MAR. 21 2021 ELIKAGAIAREN ATZEKO HISTORIA Bakailaoa: euskal kultura elikatu duen urruneko arraina Bakailaoaren arrantzak euskal kultura eta nortasuna zizelkatu ditu historian zehar. Arrain honen peskizan Ternuaraino joaten ziren euskal marinelak, eta mendeetan zehar Euskal Herriko sukaldeetan ezinbesteko elikagaia izateaz gain, lehen begi-kolpean harremanik ez duten hizkuntza, esklabotza edota Inkisizioa bezalako hari-muturrak batu ditu «gadus morhua» deiturikoak. Finean, bakailaoaren historia kontatzea euskaldunon historiaren parte bat kontatzea ere bada. Argazkia: Joaquín Solbes Uranga Jon Mikel Fernandez Elorz Espainiako RAEk dio bakailao hitzaren (bacalao hitzaren) jatorria euskalduna dela, eta euskal adiera bakeljauw hitz nederlandarretik eratorria dela. Zalantzarik gabe, tentagarria irudi dezake lehen bakailaoa nork arrantzatu zuen argitzea, eta are gehiago nork bataiatu zuen ondorioztatzea, baina hobe konkista kontuak konkistatzaileek argitzen badituzte. Izan ere, nahikoa gerra piztu izan da bakailaoaren aitzakian. XX. mendeari erreparatuta soilik, Erresuma Batuaren eta Islandiaren arteko hiru zenbatu ditzakegu. Nahikoa eta sobera. Argi dagoena, baina, zera da; bakailaoaren arrantzak gizateriaren historia baldintzatu duela batetik, eta euskaldunon kasuan bestetik, urruneko arrain honek gure sabelak eta kultura elikatu dituela mendeetan zehar. Gaur-gaurkoz, oraindik ere, atunarekin, legatzarekin eta antxoarekin batera bakailaoa da euskaldunok gehien kontsumitzen dugun arraina. Gaindegiak bildutako datuen arabera, urtero 4.400 tona bakailao kozinatzen dira Euskal Herriko etxe eta jatetxeetako sukaldeetan. Halere, bakailaoa arrantzatzen segitzen duten bi barku baizik ez dira gelditzen gurean: “Egunabar” itsasontzia eta “Arosa Nueve” deiturikoa. Pasaiako portuan daude biak eta jabe desberdinak dituzten arren, biak ere bakailaoaren arrantzak Euskal Herrian sufritu duen gainbeheraren lekuko isilak dira, bakailaoaren azken mohikanoak nolabait esatearren. Juan Carlos Arbex marrazkilariaren «Descarga y manipulación de bacalao junto a las cabañas de la playa de San Sebastián» margolana. XVI. mendean zehar bakailaoaren arrantzak eta merkaturatzeak berebiziko garrantzia izan zuen Donostian. (Iturria: Euskal Itsas Museoa) Sorginak eta bakailaoa. Urrun dira euskaldunak munduko bakailao hornitzaile nagusienetakoak izan ziren garaiak, kasik Ternua bezain urrun. Zehazki, XVI. mendera jo behar dugu bakailaoaren euskal epopeia kontatzeari ekin nahi baldin badiogu. Hipotesi zenbaitek diotenez, baleen xerka iritsi ziren lehen euskaldunak Ternuaraino. Esan gabe doa ez zirela izan euskaldunak Ternuako Banku Handiak deskubritu zituzten lehen europarrak, baina han aurkitutako arrain aberastasuna ustiatzen zinez trebeak izan zirela ukaezina da. Jarduera horren lehen aztarna idatzietako bat 1520koa da: urte horretan Ternuatik zetorren “Catherine d'Urthubie” itsasontzi lapurtarrak 4.500 bakailao-pieza eta 12 bale-olio bete upel lehorreratu zituen Bordeleko portuan. Ordurako lapurtarrekin batera gipuzkoarrak eta bizkaitarrak ere Ternua aldean zebiltzan arrantzan. Ternuako Banku Handiak deskubritu zirenean, arrain sardak hain ziren handiak «bakailaoen gainean oinez ibiltzen ahal zinela», edo hori diote garaiko kronikek behintzat. Agerikoa denez, itsasoak eskaintzen duen aberastasuna ez dela mugagabea ohartzeko mendeak behar izan zituen gizakiak. Eta jakina, giza aberastasunak beti du ordainean giza kaltea. Denboran aurrera eginda, esanguratsuak