AUG. 08 2021 IRITZIA Autoisiltasuna Jokin Urain Esanda dagoenaren gainean esaten jardutea, idatzitakoaren gainean idaztea, berriketari berriketa gehitzea da gehienetan egiten duguna, eta aste osoan idatzi edo esan dugunaren bilduma egingo bagenu, edo balantzea, gehienetan apenas atzemango genuke gauza jenialik, apenas ezer originalik. Esaten dugun gehiena eta idazten dugun ia guztia errepikapena da seguru asko, lehenagokoaren aldaera onenera ere, eta ez dut esan nahi esaten eta idazten dugun guztia alferrikakoa denik. Beti balio du, entzule-irakurlearentzat ez bada berriketan ari denarentzat berarentzat. Egia da, ziur aski, arian-arian eta errepikatuz eta aldaerak bilatuz moldatzen direla hizkerak, gauzen izenak, esan ezin dena izendatzeko moduak. Sentimendu berririk ezin dugu asmatu, sentimendu berriak ez dira sortzen belaunaldi bakoitzean, eta zaharrei deitzeko modu berriak asmatu ezinean aritzen gara. Gauzak, ordea, belaunaldi bakoitzean batzuk berritu eta beste asko sortzen ditugu. Joerak ere berritzen dira, eta kontzeptuak, eta bakoitzari eta denei izenak ematen izaten dugu nahiko lan. Jada ez dakigu zenbat gauza daukagun gure inguruan, zenbat kontzeptu ezagutu behar dugun egunerokoan. Bizitza osoa ikastaroak egiten arituta ere ez ginateke iritsiko jakitera. Bizitza jada ez da sinplea. Jada ezin duzu jakin jakin beharreko guztia, ezinezkoa da irakurri beharreko guztia irakurtzea, entzun beharreko guztia entzutea. Eta, hala ere, beti bada inguruan maisu presturen bat mundua zein gaizki doan esplikatuko dizuna, zuk ez dakizunaz ilustratuko zaituena: tabernan bazaude, alboko mahaian; dendan bazaude, ordaintzeko ilaran; etxeko butakan bazaude, telebistako pantailan… Entzuleak isiltasuna eskertuko luke sarri, lerro urriagoak eskertuko lituzke irakurleak beti edo gehienetan, entzuten edo irakurtzen duen guztia bahetik pasatzea edozein adimen zorabiatzeko moduko ariketa izan daitekeelako, bahea pasatzean ez delako ezer geratzen asperra izan ezik. Lehengo hilean Urkullu jaunak sinatutako dekretu bat irakurtzen dut. Herritar bakoitzari dei egiten digu geure burua borondatez muga dezagun eta autoerantzukizunez joka dezagun. Autokonfinamendua eta autoisolamendu pertsonala ezartzera ere deitzen du kasu batzuetarako. Honetara iritsita, nik autoisiltasuna eskatuko nioke, Ion. Edo bere berriketa behin eta berriz entzunez autoflagelatu dadila. Leo un decreto firmado el mes pasado por el Sr. Urkullu. Nos hace un llamamiento a cada ciudadano para que nos limitemos voluntariamente y lo comuniquemos con autoresponsabilidad. También llama a implantar el autoconfinamiento y el autoaislamiento personal para algunos casos.