Galder Perez
IRITZIA

Misterioak agortzen

Sekretuak edukitzea gero eta zailagoa dela ematen du. Izugarri maite dudan pertsonaia batek esaten zuen sekretuek poltsikoan kili-kili egiten dutela, eta horregatik atera behar direla. Misterioak agortzeko arrazoia izan daiteke sarean bilatzen dugun ororen arrastoa uzten dugula. Gure sareko arrastoak, izan gure kapritxoak, izan kuriositateak, izan webgune pornoetara bisita, prezio altu batean saltzen dira, datuak esaten zaion hori. Badira ezagutu nahi ez ditugun beste misterio batzuk ere, gure barrenekoak, gure emozioenak. Itsutze horrek agortzen du pertsona. Nahi eta ezin. Baina misterio erraldoirik baldin bada, hori da ur azpian dagoena. Horiek bai benetako ur handitako misterioak, gure planetako ozeanoek gordetzen dituztenak.

Pertsonok gurea ez den eremu batekin, galaxia eta espazioarekin, obsesio bitxia dugu: han goian gordeta dauden misterioak ezagutzea. Baina gure planetako %70 dena, ur azpian gordetzen den hori, misterio itzela da. Lurrazala guztiz mapeatuta dagoen bitartean, ozeanoen zati oso txikia dago mapeatuta, %5 inguru, Marte baino gutxiago. Arrazoi nagusietako bat iluntasuna omen da, hor azpiko misterioen babesa iluna baita. Hau guztia pixkanaka aldatuz doa. Teknologia berriek, radarrak eta sonarrak lagun, datuak gero eta azkarrago prozesatzeko gaitasuna dute. Baleak hondartzetan hilik agertzen direnean misteriorik ez dago, mina baizik. Planetaren agortzeak itsasoetako izakiak hiltzea dakar. Teknika berriak ez dira bizitza horien alde aplikatzen, pertsonen anbizio zaharrak baitira desastre horien erantzule.

Ozeano Pazifikoan, Clarion-Clipperton zonan, “Patania II” izeneko robot erraldoia ari da lanean, ur azpian, 4.000 metroko sakoneran. Bertako aniztasun biologikoa ezagutzea helburu ederra litzateke, bertako misterioak argi asko emango bailiguke beharbada. Baina proiektu erraldoi horrek anbizio ekonomikoa du helburu “International Seabed Authority” deiturikoan bilduta dauden hamabost herrialde super aberatsentzat. Lurreko mineralak gero eta preziatuagoak dira, gero eta murritzagoak, gero eta ezinbestekoagoak. Baina agortzen doaz, Afrika ere nahikoa esplotatu baikenuen. Aberatsek sekreturik gabe poltsikoak betetzeko lan egiten du “Patania II” robotak, guk gure bizimodu honetako materiala den ezeri uko ez egiteko lan egiten du.

Denonak diren ur horien, itsasoen esplotazio basati honek, ezin hobeto azaltzen du pertsonon misterio iluna. Nahiago dugu barrenean zer dugun begiratu gabe “ondo” eta “eroso” deitzen diogun bizimodu horri jarraipena ematea. Hori bai, negarrez, itsasoak hilda ekarri dituen baleengatik. Nahiago dugu zer garen pentsatu gabe horrela bizitzen jarraitu, izurde garela amets egiten. Nahiago dugu misterioak eta ilunak altxorrez margotu, pirata garela edo arrantzale izan ginela ahaztuta.