7K - zazpika astekaria
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Afaria

Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Gazta minduaren kiratsa sudur zuloetatik sartzen zitzaidan bitartean, Ireneren aurpegia estali didate izeba Ixabelen galtzarbeko tximek. Ondorengo segundoak luze joan zaizkit, kukuka, beso-zuztarren gainetik eta azpitik, Ireneren begirada berreskuratu dudan arte.

Lehenengo platera: baratxuri-zopa.

—Mahairaaa! —marru egin du izebak.

Lapikoa mahai gainean utzi ondoren, gazta usaina aldendu eta Chanelen Paris Venise garaitu da Irene eta bion artean.

Ohiturei jarraituz, zaharrena jarri da mahaiburu: aurten izebak hartu du aitona zenaren lekua; ezkerrean etxeko mutilzaharra, osaba Manueltxo; ondoan, Loiolako Gogartetxetik etorri den osaba Gregorio; eta gero, gure aita, Pedro; bere ondoan gure ama, eta segidan ni eta bikotekidea, hurrenez hurren. Bere ondoan, Nahikari, senarrarekin.

Paretetako paperak belztuta dituzten bonbilla apalek argiztatzen dute gela, eta tximiniako suaren dantzak giroa goxatzen. Karratu gorri-txuridun gortina zaharrek aurreko mende hasierara garamatzate. Jaiegunetako zapi zuriarekin jantzita dago pipiak jandako mahaia. Gainean, aitona-amonen plater, edalontzi eta kopak, gehienak, ertzak kraskatuta.

Baratxuri-zopari koilara sartzen hasi aurretik, osaba jesuita altxatu eta besoak zabalik gora begira jarri da.

—Bedeinkatua, Jauna, mahai honetan elkartu gaituzulako. Eskerrak janari honengatik. Amen.

—Hi hor eta ni hemen! —entzun da sukaldetik—. Zer uste du berorrek, inork prestatu gabe mahaian azaltzen dela? Hik… sekula zartagin bat ere ez duk eta ukitu!

—Kar, kar, kar! —eskuarekin estali arren, Manueltxok agerian utzi ditu ahoko pianoaren tekla zuri-beltzak—. Axkeneko hoji ex dun gexuja!

Gregorioren etsipena, sotanan falta zaizkion zimurrak agertu zaizkio kopeta beltzean. Irribarre deserosoak ezabatzeko, zopa banatzen hasi da ama. Klin-klan soinuek bakarrik hausten dute isiltasuna. Ondoren, murmurioak hasi dira, berriz ere.

—Izeba burutik eginda dago… —xuxurlatu diot Ireneri, tentsioak askatzeko.

—Aitor… mesedez… —erantzun dit.

Ez zait gustatu. Nire familiara ekarri eta… Ze borde, ezta? Gainera, burua jiratu eta Nahikarirekin hizketan jarraitu du.

Bigarren platera: garbantzuak.

Berriz ere, gazta minduaren lamada.

—Hau al duk lagun berria, Aitor?

—Bai… —erantzun diot, sudur zuloak blokeatuta.

—Pozten naiz zu ezagutzeaz. Dena oso goxoa dago…

—Igual zuenean mariskoa-edo jango duzue…

—Bai zera, Ixabel… Laguntza behar baduzu esan, e?

—Hi, honi ez utzi alde egiten, e… Igarriko diok, bestela! —esan dit, haragizko ukondoa bizepsean sartzen didan bitartean.

Gero, sukaldera ezkutatu da.

—Ñooo! —entzun da.

Ondoren, eztarria libratzeko pare bat eztul, eta hamar bat segundoko korrokada.

—Nora, Irene? —altxatu eta badoa. Eta ni, txakur txikia bezala—. Ire… lagunduko dizut?

—Ez, lasai, Aitor…

Plater nagusia: arkumea letxugarekin.

Bagatoz bueltan; Irene, erretiluan arkumearekin; eta ni, atzetik, ontzi bete letxuga hartuta.

—Ongi ari al zarete, jaun txit gorenak? —sukaldetik gorputz erdia eta masail gorriak atera ditu Ixabelek, esku batean egurrezko sardexka eta bestean baso-erdia dituela.