dira 1668tik 1792ra arte Donibane Lohizuneko, Ziburuko eta Urruñako elizetan marinelen alde egindako hileta elizkizunak: 3.500 orotara, hau da, urtean batez beste 30 bat marinel zendu zela aipatu hiru herrietan. Alabaina, itsasoko lan baldintza gogorren ondorio zuzena baino gehiago, heriotza kopuru ikaragarri hori garaiko gerlei egotzi behar zaie neurri handi batean. Marinelak eta hauen itsasontziak unean uneko erregeen eta enparauen eskura zeuden baliabide merkea ziren. Gerra denboran, beraz, arrantzarik ez, eta arrantzarik ezean, ahoratzeko mokadurik ere ez. Lehorrean gainera, egoera ez zen xamurragoa. Euskal Herrian, eta Lapurdi aldean bereziki, mende eskas lehenago inkisizioak eragindako zauriak itxi gabe segitzen zuen oraindik. Hain zuzen, Inkisizioa izan zen bakailaoa eta “sorginak” zaku berean sartu zituena. Hein handi batean bederen, Pierre de Lancre inkisidore frantses ezagunari dagokio nahaste-borraste hori egitearen ardura. Burutazio sinple batean oinarritu zen De Lancre erlijio-gizona: marinelek hilabete asko igarotzen zituztenez itsasoan, lehorrean ziren emakumeek “askatasun gehiegi” zuten. Jakina denez, emakumeen kasuan gehiegizko askatasunak sorginkeria dakar halabeharrez... Horregatik, urte luzez Ternuako marinelen amak, amatxiak, alabak, emazteak eta arrebak Inkisizioaren jopuntu nagusi izan ziren. Bakailaoaren aitzakian emakumeekin tematu zen beste bat Lope Martinez Isasi izan zen. Honatx bere aipu bat: «Deabruarekin duten itunari esker, sorginek itsasoan nahiz munduaren beste puntan gertatzen denaren berri dute (…) finean, Ternuan, Norvegian edota Amerika aldean dauden euren senarren berri ukaiteko bihurtzen dira sorginak». Antza denez, inkisidoreen ikuspegitik gizona zen emakumeen bizitzaren ardatz bakarra, baita sorgin bihurtzerako garaian ere. Bernard Robert, «Pêches de Mer, Pêche de la Morue». (Iturria: Baionako Euskal Museoa) Gatza, kristautasuna eta «West India». Hain justu, intentziorik gabe eta zeharka bada ere, erlijio kristauak bakailao kontsumoaren gorakada ahalbidetu zuen Europa aldean. Garizuman haragia jatea debekaturik zegoen, eta noski, herritar xumeek alternatibak behar zituzten tripa-zorriak akabatzeko. Hain zuzen, bekatu mortala ekiditeko arraina zuten eskura herritarrek, bakailaoa barne. Itsusia izanagatik ere, Elizak ez zion deabru tankerarik hartu gadus morhua delakoari eta egia esan... Jaungoikoari eskerrak! Halere, arrazoi zerutarrez gain, bakailaoaren kontsumoa Euskal Herrian eta baita Europa osoan ere nagusitu bazen, gatz preziatuari esker izan zen. Hozkailurik gabeko garaiak izaki, bakailao gazitu eta idorrak denbora luzaz iraun zezakeen usteldu gabe. Ternua aldean gazitu, Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta euskal portuetara iritsi ostean, barnealdera garraiatzen zen urrutiko arraina. Hauxe izan zen bakailaoa beste arrainengandik berezitu zuena: berdin-berdin kontsumi zitekeen Mutrikun edo Tuteran, Ziburun edo Iruñean, Portugalen nahiz Italian, Ingalaterran edota Grezian. Argi dago ez dela bere borondatez eskuratu duen marka, baina ziurrenik bakailaoa da uretatik kanpo munduari bira gehien eman izan dizkion arraina. Are gehiago, bakailaoak Karibera ere bidaiatu zuen, besteak beste, esklabotza-sistema elikatu zuen elikagaia izan baitzen. XVII. mendean Europako potentzia kolonialistak Antilletan ekoitzitako azukreari esker aberasteari ekin zioten. Egiari zor, azukreari esker baino, Karibeko uharteetara eramandako esklabo afrikarrei esker aberastu