7K - zazpika astekaria
IRUDITAN

Eskuak

Argazkiak: Ander Gillenea | AFP

Handiak, zabalak, sendoak, indartsuak eta antzeko adjektibodunak dira harri jasotzearekin lotutako gorpuzkerak, edo, hobe esanda, eskukerak. Gizonezkoenak. Animalia basatienak kasik. Indarrez batutako erakustaldiak. Apustuak. Pozak. Galerak. Eta plazatik at geratzen den unibertso sinboliko bat. Lagunarteko otordu oparoak, haragia, baserria, lana, gogortasuna.

Harri baten inguruan sortutako kirol lehia izaki, garaikidetasunera ere iritsi da mundu itxi batetik zabalerainoko bidea eginez. Mari Jose Sardonek eman zituen bide horretan pausuetako batzuk. Urnietarrak hainbat marka hautsi ditu harri jasotzaile ibilbidean eta Guinness errekorrak ere baditu palmaresean.

Eta eskolak, gazteen eskolak ere baditu hainbat praktikatzaile. Goiko irudian ageri den neskatoa, adibide. Udane Ostolaza. 15 urte. Harria nolanahi erabiltzeko gaitasuna erakutsi du. Hastapenetan da, baina badoa harriari bere ertzak leuntzen. 7 urte zituenetik ditu jarriak esku ahurrak harritzarraren kontra. Bere errekorra 85 kiloko harrian dago jada.

Saralegi, Goenatxo, Perurena, Irigoien... eta Idoia Etxeberria bera, Euskal Herriko hainbat txapel jantzi ondoren, 164,4 kiloko harria bizkarreratzean duena marka nagusia. Erronka handiak oraindik gazte den Ostolazarentzat. Baina, abizenak abizen, eskukera berriek harriak laztantzen jarraitzen dute...