITZARI

Munduko emakumeak: zortzi herrialde, zortzi bizipen


Bidaiatzea ia ezinezkoa zaigun garai zail hauetan, aurreko gure abenturen oroitzapenak soilik geratzen zaizkigu; motxila leporaino beteta bizkarrean, lehen aldiz herrialde ezezagun batera iritsi ginenekoak edota hiri handi batean bertako hizkuntza jakin gabe galdu ginenekoak. Ahaztezinak bihurtzen diren milaka bizipen; hegazkin bat hartu eta paisaia ederrak ikustea baino askoz gehiago delako bidaiatzea. Nik, emakumea izanik, beti izan dut gogoko bisitatu ditudan herrialdeetako emakumeak ezagutzea, haien ohituretatik ikasi eta nire bizimoduaren hain desberdina den beraien bizimodua ulertzea. Ohore handia izan da niretzat ondorengo lerroetan aurkeztuko ditudan emakumeekin ordu edo egun batzuk igaro ahal izatea, ez ditudalako ahaztu, nire bidaiak alaitu zituztelako, eroso sentiarazi nindutelako. Boliviatik Thailandiara, Indonesiatik Brasilera… omenaldi berezi bat, munduko emakume guztiei eta beraien borrokei.

Bolivia. Bolivian, herritarren %48 inguru indigenak dira. Herrialde osoan, agian Santa Cruz hirian eta bere inguruetan izan ezik, asko dira jantzi tradizionalarekin ikusi ahal izango ditugun emakumeak, cholita esaten dieten horiek. Evo Moralesen agintaldiaren ondotik beraien egoera asko hobetu den arren, emakume indigenek beren eskubideen alde borrokan jarraitzen dute. Askok ez dute ikasketak burutzeko aukerarik ere, familiaz arduratu behar dutelako. Gizona lanean, emakumea etxean.

Duela bost bat urte, El Alto hirira egindako bisitan, poztu nintzen ikustean bertan ezagutu nituen emakume indigenek etxetik kanpo lan egiten zutela eta gustuko zituzten ikastaroetan zihardutela. Erakunde asko ari dira lanean bertan, horrela jarrai dezan.

Beste errealitate bat ezagutzeko asmoz, hurrengo egunean Sucre-ra abiatu nintzen, Boliviako hiriburu historikora. Iritsi bezain laster bertakoek esan zidaten ondorengo bi egunak jaiegunak zirela hirian, Guadalupeko amabirjinaren omenezko ospakizunak ikusteko, goizeko zortzietan Kale Nagusian egotea gomendatzen zidatela. Hurrengo goizean hantxe nengoen, alboko kaleko etxe zuri bateko leiho baten izkinan eserita, ez nuelako beste tarterik topatu.

Bost mila dantzari baino gehiago, kalejiran kaleetan zehar, txarangekin batera alai, konpartsetan banatuta. Emakume guztiak jantzi tradizional distiratsuak soinean; irribarretsu agurtzen ninduten. Izugarria, liluratuta geratzeko modukoa.

Leku berean orduak eta orduak igaro nituenez eta atzerritar bakarra izanik gune hartan, lagunak egitea ere ez zen lan zaila izan, bai txaloka zegoen jendearen artean, bai konpartsetako kideen artean. Atzo balitz bezala gogoratzen naiz argazki bat eskatuz gerturatu zitzaidan emakume dantzari indigenaz. La Paz-ekoa zen bera, eta Sucrera etorri zen dantza egitera, berarentzat hain garrantzitsua zen egunean. Atera nion argazkia ikusten dudan bakoitzean oroitzapen politak besterik ez datozkit burura. Maiz, hizketalditxo labur bat besterik ez da behar une hori memorian iltzatuta geratzeko.

 

Iran. Hegazkinetik irten eta Imam Khomeini aireportura sartu orduko emakumeok zapia ipini behar dugu buruan, ilea eta lepoa ondo estalita daramatzagula argi utziz. Arrazoi dute irandarrak oso eskuzabalak eta atseginak direla diotenek. Erabat ados nago beraiekin. Laguntza behar baduzu, bertakoek, nahiz eta ingelesa menperatzen ez duten, beraien esku dagoen guztia egingo baitute. Halaxe, egoera horretan, laguntza eske nindoala, ezagutu nuen Saman.

Teheran, hiriburua, izugarri handia da, ia bederatzi milioi biztanle ditu eta ez da erraza hegoaldetik iparraldera mugitzea edo kontrako bidea egitea. Metrora jaistea erabaki nuen orduan, eta esan beharra daukat hasiera batean ez nuela ezertxo ere ulertzen. Nire alboan seinale bat neukan, emakumeok bertan itxaron behar genuela adierazten zuena. Une hartan bertan neska gazte bat hurbildu eta esan zidan metroa bi zatitan banatua dagoela Iranen, emakumeen alderdia eta alderdi mistoa, gehienbat gizonezkoentzat eta ezkonduta dauden bikoteentzat. Bera zen Saman eta hark lagundu zidan egun hartan eta, gerora, bidaia osoan.

