MAY. 16 2021 IRITZIA Normalean Jokin Urain Bada gaztelerazko esaera, mahastia beldurrak zaintzen duela dioena. Euskaraz ere berdin balioko du beldurrak zaindari izateko, eta mahastian edo baratzean hura irudikatzeko txorimaloak ipini ohi dira. Edo ipini ohi ziren. Baina mahasti edo baratzearen jabea ohartzen da mugitu gabe, mehatxu keinu eta zirkinik egin gabe, beti leku berean dagoen txorimaloari denborarekin antzeman egiten zaiola eta beldurgarritasuna galtzen duela. Horregatik komeni izaten da txorimaloari apaingarriak berritzea, gaur kapela jarri, bihar haizeak astinduko dion zapi zati zuri edo koloretsua ipini, etzi erratza lotu zutik edo CDak zintzilik. Beldurgarri edo are izugarri izaten jarraitzen ez badu, inguruarekin mimetizatu edo normalizatzen joango da eta ezin izango du bere funtzioa bete. Mahastia bezain zaindu beharrekoa da gaur normaltasuna, normaltasun hori behin-behineko egoera anormala denean ere. Aspaldi handian gauzkate bata bestearen beldurrez, denok txorimalo bihurtu eta batak bestea izutuz eta ingurukoengandik babestuz bizitzera behartuz. Beldurra eta izua normalizatu ahala ezarri dizkigute neurri berriak, nonahi txorimalo ikusgarriagoak, izugarriagoak. Eta beldur eta neurri berriak normalizatzen joan dira eta berriro ezarri dituzte neurri berriagoak, egoera berriz ere normalizatu arte, zozoen labirintoa dirudien nahasmen honetan. Txorimaloek zaindutako mahastien ezpondetan joan-etorri ibiltzera kondenatu gaituzte ohartzerako, eta hemen gabiltza, behin-behinekoa dela pentsatuz, bihar ez bada etzi atzera lehengora itzuli nahian, egoera anormal honen normalizazio eske, denborak aurrera egitean egoera lehengoratzea bezalako absurdoekin. Normaltzat ez dugun guztia normalizatu dezake denborak, lehen epemugan ez bada bigarrenean; dena normal bilakatzeko joera du egunen eta hilabeteen joanak, eta denborari atzera eragitea bezain ezinezkoa da batzuetan normalizazioa –edo nahi duzun moduan dei dezakezun zera hori– ekiditea. Normal-normala balitz bezala entzuten dugu urte erdira iritsi baino lehen hogei langile hil direla lan istripuetan Euskal Herrian; normala balitz bezala izurrite garaian langabezian geratu direla ehunka langile eta aldi berean ia berrehun milioiko irabaziak izan dituela hemengoa omen den bankuak. Normalean anormaltzat jo behar genituzkeen gauza eta gertaerak normaltasunaren osagarritzat hartzera iritsi garela dirudi, Iñigo. Implantar las nuevas medidas a medida que el miedo y el pánico se normalicen... Y los miedos y las nuevas medidas se han ido normalizando y han vuelto a implementar medidas más nuevas hasta que la situación se normalice de nuevo, en esta confusión que es el laberinto de mirlos.