7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Tasa metatuak


Urtebete inguru badaramagu nahiko martxa narrasean, ezin asmatuz bihar zer eskubide izango dugun etxeko atetik aurrera irteteko, nora joan ahalko garen eguneroko ogia erostera, edo non elkartu lagunarekin berriketaldi bat egiteko. Argi samar ikusi baitugu, gainera, eskubideak zehazten eta mugak ezartzen dizkigutenak neurri horiek txuliatuz ibiltzen direla gero, arauak besteentzat ezartzen dituztelako dirudienez...

Hilabeteotako gai kronikoaren inguruko perla berri bat atzeman zitekeen duela hamabost-hogei egun: “Covid-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino...”. Esaldia irakurtzen amaitzerako ahazten zaizu zer zioen hasieran, baina beti dago alboan lagun errukiorren bat laburpena egiten dizuna, eta horrela jakin nuen kirol, ariketa fisiko eta antzekoetan aritzen direnen mugikortasunaz ari zela otsailaren erditsuko arau berriaren zehaztasun berritua. Eta federatuez esaten zuenak harrapatu zidan arreta.

Nonbait Eusko Jaurlaritzari iruditu zaio, “Koronabirusari aurre egiteko neurri zehatzak” lekuko, kirolean edo dena delakoan aritzen diren federatuek premia bereziak edo besteek ez bezalakoak dituztela noranahi joateko, euskal heren honen barruan. Alegia, federatu gabeek ez daukatela beharrik beste herri bateko mendira joateko, eta federatuek, aldiz, bai. Ez dakit zer alde egon litekeen federatuen eta federatu gabeen osasun-beharren artean.

Dena den, hipotesi modura bururatu zait beharbada delikatuagoa izan litekeela jende federatua, eta horregatik, haien osasun fisikoagatik ez ezik espiritualaren mesedetan baimendu zaiela beste herrialde bateko mendira joatea, Gipuzkoatik Bizkaikora edo Arabatik Txindokira. Gainontzekoon osasuna, mendizale izan arren inon federatuta ez gaudenon osasun fisiko eta mentala, halako pasiera gozo eta libertimenduen beharrik gabe ere ondo dabilela pentsatuko zuten erabaki hori zehaztu zutenek… Edo aditu iaioren batek esan die federatzeak babestu egiten duela izurriaren kutsatze arriskutik eta horregatik ibil daitezkeela hara eta hona... Ez dakit; misterioa da.

Egia da inozook ez dugula beti asmatzen gauza estrainioen ertzak bereizten, eta egia izango da gauza guztiek, neurri guztiek, dituztela beren arrazoiak eta esplikazioak. Baina gai honen inguruan arduradunek ematen duten esplikazio bakoitzarekin handitu egiten da kaka-tasa metatua, Angel.