Poesia egunak
Ez nekien gaur Poesiaren Eguna zenik. Han eta hemen inspirazio bila nenbilen, martxoaren 21ean argitaratzeko moduko zerbait idazteko ahaleginean. Batzuetan gaien bila ibiltzeak ikara sortzen dit, ez ote diodan behin eta berriz iritzi berari angelua aldatzen… Horregatik erabaki dut, behingoagatik, bilatzailean data sartu eta datak gaia jar ziezadan. Ezusteko ederra hartu dut: esan bezala, Poesiaren Eguna omen da gaur.
Oso umetatik gogoratzen dut poesiarekiko jakin-mina. Ez dakit garai hartako irakurketa-alferkeriarengatik izan litekeen; letra gutxiago izaten dute poesia liburuek, arnas gehiago hitzetik-hitzera, maketazio askeagoa, pisua ere arinagoa… Zergatik interesgarri itxura ematen saiatu…? Baliteke arrazoia hori bera izatea, alferkeria hutsa.
Musikazaletasunak ere izango du zerikusia beharbada. Abestien bitartez jaso nituen nire lehen literatura puskak eta asko, olerkietan oinarritutakoak ziren. Istorio solteek, amaitu gabeko esaldiek, hitz-joko jolastiek, errima zabal zein estuek eta hitz gutxitan lehergaia sortzen duten testuek beti altxarazi dizkidate bekainak.
Buruan ditudan umetako testu liluragarrienak ez nituen ulertu. Oihartzun egin zidaten testu haiek, zerbait lekuz aldatu zuten nire baitan, aldartea aldatu zidaten akaso… Baina ez nituen ulertu, ez guztiz behintzat. Dena erabat, ongi eta zehatz ulertu beharrik ez dagoela ulertzen lagundu dit poesiak, besteak beste. Besteak beste, norbera norbera dela eta ez daudela hitz sorta berarekiko bi oihartzun berdin eta partikularidade unibertsal horiek batzen gaituztela, aldi berean.
Ez dut gogoan, eskola garaian, poesia maite zuen beste kiderik. Izango ziren seguru asko, baina poesiazalearena ez zen jaso zitekeen etiketarik onena, beraz, ezkutaketan ariko ginen batzu-batzuk, elkarrengandik. Ez dut buruan poesia libururik irakurrarazi izana ere, uste dut irakurri ditudan poesia liburu guztiak nik aukeratuta irakurri ditudala. Kostatzen zait arrazoia ulertzea… Dozena bat ipuin edo eleberri irakurrarazi zizkiguten espazioan nola ez zen zerrendan poesiazkorik egon… Laburtzen zailagoak ziren agian? Irakurri izana frogatzeko konplexuegiak? Egongo zen nekez partekatuko dudan arrazoiren bat.
Barne mundua arakatzeko bide zuzena da poesiarena, arte jarduera gehienen antzera. Idazteko eta irakurtzeko ezagutzen dudan modurik askatzaileenetarikoa. Nigan ulertzen ez nituen zenbait gauza ulertu ditut poema bihurtu ostean edo bihurtzen nenbilen bitartean. Poeten testuak irakurtzean ere askatu zaizkit korapilo ustez estuegi batzuk, ia ohartu ere egin gabe. Presenteago nahi nuke poesia nire bizitzan, bilatu gabe ere. Beharbada orain eskola garaian zaleak ez dira gorde-gordeka ibiliko eta ni poztu egingo naiz. Jolaserako eta hitz-jokorako bakarrik ez, tresna politiko eta eraldatzaile gisa hartua izan dadin.
Irakasleei nekeak gainezka egin die azken garaietan eta ez da harritzekoa. Eupada bat haiei. Keinua, beraz, zer eta zenbat irakatsi aukeratzen duten horiei: apur bat poesia gehiago mesedez. Barne munduari espazio gehixeago kanpoan, ebatzi gabeko ekuazio gehiago. Gure baitako Xak isolatzeko balio du poesiak eta zorionez, formula berak jende gehiagorentzat balio lezake.