amagoia mujika
IRITZIA

Itxaropen poxi bat

Etxetik kanpo lan egitea debekatuta. Etxetik kanpo bakarrik edozer egitea debekatuta; mahram (gertuko gizonezko senitartekoa: aita, anaia edo senarra) deitzen denaren laguntzarekin ez baldin bada. Gizonezko medikuek artatua izatea debekatuta. Eskoletan, unibertsitateetan edota bestelako hezkuntza guneetan ikastea debekatuta. Derrigorrezkoa burutik oinetara tapatzen dituen oihal bat janztea. Ezin ditu kolore biziak izan (sexualki kitzikagarria omen) eta oso garrantzitsua da orkatilak ere ondo estal ditzala. Arau talibanek aginduta bezala janzten ez direnek edota mahramaren konpainia gabe ibiltzen direnek jipoiak eta zartakoak jasoko dituzte. Ezkontzatik kanpo sexu harremanak dituzten emakumeak harrika akabatuko dituzte jendaurrean. Kosmetikoak erabiltzea debekatuta. Hatzak moztu izan dizkiete azazkalak margotzeko atrebentzia izan dutenei. Mahrama ez den beste edozein gizonezkori eskua luzatzea edo harekin hizketan aritzea, debekatuta. Debekatuta jendaurrean barre egitea. Emakumearen ahotsa ezin da entzuna izan. Debekatuta takoidun zapatak erabiltzea. Emakumearen pausoak ezin dira entzunak izan. Debekatuta etxeko leihoetan edo balkoietan agertzea. Opakotasuna derrigorrezkoa da etxeko leiho eta balkoi guztietan, inork ezin ditu kanpotik ikusi emakumeak beren etxeetan. Gizonezkoek eta emakumezkoek ezin dute autobus berean bidaiatu. Emakumezkoek ezin dituzte komun publikoak erabili. Ezin dira kanpai-formako galtzak erabili, ezta burkaren azpian ere. Debekatuta emakumeei argazkiak egitea edo filmatzea. Existitzea, debekatuta.

Horiek dira Afganistango emakumeek bete behar dituzten arauetako batzuk, talibanek aginduta. RAWA elkarteak, Afganistango Emakume Iraultzaileen Elkarteak, eman du neurri bortitz horien berri. Hogei urte ez dira alferrik joan eta talibanek ere ikasi dute zerbait. Munduaren aurrean esan dute emakumeen eskubideak errespetatuko dituztela –beren erara–, ez direla hain zorrotzak izango, borondate ona daukatela. Hauek ere atsegin eta samur agertu nahi dute munduaren aurrean. Politikoki zuzenaren birusa, latza.

Baina emakumeen eskubideen alde borrokan ari diren feministentzat ere ez dira alferrik joan urteak. RAWA 1977an sortu zen fundamentalismo erlijiosoaren kontra eta emakumeen eskubideen alde. Poliki eta asko kostata bereganatu dituzten lur zatitxoak ez omen dituzte aise abandonatuko eta ohituta daude klandestinitatean lan egitera, etsaitasunezko giroan. Azken hogei urteotan hezkuntza jaso duten emakumeek, etxetik kanpo lan egin dutenek eta askatasun haize ufadatxoak sumatu dituztenek borroka egingo dutela espero da. Horrek itxaropen poxi bat ematen dit, urrutiko pena begiratuek baino dezente gehiago.