Hurrengo egunetan elkartzeko geratu eta elkar ondo ezagutzeko aukera izan genuen. Emakumeen egoera Iranen ez zela batere ona aipatu zidan, bera kokoteraino zegoela zapiaren derrigortasunaz eta Gobernuaren legediaz. Bere ametsa, atzerrian bizi eta aske izatea.

Ia hilabete egin genuen batera eta oraindik ere sare sozialen bitartez harremanari eusten diogu. Hiru urte igaro dira topo egin genuenetik eta gaur egun Saman Thailandian bizi da, eta bizi berri bati ekin dio Bangkok-en ingeleseko irakasle gisa. Ametsa egia bihurtu da berarentzat, nahiz eta hori lortzeak bere herritik urrun bizitzera eraman duen.

 

Thailandia. Karen etnia Myanmar eta Thailandia arteko mugan bizi den talde etniko bat da. Honen barruan azpitaldeak daude eta horien artean ezagunenak “padaung” emakumeak dira, jirafa lepoa duten emakumeak. Bederatzi edo hamar urte dituztenetik neskatxek lepoa deformatzen dute; zentimetro bateko lodiera duten espiral edo idunekoa jartzen dute eta urtero espiral bat gehitzen doaz, emakume lepoluzearen tankera hartzen duten arte. Bizitza osoan zehar eraman behar dituzte idunekoak, kenduko balituzte lepoak ezingo bailuke buruaren pisua mantendu eta ondorioz hil egingo bailirateke.

Badaude zenbait kondaira emakumeek lepoa zergatik luzatzen duten azaltzen saiatzen direnak; herensugearen mitoa, esaterako. Horren arabera, Karen herria herensuge batek sortu zuen eta bera imitatzeko emakumeak herensuge amaren itxura hartzen saiatzen omen dira. Horretaz gain, beste hainbat teoria zabaldu dira etnia berezi honen inguruan; adibidez, tigreak uxatzeko defentsa modukoa dela edo lepo luze horiek emakumeak itsusten dituztela eta, ondorioz, inguruko herriek ez dituztela esklabotzat nahi izan.

Thailandiako iparraldetik abiatu nintzen hain famatu bilakatu diren emakume horiek ezagutzera. Bisita gidatuak antolatzen dira egunero turistentzat eta herrian sartzeko ere ordaindu beharra dago. Turismoaren balioak pisu handia du herri indigena eta talde etniko askoren inguruan sortu diren negozio ereduen antzera. Herrixkak txikiak dira eta etxebizitzak, zurez eta banbuz eginak. Emakumeak lanean aritzen dira, gehientsuenetan josten, eta oso ohikoa da jardunean dauden bitartean atzerritarrak argazkiak ateratzera gerturatzea. Eguneroko kontua da haientzat.

Beheko argazkian agertzen den neskatoak oroitzapen berezia sortzen dit, agian bisitaldiko une batean nire mugikorra atera nuelako eta berak berea erakutsi zidalako. Nirea baino mila bider hobea, bide batez esanda. Xelebrea egoera, nahiz eta elkar ezin ulertu, biok barre egin genuen. Argazkia atera nion, oroitzapen on baten lekuko.

 

Brasil. Rio de Janeiroko Ipanema hondartza inguruko ostatu batean nengoela egin nituen lagun berriekin izandako hizketaldian bururatu zitzaidan agian ideia ona izango litzatekeela hurrengo egunean bertan favela bat ezagutzera joatea. Nazkatuta nengoen ia egunero hondartzan egoteaz, gauza berririk ezagutzeko aukerarik gabe. Ez joateko gomendatu zidaten guztiek, nahiz eta ostatuko jabeak erabat segurua zela esan. Goizean bertan bi lagun abiatu ginen hiriko hegoaldean dagoen Rocinha favelara, Brasilgo handienetarikora.

