JUL. 25 2021 IRITZIA Mr B Amaia Uribe Times Square entzutetsuko Starbucksaren atarian ezagutu nuen Mr B. Izozteko moduko goiz hotz bat zen. Lurrean eserita zegoen eskuak bata bestearen kontra igurzten zituen bitartean. Gogoan dut kamiseta termikoa, jertse lodia, beroki bi, txapela eta eskularruak neramatzala, eta, aurrean neukan gizon argalak, aldiz, txaketa bakero ziztrin bat baino ez. Hotza zeukala eta mesedez gosaria erosteko eskatu zidan. «Zer nahi duzu?», galdetu nion eta ez zuen zalantzarik izan: «A bacon, cheddar and egg sandwich and a hot black coffee, please». Eskatu bezala, hirugihar, gazta eta arrautza ogitartekoa eta kafea erosi nizkion. Eta ur botila bat, platano bat eta ahabia muffin bat ere bai. Lau aldiz eman zizkidan eskerrak, eta telebistako zuzenekoak egitera joan nintzen. Handik pare bat astera, toki berean aurkitu nuen. Eta oraingo honetan, ez zidan esan behar izan zer nahi zuen. «Tori, hirugihar, gazta eta arrautza ogitartekoa eta kafea». Kartoizko edalontzitik trago txikiak hartzen zituen bitartean, nola deitzen zen eta nongoa zen galdetu nion. «Mr B deitzen didate, eta Oklahomakoa naiz». Kontatu zidan bere ametsa betetzera etorri zela New Yorkera. Lanpostu ona zeukala baina bizitza aldrebestu egin zitzaiola. Drogen munduan sartu zela, dena galdu zuela eta ordutik kalean bizi dela. Gerora, pandemia etorri zen. Hasierako asteetan zuzenekoak egitera joan nintzen Times Squarera, baina Starbucksa itxita zegoen eta Mr B-ren tokia hutsik. «Kutsatu egingo ote zen? Bizirik egongo ote da?». Galdera asko neuzkan, baina erantzunik ez. Hiruzpalau hilabetera egin nuen topo berriro berarekin. Itxura ona zeukan. «Elegante zaude, Mr B», esan nion. Eta kontatu zidan hotel baten bizi zela. Turistarik ez zegoenez, pandemia garaian Udalak etxegabeak luxuzko hoteletan sartu zituen, logela propioak izan eta kutsatu ez zitezen. «Upper Easten bizi naiz orain. Aberatsen auzoan. Nork esango zidan niri! Eta jaten ere ematen digute», esan zidan. «Gaur hirugihar, gazta eta arrautza ogitartekorik ez, orduan?». «Gaur ez». Aspaldi ez dudala Mr B-ren berririk. Baina gaur berriro gogoratu naiz berarekin. “New York Times”-en irakurri dut albistea: «300 etxegabe auzo aberats bateko hoteletik kanporatu dituzte, bizilagunak presioa egiten aritu direlako». Pandemia heldu zenean, New Yorkeko pijoek helikoptero pribatuetan egin zuten alde Upper East auzotik eta Hamptonseko hondartzetako etxeetara joan ziren. Itzuli direnean, baina, ez zaie gustatu etxegabeak auzoan ikustea eta agintariak presionatu dituzte euren bizilagun berriak beste toki batera eramateko. Eta beste behin ere pobreen beharrizanak barik, aberatsen kapritxoak gailendu dira hiri honetan. Ez dakit Mr B kanporatuen artean dagoen ala ez. Ez dakit zer egin ahal dudan berari laguntzeko. Baina berriz Starbucksaren aurrean aurkitzen badut, hirugihar, gazta eta arrautza ogitartekoa eta kafea erosiko dizkiot. Los pijos neoyorquinos abandonaron el barrio de Upper E... y se dirigieron a las casas de las playas de Hamptons. Pero, cuando han vuelto, no les ha gustado ver a los...