Amaia Uribe
IRITZIA

Julen eta Markel

Bost urte ditu gure semeak, «gazteleraz ez dakien» Julenek bezala. Ustez, Antonio Gallego Voxeko diputatuak kanpinean aurkitu zuen ume gipuzkoarrak bezala. Eta gure Markel Julen izan zitekeen.

Etxean euskara hutsean hitz egiten dugu eta New Yorkeko eskolan, ingeles hutsean ikasten du. Euskara eta ingelesa, beraz, erabat menperatzen ditu eta gazteleraz erdipurdi hitz egiten du. Opor hauetan Mexikon egon gara eta hanka-sartze itzelak egin ditu. Besteak beste, «he visto un iguana con un gigante buzten», «no sabo lo que dices» eta «ahora vamos al playa» esaten entzun diogu. Baina gazteleraz ondo ez hitz egiteak ez dio inolako ondoriorik ekarri. Ume batek ere ez dio esan gazteleraz txarto egitearren berarekin jolastu ezin zenik eta bera ere ez da lotsatu hizkuntza menperatzen ez duelako. Mexikar umeei amigo eta amiga deitu eta “euskastellanoz” komunikatu da beraiekin. Are gehiago, errusieraz bakarrik hitz egiten duen neskatoarekin hareazko gazteluak egiten ibili da eta Suitzako mutikoarekin orduak eman ditu jolasean.

Izan ere, umeek euren hizkuntza propioa daukate eta New Yorkera iritsi ginenean ikusi genuen hori. Markelek bi urte zituen orduan eta ingelesa zer zen ere ez zekien, baina segituan aurkitu zuen lagun kuadrilla bat etxe azpiko parkean eta ingelesez jakin barik jolasten zen beraiekin. Estatu Batuetan harrapaketan jolasteari tag deitzen diote edo lasterketei, race, baina jolasa unibertsala da eta, hizkuntzetatik harago, umeak ume dira kultura guztietan. Irribarre batekin esaten diote beste ume bati berarekin jolastu nahi dutela, lagunari eskutik heldu eta zer egin nahi duten azaltzeko gai dira eta negarrez dagoen ume bat kontsolatzen dakite besarkada batekin. Jolasaren komunikazioan adituak dira eta ez dute berbarik behar elkarrekin ondo pasatzeko. Beraz, munduko Julen guztiak lasai egon daitezela. Joaten diren kanpinera joaten direla, aurkituko dituzte lagunak eta gazteleraz ez jakitea ez da oztopo izango.

Tamalez, politikariek existitzen ez den errealitate bat asmatzen jarraituko dute euren ideia faxistak defendatzeko. Euskara gutxiesten jarraituko dute, gure kulturari eraso egiteko. Gorrotoaren hizkuntzan hitz egiten jarraituko dute, munduaz, kulturaniztasunaz eta bizikidetzaz piperrik ere ulertu gabe. Eta gazteleraz ez jakitea baino askoz txarragoa da hori.