Auzo bat zirudien, auzo behartsu baina arrunt bat. Dena ondo zihoan gorantz igotzen hasi ginen arte. Orduan, bat-batean, suziri bat entzun genuen eta bertakoek esan ziguten militarrak barrura sartuko ziren abisua zela. Jarraian emakume bat irten zen bere etxebizitzatik eta paretaren kontra jartzeko erregutu zigun, geldi egoteko, zirkinik egin gabe. «Ez hasi korrika, mesedez», esan zigun. Nik ez nekien zer egin, zer pentsatu. Hantxe geunden, bost bat atzerritar burumakur, ikaratuta, zer gertatuko zen zain. Hamar-hamabost bat minutu beranduago jendea iristen hasi zen, behetik gorantz oinez, eskuan mota guztietako armak zituztela. Helduak bakarrik ez, umeak ere bai. Batzuek barrez agurtzen gintuzten. Hogei bat pertsona igaro zirenean aurreko emakume berberak esan zigun: «Jarraitu zuen bideari lasai, ez dago arazorik». Erabat kikilduta, bideari berrekin genion.

Polita izan zen ondorengo guztia, favelan nola bizi ziren ikusteko aukera paregabea izan baikenuen. Bertan ezagutu nuen argazkian ikus daitekeen emakumea. Artista zen, margolaria, eta bere denda txikian saltzen zituen artelanak.

Faveletan bizi diren emakumeek ez dute egoera erraza. Brasilen, 50 milioi pertsona inguru bizi dira faveletan. Horietatik, gutxi gorabehera sei milioi, Sao Paulo eta Rio de Janeiro hirietan oinarrizko osasun instalazio, elektrizitate eta ia ikastetxerik gabe bizi diren emakumeak dira. Arazo horiei guztiei gehitu behar dizkiegu sexu erasoak, narkotrafikoa, hilketak eta Poliziaren jarrera.

Zailtasunak zailtasun, Rioko txaboletako emakumeen komunitateak ez du galdu etorkizun hobea lortzeko esperantza. Bere bizitokiarekiko harrotasunak bere eskubideen alde borrokatzeko indarra ematen dio. Adibide ezin hobea, alboan nuen emakumea, koadroak saltzen bizi dena. Gaizki baino okerrago hasitako egun hura, ezin hobeto amaitu zen, gure herritik milaka kilometrora bizi diren emakumeengandik ikasitakoari esker. Orain, emakume haren koadro batek apaintzen du nire logela.

 

Mozambike. Ibo, Ilha do Ibo portugesez, Mozambike iparraldeko Cabo Delgado probintziako kostaldean dagoen uharte txiki bat da. Askotan, turista aberatsen eta bidaiari bakartien helmuga. Iritsi nintzenean kale zaharkituen artean oinez paseatzen zebilen atzerritar bakarra nintzen. Segituan ohartu nintzen bertako emakumeak bereziak direla. Batzuk goizean goiz abiatzen dira etxetik inguruko putzuetara ur bila; beste batzuk olagarroak arrantzatzeko asmoz hondartzara hurbiltzen dira, ondoren bertan saltzeko. Iboko emakumeak goizeko lauretan hasi eta egun osoan jarduten dute lanean. Aipatutako lanez gain, beste hainbat jardunetan aritzen dira: janaria prestatzen, egurra mozten, etxea garbitzen eta seme-alabak hazten. Familiaburuak dira.

Kolore bizien artean doaz oinez bertako emakumeak, soinean daramatzaten jantziaren antzera; deigarria da oso capulana esaten diotena. XIX. mendean hasi ziren erabiltzen eta denboraren poderioz kultura-sinbolo bihurtu da. Erabilera asko ditu: gona gisa, burua estaltzeko eta, askotan, seme-alabak bizkarrera lotuta garraiatzeko. Aurpegia eguzki izpietatik babesteko musiro izeneko ore bat erabiltzen dute, pasta zuri antzeko bat. Mariamorekin lehen aldiz topo egin nuenean musiroa prestatzen ari zen, neskame lana egiten zuen etxeko atarian. Berak esanda dakit zuhaitzen sustraiak erabiltzen direla pasta egiteko eta azala eguzkitik babesteaz gain edertasun maskara gisa ere erabiltzen dutela emakumeek herrialdeko iparraldean.

Hogei bat egun igaro nituen Mariamorekin bere ohiko bizimodua ezagutzen. Langile eta emakume aparta, bera egon zen nirekin bakarrik igaro nituen egun haietan guztietan.

 

Indonesia. Baliko dantzak uharteko erlijio eta artean oinarritzen diren antzinako dantza tradizionalak dira. Emakume dantzariek hatzak, eskuak, burua eta begiak erabiltzen dituzte astiro, hainbat istorio kontatzeko. Oso txikitatik erakusten diete dantzan. Gaur egun dantzari profesionalak direnak zazpi bat urterekin hasi ziren zorrotz entrenatzen.

