AUG. 08 2021 LUMA BERRIEN AZTARNAK Amaren dantza Ilustrazioa: Kristina Fernandez Aran Ugarte Zubia - Denbora agortzen ari zait, Leire. - Baina ama, –kafe-katilu hutsak baztertu eta eskuak heldu nizkion– arriskutsua izan daiteke. Hegaldiak agian ez dizu onik egingo. - Ez daukat horren beldurrik. Eta nirekin eraman nahi zaitut. - Ez dakit ama, ez da hain erraza… Imanoli estudioan lana pilatuko zaio. - Aste bat besterik ez da, laztana. Moldatuko da. - Tira ba... ea zer dioen. Aurpegia argitu zitzaion amari. Begiradan, ilusioaren printzak. Bizinahia transmititzen zuten bere begiek. Nola zitekeen? Nondik ateratzen zuen indar hori, bere egunik ahulenetan? Bulegora itzuli nintzen; han zegoen Imanol. Amarekin egitekotan nintzen bidaiaz hitz egin nion. Ez zion graziarik egin. - Siziliara? Badakizu ez dela garai ona oporrak hartzeko, Leire… - Ilusio handia egiten dio, maitea. Ezin dut bakarrik joaten utzi. Ez orain. - Eta han gaizki sentitzen bada? - Han ere badaude medikuak. - Baina ezin badu hegazkinez itzuli, zu… - Nahikoa da, Imanol! Zergatik jartzen zara beti okerrenean? - Ez da hori, baina… –hasperen egin zuen– zuk jakingo duzu. Ohituta nengoen, bere argumentuak entzun ostean, ideia zoroak alde batera uztera. Baina orduko hartan ez nien bere aholkuei jaramonik egin. Ez genuen bikote txarra egiten. Bost urte ziren elkarrekin geundela, eta bi urte neramatzan bere argazki-estudioan lanean, idazkari eta laguntzaile gisa. Aspergarri samarra zen lana, baina hilaren amaieran soldata jasotzen nuen; ezin kexatu. Astebete geroago iritsi ginen Siziliara. Ama nekatu antzean heldu zen; erraz nekatzen zen azken asteetan. Bere etsaiaren itzala gainetik kentzea geroz eta zailagoa egiten zitzaion. Borroka galduta zeukala onartu zuen, hiruzpalau hilabete geratzen zitzaizkiola jakin zuenean. Baina hara zer-nolako indarra erakutsi zuen! Nik baino hobeto zeraman bere heriotzaren gertutasuna. - Zergatik Sizilia, ama? –hondartzan etzanda, paisaia zoragarria geneukan aurrez aurre. - Zure aitak eta biok hemen pasa genituen gure lehenengo oporrak. - Benetan? - Gazte-gazteak ginen oraindik. - Eta ez zineten gehiago etorri… - Ez… Askotan esaten genuen itzuli behar genuela, baina… - Bai, betikoa… inoiz ez zirudien momentu aproposena, ezta? - Hori da, eta azkenean beranduegi. Aita hil zenean zin egin nuen berriz etorriko nintzela. Ez nekien hain denbora gutxi izango nuenik. Sabela korapilatzen zitzaidan ama heriotzaz hizketan entzuten nuen bakoitzean. Aita bost urte lehenago hil zen auto istripuz. Garai zailak izan ziren. Imanol lagun ona nuen, eta asko lagundu zidan aurrera egiten. Ordutik geunden elkarrekin. Eta oraindik aitaren zauri latza guztiz orbaindu gabe geneukala, kalbario itzela gaineratu zitzaion amari. Zorigaiztoko munstroa gorputzeko hainbat ataletara hedatzen hasita zegoen dagoeneko. Tratamendu ezberdinak probatuta, gaitza moteldu zuen, baina ez zegoen askoz gehiago egiterik. Eta amak argi zeukan; nahiago zuen geratzen zitzaion minutu bakoitza dastatzea. Nahiz eta hauek agortzen ari zitzaizkion. - Eta bidaia honez gain, zer gehiago daukazu buruan, ama? - Ezer berezirik ez, laztana. Eguneroko gauza txikiak dira gozatu nahi ditudanak. - Adibidez? - Zurekin eta maite dudan jendearekin denbora pasatzea. Hori da benetan zoriontsu egiten nauena. Irakurtzea; Udalatx ingurutik pasio bat; lagunekin kafe bat. - Hori bada dena… –atera zitzaidan ahapeka. - Ez pentsa. Hain sinpleak diruditen plan horiek, benetan gozatzen ditugunak, gerorako uzten ditugu beti, ustez garrantzitsuagoa den zerbait egiteko. - Lehentasunak... - Baina modu desegokian aukeratutakoak. Laster hilko zarela jakingo bazenu, zer egin nahiko zenuke geratzen zaizkizun egunetan? - Ba ez dakit ama… hainbeste gauza... - Seguru argazki-estudioa ez zela zerrendan egongo –zalantza-izpirik ez bere ahotsean. Inork baino hobeto ezagutzen ninduen amak. Hurrengo egunean dantza-areto batera eraman ninduen. Aitarekin hara joan omen zen opor haietan. Dantzari trebeak ziren biak; beraiengandik jaso nuen nik ere dantzatzeko grina. Arte Ederrak bukatuta, dantza-akademia bat ireki nahi izan nuen; baina ametsak airean aienatzen dira maiz, egunerokotasunaren gurpilean harrapatuta geratzen garenean. Amak dantzara atera ninduen. Bere gorputz lirainak musikaren kadentzia perfektua marrazten zuen, ahul, nire soinarekin ispilu-jolasean. Hainbeste denbora neraman dantzatu gabe! Oinen mugimenduak hegoak eman balizkit lez, txori aske sentitu nintzen. Kanta bat bestearen atzetik dantzatu genuen, minutu bakoitzeko akordeak josiz, bizitzaren melodian blai. Ama belarrira gerturatu zitzaidan: - Bihar areto honetako arduradunarekin elkarrizketa daukazu. - Nik? - Dantza-irakasle bila dabiltza. Hau da zure aukera. Horretarako ekarri zaitut. Supituki gelditu nintzen: - Ama… zoratu egin al zara? - Ez, Leire… Minutu oro gozatzen hasi behar zara. Ez itxaron heriotza gertu ikusi arte. - Baina ezin diot Imanoli halakorik egin! Eta nire… eta… - Segi dantzan, laztana, segi dantzan. Eta kanta haren doinuak dantzatokian barrena eraman ninduen. Eta hegoak berreskuratu nituen. Eta segundo oro dastatzen hasi nintzen, oinen erritmora. Gerokoan pentsatu gabe. Idazleari buruz... Aran Ugarte Zubia (Oñati, 1986). Irakaslea ofizioz, itzultzaile lanetan ere badihardut tarteka. Bien bitartean, hizkiekin dantzan egitea dut gogoko; ametsen akordeak hitzen bidez jostea; munduan direnen zein ez direnen doinuak esaldi nahasietan harilkatzea.