ziren europarrak eta, jakina, esklaboek gatza eta proteinak behar zituzten sargoriari eta hamasei orduko lanaldiari eusteko. Ikuspegi kapitalista batetik ideia borobila izan zuten orduko jauntxoek: bere kalitate txarragatik Europan saldu ezin zuten bakailaoa Karibe partera garraiatu zuten esklaboak elikatzeko. Kalitaterik txarreneko bakailao gazituari “West India” bakailaoa deitzen zitzaion. Kontxako kiratsa. Euskal Herrira itzulita, XVII. eta XVIII. mendeetan arrantzak (balearenak eta bakailaoarenak) gurean zuen pisuaren erakusgarri da Piarres Etxeberrik 1677an argitaratutako “Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa” lan mardula. Argitalpen esanguratsua da oso, testu hau izan zelako euskaraz argitaratutako lehen liburu ez-erlijiosoa. Zehazki, 100 urte lehenago Martin Oihartzabal ziburutarrak frantsesez argitaratutako beste liburu baten euskarazko itzulpena da Etxeberrirena, nahiz eta azken honek atal berri batzuk gaineratu zizkion. Nola ez, liburuan Ternua ere aipatzen du Piarres Etxeberrik, garai hartan, oro har itsas jarduerek, eta zehazki bakailaoaren nahiz balearen arrantzak, zuten garrantziaren isla. Edozein gisaz, XVII. mendean zehar nolabaiteko bidegurutze batean sartuko zen euskal arrantza jarduera: gipuzkoarrak nahiz bizkaitarrak balearen arrantzan berezituko ziren bitartean, lapurtarrak bakailao arrantzan murgilduko ziren bete-betean, nahiz eta hauek ere balea arrantzatzen segitu. Ez da komeni, ordea, okerreko ideiarik ondorioztatzea: arrantzaren dibertsifikazio honek ez baitzuen bakailaoaren garrantzia gutxituko Hego Euskal Herrian. Kontua da berau arrantzatu beharrean, garai horretatik aurrera bereziki inportatu egingo zela bakailaoa Hego Euskal Herrira. Horren haritik, Donostia lehenik eta Bilbo gero, bakailaoaren inportazio gune nagusi bilakatuko ziren. XVI. mende hondarrean, adibidez, Donostiako Kontxako Badiari bakailao kiratsa zerion. Garai horretan, oraindik ere, asko ziren bakailaoaren peskizan Ternua aldera abiatzen ziren itsasontzi gipuzkoar nahiz bizkaitarrak. Barkuetako eskifaia gizonek osatzen zuten, baina lehorrean emakumeen lana ezinbestekoa zen. Hein handi batean haien bizkar zegoen bakailaoaren zamaketa lana, garbiketa eta komertzializazioa. XVI. mende amaierako Kontxako badian ez zen turistarik, izozkirik, ez eta Espainiako erreginen palaziorik ere. Horren ordez, idortutako arrainari darion usainak perfumaturik, badiako hareatzak bakailaoa gordetzeko txabolez josiak zeuden, eta txabola hauen jabeak emakumeak ziren batik bat; Ochoa de Goyena, Catalina de Garagarza, Maria Perez de Arizmendi... Horrekin batera, emakume hauetako batzuk armadore funtzioa ere bete zuten Ternuara bidaiak finantzatzerako garaian. Tomasa de Azcarate donostiarrak adibidez, Ojer Ybarrun kapitain lapurtarra buru zuen “Catalina de Bayona” arrantza-ontzia finantzatu zuen 1595ean. Paradoxikoki, XVII. mendetik aurrera emakumeen pisua nabarmen murriztu zen arrantza sektorean eta horrek eragin zuzena izan zuen emakumeak aurrerantzean izango zuen posizio sozialean. Anartean, ur-azpian, Norvegiako edota Islandiako itsasoetan nahiz Kanadako Labrador itsasoan, bakailaoak ahoa zabal-zabalik zuela parean jartzen zitzaion oro irensten segitu zuen. Lehorrean, berriz, hiruzpalau mendetan mundua hankaz gora jarriko zuen plana zirriborratzeari ekin zion gizakiak. Jakina, bakailaoa ez zen horretaz guztiaz ohartzen, berari bost, nahiz eta berak ere sufrituko zuen gainera zetorkiona. Menturaz, arrain honek hitz egiterik