Nahiz eta Baliko hiriburua Denpasar den, hiriburu kultural eta artistikoa iparraldean kokaturiko Ubud herria da. Asko dira yoga egitera, margotzera, dantza ikustera edo naturaz gozatzera bertara gerturatzen diren turistak, baita neu ere. Oso lasaia eta polita iruditu zitzaidan herria; tenplu eta jauregiak nonahi, benetan ikusgarria eta erlaxatzeko ezin aproposagoa. Galdetu ondoren esan zidaten dantza tradizionalak ikusteko aukera ugari zeudela, baina ospetsuena herriko jauregi handienean gauez aurkezten zutena zela.

Arratsaldean joan nintzen ea sartzeko aukerarik izango ote nuen galdetzera; emakumeak ikuskizunaren aurretik nola prestatzen ziren ikustea zen nire asmoa. Inolako oztoporik jarri gabe barruraino sartzen utzi zidaten eta hantxe aurkitu nuen lerroon gaineko argazkian ageri den emakumea, aurpegiko makillajeari azken ukituak ematen. Saiatu nintzen galdetzen ea zenbat denbora zeraman apaintzen, baina ez zidan ulertu. Zein ederrak goiko koroa, azaleko koloreak eta zeraman jantzi dotorea. Antzezlana ere ahaztezina.

 

Peru. Mantu beltz batekin eta koloretako gonekin jantzita dauden emakumeak; ehuntzen orduak igarotzen dituzten gizon atseginak. Denboran etenda dirudien antzinako komunitate batek osatzen du Taquile izeneko uhartea, Titikaka aintziran.

Puno hiriko portutik txalupa azkar batean heldu ginen hara. Bi mila biztanle inguru ditu herrixkak, kitxua jatorria dute eta guztiek berdin janzten diren komunitate-sistema sozial bati eutsi diote. Adibidez, ezkondutako gizonak ezkongabeetatik bereizten dituzte beren txanoetan dituzten borlen koloreekin.

Antolakuntza benetan harrigarria dute. Emakumeek artilez betetako poltsa astunak eramaten dituzte bizkarrean maldan gora, plaza nagusira iritsi arte. Bertan, gizonak beren ehuna besapean dutela berriketan egon ohi dira, emakumeak iruten hasten diren bitartean. Lana amaitu ondoren jantziak areto batean saltzen dira ehulearen izenarekin. Taquile eta bere artea munduko ondare izendatu zituen Unescok.

Herria eta inguruak oinez begiztatu ondoren, gaua bertako familia batekin pasatzea erabaki genuen. Uhartean ez dago argirik, ez gasik, ezta txorrotako urik ere. Kandelen argipean afaldu eta tamalez erdi gaixo oheratu ginen; ia lau mila metrora egoteak sortutako kalteak.

Hizkuntza oztopo, elkar ulertzen ez genuen arren, etxeko emakumeak ezin hobeto zaindu gintuen. Hunkigarria izan zen haien etxean egun pare bat igarotzea. Ezingo dut ahaztuko iritsi berri gineneko momentu hura: gu txalupatik irteten eta emakumeak ilaran portuan gure zain.

 

Palestina. Hebron Zisjordaniako hiririk jendetsuenetarikoa da. Berrehun mila palestinar inguru bizi dira bertan, beraien eguneroko bizimodua zortziehun judu kolonoekin partekatuz. Azken hauek hiriaren erdigunean bizi dira, alde zaharrean, ondorioz, giroa ez da sekula erosoa izan, liskar asko sortzen dira. Guk bisitatu genuenean ia hutsik zegoen; merkataritza gune gehienak, itxita, eta bizirik zirauten kale bakarrak, sare batez estalita, kolonoek palestinarrei botatzen dieten zaborraz babesteko. Alanbrez inguraturiko kaiola batean egon banintz bezala gogoratzen ditut egun haiek. Ez sinestekoa. Oinez gindoazen bitartean kolonoek balkoietatik «hau Israel da!» oihukatzen ziguten.

Alde zaharra zeharkatu ondoren, taldean, eskola txiki batera abiatu ginen, nola aritzen ziren ikustera. Jaialdi berezi batez gozatzeko aukera izan genuen bertan, ume guztiak patioan pozik pailazoen ikuskizunaz gozatzen. Festa giroa zen nagusi ikastetxean. Emanaldia amaitzean emakumezko irakasle batengana gerturatu nintzen egoerari buruz gehiago jakin nahian.

«Kolonoek ur edangarria iristeko ezinbestekoak ditugun hodiak mozten dizkigute. Elektrizitaterako edo oinarrizko beste zerbitzu batzuetarako sarbidea murrizten dute eta euren etxeetara bideratzen dituzte baliabideak. Batzuetan jasanezina egiten zaigun arren, gure eskubideen alde borrokatzen jarraituko dugu».

Ondoan eserita genituen bi umek berretsi zuten irakasleak esandakoa, buruarekin baietz esanez eta hatzekin kolonoek zituzten ur-bidoiak seinalatuz.