—Mesedez —esan dio Gregoriok—. Beti berdin…

—Ez al duzu ikusten, Aitor… —xuxurlatu dit Irenek.

—Zer… Ez dakit zertaz ari zaren… —zer ote du gaur buruan.

—Ez al duk hau Kristoren odola? —jarraitu du izebak.

Edalontzia tragoan hustu eta besoa pasatu du ezpain bazterretik.

—Egia! —esan du Manueltxok, arrebari laineza emanez—. Bejojek badaki odola ajdo bihujtxen, Goio?

—Hori, hori! Ba al dakik… —esan du izebak—. Aaa, ederki sartzen duk, eztarritik behera, prexko-prexkoa!

Dinbili-danbala mahaira gerturatu da.

—Hau ere probatu behar diat… Non zagok nire edalontzia…

Mahai gaineko Riojaren muturretik tragoa egin du. Eta gero, amantalarekin garbitu.

—Ederra ziok hau ere! Ñooooo!

Gortinak bezala, hemen ez da ezer aldatzen.

—Nahikoa duzu, Ixabel… —esan dio aitak.

—Hi… Kabitu hire galtzetan! Gabonetan pare bat trago hartzea inork ez zidak galaraziko!

Edalontzia aurkitu du, azkenean. Puntaraino bete eta ziraldoka aldendu da.

—Ixabel… lagunduko dizut… —sukaldera joan da Irene, izebaren atzetik.

Aurtengoa, azkena. Hurrena ez naiz etorriko. Aspertu naiz txakur txikiarena egiten. Zer ote du neska honek… Izeba kargatzen ari dela? Eta? Betiko leloa da hori...

Amona zenaren amantala jarrita, katiluak dakartza Irenek. Ez nuen uste hain azkar integratuko zenik.

Azkenburukoa: mazedonia, polboroi eta mazapanak. Eta kafea.

Ardo orbandun zapia altxatu eta tiraderatik sardexkatxoak atera ditut. Bigarren bueltan dator Irene, polboroi eta mazapan bete plater hartuta.

—Norbaitek kaferik?

—Bai, niji axukje axkokin —erantzun du mutilzaharrak.

—Bai, esnearekin, mesedez —esan dio Gregoriok—. Zu bai neska…

—Niri hutsa, ttanttarekin —eskatu dio aitak.

—Bat azukre askorekin, bestea esnearekin, bestea txurrustarekin… Koparik?

—Lasai, Irene… Nik prestatuko dut biontzat kubata bat… hozkailuan dut Martinia.

—Ez, Aitor… Eskerrik asko.

Goizean jaiki eta preseski horixe erostera joan naiz. Kubatak ederrak ateratzen zaizkit, baina ez. Gaur ez. Urtea bukatzeko modu ederra: neu bakarrik edaten, arrebak eta senarrak ere ez omen dute eta nahi.

Luzea bezain motza izan da. Manueltxo hamaiketan ohera joan da, eta besteek hamabietarako alde egin dute. Izeba lo gelditu da besaulki kulunkarian, ezpain bazterretik lerdea zeriola. Irene eta bion artean jaso ditugu soberakinak.

Azkenean, “biok” bakarrik.

—Orain ze, Ire… Etxera, ezta?

—Horrela ez dugu utziko…

Aitona-amonen inizialak zituzten maindireak aurkitu ditut, kostata. Haien ohe kirrinkarian gelditu gara, izebaren zurrungekin suaren argi-itzalak dantzan ari diren bitartean.

(Bergarako Udalak antolatutako XXXVI. Koldo Eleizalde lehiaketan saritua. Moldaketa)

Idazleari buruz...

Itziar Olaizola Gorrotxategi (Azpeitia, 1978).

Lanbidez, irakaslea. “Kristiñeren Ibilerak” eta “Kristiñeren Ibilerak, Bertso Eguna” argitaratu ditu. Idazteak ezkutuko beste “ni” batzuk azaleratzen, eta beste pertsonaia batzuen gorputzetan bere emozioak bideratzen laguntzen dio.