balu, itolarrian amutik zintzilik zelarik entzun zituen hizkuntza guztien zerrenda osatuko luke... eta zerrenda horri esker gizateriaren historia hobeto ulertuko genuke. Baina bakailaoa arrain bat besterik ez da. Zehazki, omniboroa edo orojalea den arraina da, sakonera txikiko ur hotzetan bizi dena eta adituek diotenez espezie bereko kide txikiagoak jateko gai ere badena. Alegia, parean jartzen zaion kasik guztia jaten duela. Azken ezaugarri horri dagokionez behintzat, ezin uka gizakiok bakailaoaren antz handia dugunik. Arrantzale galiziarrak Saint Pierreko portuan, itsasontzian pilatutako izotza kentzeko lanetan. Zortzigarren euskal probintzia. Lehorrean, beraz, munduko potentzia nagusiek pastela nola banatu erabakitzeari ekin zioten XVIII. mende hastapenean. Hain zuzen, Aro Garaikidean nagusituko ziren herrialde inperialistak definitu ziren sasoi hartan eta, jakina, arrantza banku nagusien gaineko kontrola ere eztabaidagai izan zuten. Laburbilduz, Erresuma Batuak bere nagusitasuna finkatu zuela esan daiteke, eta horren isla da 1713ko Utrechteko Ituna, aurrerantzean euskal arrantzaren etorkizuna baldintzatu zuen akordioa, hain zuzen. Bake itun horren ondorioz, besteak beste, Frantziak Ingalaterrari Akadia, Ternua eta Hudson badiako lurralde eta itsasaldeak eman zizkion. Ondorioz, leku haietako arrantza guneak galdu zituzten Euskal Herriko arrantzaleek. Neurriak ez zuen horrenbesteko eraginik izan Bizkaian eta Gipuzkoan, ordurako Ternua aldeko arrantzak pisu eskasa baitzuen aipatu bi lurraldeetan. Horren erakusgarri da 1728an jaiotako Caracasko Gipuzkoar Konpainia merkataritza konpainiaren garaiko lema: “del bacalao al cacao”. Lapurdiko kasuan, ordea, geopolitikaren azken jukutriak ondorio nabarmenak izan zituen. Bakailaoa arrantzatzeko oztopo horren aurrean, arrantzale lapurtarrek beren jarduna sardinaren arrantzara eta transformaziora zuzendu behar izan zuten eta ez pentsa gogo onez egin zutenik. Garaiko kronikek diotenez, Donibane Lohizuneko arrantzaleentzat deitoragarria zen sardina bezalako arrain txikiaren bila atera beharra. Edonola ere, Utrechteko Itunak ez zuen lapurtarren bakailao sena baretu eta nola hala bada ere, arrain honen arrantzak aurrera segitu zuen. Gainera, agidanez geopolitikak beti du zirrikituren bat, eta urte batzuk geroago Frantziak Ternuako Saint Pierre et Miquelon uhartea bereganatu zuen. Hain justu, uharte txiki horrek urrutiko euskal arrantzaren bihotza sinbolizatzen du; etxetik milaka kilometrotara eta lan baldintzarik gogorrenetan ziren euskaldun askoren bigarren etxea izan zen urte luzaz, herrimina baretzeko goxotasun dosia. Askok Euskal Herriko zortzigarren probintzia gisa ere definitu zuten. Gaur-gaurkoz, Normandiako eta Bretainiako banderekin batera, Saint Pierre et Miquelon uhartediko armarrian ikurrina ikus daiteke. Lapurdiko bakailao arrantzaren indarra eta gainbehera ulertzeko, baina, XVII. mendetik XX. mendera arte bakailao arrantzan inbertitu zuten Baionako familia burgesen historia ezagutzea komeni da. Noski, denak zerrendatzea luze joko luke. Halere, bada haien artean bereziki nabarmendu zen abizen bat: Legasse. Jatorriz Basusarrikoak, Legassetarrek XVII. mendean ekin zioten Ternuako negozioari eta XX. mendera arte eutsi zioten. 