7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Jainkoen matraka


Txertoa jasotzeko adinean gaudenok erlijioa presente izan genuen hezkuntzan. Nik ez nuen abadeen artean ikasi. Hezkuntza euskaraz jasotzeko aukera hain murritza zen garaian, gurasoek ikastolaren alde egin zuten, eta eskerrak. Aukera bakarra genuen hura oroitzapen ederrez betea dago. Ez genuen ikasgelan tipo gazte eta biluzia eskegita zeukan gurutzerik ikusi behar horman, ez genuen jainkorik gurtu behar –Iribar atezaina salbu, jakina–, eta ez genuen goizero otoitz egiteko agindurik. Gure adin bereko ikastolakideek, aldameneko klasekoek, beste irakasle batzuk eduki zituzten eta haiek bai, goizero-goizero otoitz egitera behartzen zituzten ume bekatariak. Teorian laikoa zenak arau oso ezberdinak zeuzkan, gaurko gure herriak bezalaxe. Esan dut ez nuela abadeen artean ikasi, baina bazen abade bat ikastolan. Benetan jatorra, gainera. Irakasle asko baino aurrerakoiagoa, ezin alaiagoa. Askok Etika aukeratu beharrean Erlijioa aukeratzen zuten gizon ahaztezin harekin ordu batzuk emateko. Etxean ez genituen aititen rola beteko zuen hark. Gaur egun, ordea, nahiago genuke halakoekin tabernan edo herriko plazan elkartu, sekula ez elizan. Justiziaren alde egiten zuen beti, berdintasunagatik, ustez erlijioek berezkoa beharko luketen oinarria. Baina ikusi besterik ez dago, historikoki, eta baita gaur egun ere zenbat gerraren atzean dauden ideologia erlijiosoak.

Jainkoak oraindik ere ukiezinak dira, existitzen ez direlako, nola ez. Baina metaforikoki ere ukiezinak dira, gero eta babestuago, gero eta subentzionatuago daudelako, patriarkalki, ekonomikoki, politikoki eta polizialki. Berdintasun lege baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek erlijio ezberdinetako gurtze lekuak bermatu behar dituzte. Gezurra badirudi ere, lege horren helburu nagusietakoak dira elkarbizitza eta aniztasuna. Ez dezagun ahaztu erlijioarekin, kristauarekin bereziki, zer nolako babes juridiko eta poliziala dagoen; artelanekin, esaterako, edota manifetan alu erraldoia erakusteagatik zigorrak ezarri nahi dira oraindik. Laikotasuna saltzen badigute ere, gure gizarte moldearen pilare handietako da erlijioa. Gobernuarentzat ezinbestekoa da haien tenpluak babestea. Aniztasunaren izenean, zerrenda ofizialei kutsu exotikoa emateko, hinduistak eta budistak sartzen dizkigute. Baina jakin badakigu Eliza katolikoa babestea dela helburu nagusia, jaungoikoarren!

Lege guztiek bezala, honek ere badu bere zirrikitua. Izan ere, pastafarismoak ere espazioa izateko eskubide osoa du. Zer esanik ez, Mikel Laboa jainkoa dela pentsatzen dugunok, ardoa erlijiotzat dugunok edota poesia otoitz egiteko gure modu bakarra dela uste dugunok: non ditugu udalek bermatutako gure erritualetarako espazio horiek, bada? Guri ere zor zaigu errespetua. Eskerrak berdintasunaren lege hau argitu zuen jainkoak. Hari esker gure udalerriak txoko edo soziedade askeez beteko dira, kale kantoi guztietan gurtzerako eszenatoki txikiekin, liburuak irakurtzeko tokiak nonahi, eta gure iturriek ura beharrean ardoa emango dute nahi adina. Azkenean bai, jainkoen legeek babestuko gaituzte. Hala izan bedi.