1890. urtean hain justu, Armand, Louis eta Martin anaiek La Morue Française enpresa ezaguna sortu zuten, garaian Frantzia osoko bakailao enpresarik garrantzitsuenetakoa. Legasse sendiaren azken itsasontzia 1945ean erre zen Marseillan eta “Zazpiak Bat” deitzen zen. Aurreko guztia gutxi ez eta Legassetar batek bultzatuta sortu zen Pasaiako Pysbe, euskal bakailao arrantzaren azken loraldia sinbolizatzen duen enpresa. Pysbe enpresaren itxierak bakailao industriaren gainbeherari hasiera eman bazion ere, jarduera ekonomiko honek segida izan zuen XXI. mende hasiera arte. Lerroon gaineko irudian, hainbat emakume bakailaoa manipulatzen Pasaiako lantegi batean 1998an (Iturria: Euskal Itsas Museoa). Azken loraldia: Pasaiako Pysbe. «Gure garaian, Pasai Donibanetik Errenteria aldera zihoan autobusa hartu eta Pysbetik atera berri ziren langileekin joatea egokitzen bazitzaizun, bakailao kiratsa jasangaitza zen!». Mari Juli Peña Trecet sanjuandarraren hitzak dira. 14 urte zituelarik hasi zen Pysben lanean. Zehazki, 1966tik 1973ra arte aritu zen zeregin desberdinetan Pysbeko behargin gisa, ezkondu zen arte. Garai horretan Pasai San Pedro eta Pasai Donibane lotzen zituen motora Trintxerpeko bizilagunez gainezka iristen zen goizero eta eskualdeko autobusak ere jendez lepo ailegatzen ziren bakailao enpresa pasaitarraren atariraino. Pysbe (Pesquerías y Secaderos de Bacalao de España SA) 1926an sortu zen Pasaian. Dudarik gabe, arrantza munduko Euskal Herriko enpresa garrantzitsuena izan zen, eta bakailaoaren arrantzan eta komertzializazioan berezitu zen. Aditu askoren ustez, arrantza industrial eta kapitalistaren mugarri izan zen. Hauek dira bere lehen zortzi itsasontzien izenak: “Hispania”, “Euskal - Erria”, “Galerna”, “Vendaval”, “Tramontana”, “Mistral”, “Ábrego” eta “Cierzo”. Halere, Pysbek eta bere ontzidiak mende erdi baizik ez zuten iraun; 1974an desagertu zen enpresa eta berarekin batera baita bakailaoaren arrantzak Euskal Herrian izan zuen azken loraldia ere. Arrazoi bat baino gehiago zerrendatu daiteke Pysbe-ren desagertzea azaltzeko, baina bi dira nagusienak. Batetik, XX. mendean Nazioarteko Itsas Legedia aldatu eta estatuek beren kostaldetik 200 mila arteko itsas eremua kudeatzeko eskumena lortu zuten. Aldaketa horrek joko-zelaia goitik behera irauli zuen. Bestetik, denbora luzaz ez ikusiarena egin eta gero, azkenean alarma gorri guztiak piztu ziren; Erdi Arotik munduko populazioaren parte handi bat elikatu zuen arraina desagertzen ari zen. Bakailaoaren arrantza hain izan zen intentsiboa XX. mendean zehar, Ternuako Banku Handiak kasik hustu egin zirela. Halabeharrez, 1992an Kanadak bakailao arrantza debekatzen zuen moratoria ezarri zuen. Ez zitzaion horretarako eskubiderik falta, Ternuako Banku Handiak bere 200 milien barruan baitaude. 50 urte horien joan-etorriak Pasaiako badian utzitako aztarna ez zen berehalakoan desagertu. Bost hamarkada horietan makina bat marinel (galiziarrak eta euskaldunak, batez ere) aritu zen Pysberen eta beste hainbat enpresen itsasontzietan lanean. Garai oparoak izan ziren. Bai, behintzat, gutxi batzuentzat. Pentsa, Euskal Herri osoan per capita errenta baxuenetakoa zuen eskualdea “Dolarraren Hiria” ezizenarekin bataiatu zuten garai hartan: bakailaoaren mirariak. Pysbe enpresarena da ere euskal sukaldaritzak sekula izan duen bakailao errezeta libururik oparoena. “Recetas de bacalao Pysbe” izenburupean Donostian argitaratua 1936an, guztira bakailaoa kozinatzeko 212 errezeta proposatzen ditu liburuak. Produktua promozionatzeko errezeta liburua zen heinean, hitzaurrea Gregorio Marañon mediku espainiar ezagunak idatzi zuen. Hona hemen Marañonen hitzaurretik hautatutako pasarte bat: «Berez, bakailaoa elikagai zinez osasungarria da. Bere ezaugarri terapeutikoek pobreen elikagai bihurtu duten arren, batez ere komenigarria da intelektualentzat eta lan gehiegi egiten dutenentzat». Bakailaoak euskal sukaldaritzan izan duen garrantziaz aritzeko, eta batez ere, gastronomikoki izan duen garapenaz mintzatzeko Bilbora jo behar da nahitaez. XVIII. mendean hasi eta XX. mendera arte, Bilboko portua izan zen Euskal Herriko bakailao inportazio gune nagusia. Bizkaiko hiriburutik sartzen zen bakailaoa Arabara, Nafarroara edota Gaztelara. Deskargak Olabeagako moilan egiten zirenez eta bakailaoaren parte handi bat Norvegiatik zetorrenez, gaur egun oraindik ere “Noruega” bezala ezagutzen dute bilbotarrek San Mames azpiko auzo umila. 1936an argitaratu zen «Recetas de bacalao Pysbe» liburuko zenbait errezeta. Bakailaoaren azken katebegia. Hain zuzen, hizkuntzak eman diezazkiguke euskaldunon eta Ternuaren arteko harremanaren gaineko aztarna ugari. Ildo horretan, Baionako Euskal Museoak badu Ternuara joaten ziren euskal arrantzale askoren zorigaitza islatzen duen bertso-sorta zinez adierazgarria. Egiletza ezezagunekoak gehienak, jakin badakigu bertso horietako asko XIX. mende hasieran idatzi zirela. Bertso-sorta horietako batek “Partiada tristea, Ternuara” du izena eta hauxe dio: «Mariñela partitu da / Seculacotz beharbada / haiñitz dohaz Seculacotz / hill berria ethortcecotz». Zaila da euskal arrantzaleen historia kontatzea, sarri beste hizkuntza eta herri batzuen ahotik kontatua izan baitzaigu. Zorionez, euskara ez da desagertu eta euskaraz eta euskaratik begira diezaiokegu iraganari. Ternuako jatorrizko herri askoren patua, ordea, oso bestelako izan da. Kasu honetan ere zerrenda amaigabea da. Jatorrizko herri horietako bat zen, adibidez, Beothuk herria. Historialariek bildutako datuen arabera, 1497. urte aldera 1.000 eta 5.000 kide artean ziren arren, XVII. menderako 400 baizik ez ziren. 1829an hil zen Beothuk herria osatzen zuen Shanawdithit tribuko azken kidea. Nola kontatuko ote lukete beothuktarrek bakailaoaren historia? Nola deitzen zioten bakailaoari euren hizkuntzan? Zer-nolako hartu-emana izan zuten euskaldunekin? Zorionez, badira bizirik eutsi dioten jatorrizko herriak, hara nola, Kanada, Quebec eta AEBetako iparraldean bizi diren Mi'kmaq nazioko indigenak. Historikoki harreman estua izan dute euskaldunekin. Elkarlanean aritu izan ziren euskal marinel, arrantzale eta merkatariekin. Are gehiago, elkar ulertzeko euskara-agonkinera pidgin hizkuntza erabiltzen zuten. Hain justu, XIX. mendean Agramonteko Dukeak mi'kmaq buruzagi indigena bat eta bere familia gonbidatu zituen Biarritzeko bere jauregira. Ezohiko bisita izan zen. Mi'kmaqtarrek uda osoa igaro omen zuten agramondarrarekin. Dukearen luxuzko saloian eserita zirelarik mi'kmaq buruzagiak dukeari kontatu zizkionak ezagutu izan bagenitu, akaso bakailao arrantzaren euskal historiaren katebegi galdua ezagutuko genukeen. ITURRIAK: - “Altxa Mutilak” aldizkaria, 4. zenbakia. - “Altxa Mutilak” aldizkaria, 9. eta 10. zenbakiak (2008). - “Hombres de Terranova. La Pesca del bacalao 1926-2004”, Rosa Garcia-Orellan eta Joseba Beobide Arburua (2005). - “Pêche à la morue et de la chasse à la baleine”, Francis Brumont (2019). - “Un poisson à la conquête du monde ou la fabuleuse histoire de la morue”, Marc Kurlansky (1997). - “Los vascos y la pesca del bacalao”, Jose Maria Unsain eta Peio Urrutia ( 2018). - “Itsas memoria. Bacalao: vasco, femenino, plural. La participación de las mujeres en las pesquerías de gran altura”, Peio Urrutia (2016).