7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Higiezina egonean


Egona erosoa da batzuetan, oreka batean zaudenean. Erosotasunaren orekan gaudenean egoten gara ederki, beste intentziorik gabe, geldi, inguruari begira, besteak zer dabiltzan, zertan ari diren, nora doazen edo nondik datozen, zer dioten edo ez dioten. Bere zera du besteen keinuei erreparatu eta norberak zirkinik ez egiteak; ezer galtzeko arriskurik gabe, nahiz eta ezer irabazi ez. Gurekin zer ikusirik ez duen ingurua balitz bezala mundua. Egonak horixe du batzuetan.

Beste batzuetan ere erosoa da egona, baina zailagoa izaten da horretarako behar den oreka lortzea, geu egonean egoteko besteak mugiarazi behar direlako. Batzuetan besteen orekak ere ez baitigu onik egiten, bestearen oreka horrek gurea galarazten digula uste dugulako. Ez dugu asmatzen gure zilborra bestearen zilbor bistatik ikusten, edo ez dugu nahi, edo ez zaigu bururatu ere egiten ikuspegi hori existitu litekeenik. Larderia mugagabea izan liteke.

Batzuek eragindako mina besteek sentitu zutela, minik ez zatekeela eragin behar eta gisakoak esan zituzten ezker abertzaleko ordezkariek duela ez asko. Ordu batzuk orakuluan egon ostean azaldu zen euskal hereneko lehendakari monotonoa, solemnitate handiz, ohi duenez.

Unetxo batez iruditu zitzaidan zerbait berria esan behar zuela bere izenean, edo bere gobernuarenean, edo bere alderdiarenean; betiko oreka erosotik mugitu eta isilean gordea aitortuko zuela, besteen mugimenduaren enpatiagatik agian, eta esango zuela, behingoan, herri honetan asko direla beren poliziak torturatu dituenak, eta berak eta bere alderdiak torturatzaile horiei babesa eman dietela beti, torturatzen jarrai zezaten, eta torturatuak gutxietsi eta mespretxatu egin dituztela.

Pentsatu nuen, beraiek eragin duten mina ere mina dela adierazteko jarri zela kameren aurrean. Pentsatu nuen lehendakari izanik, beti kristo guztiari eskatzen dionez arduratsu izatea, bere ardura kargutik behingoan esango zuela pertsona zehatzei egin dizkieten torturak ez zirela inoiz egin behar eta torturatzaileak ez zirela inoiz eta ezergatik defendatu behar defendatzen dituzten moduan. Baina ez, ez zuen halakorik esan. Inguru hauetako lehendakari monotonoa besteez aritu zen beste behin, besteek egin dutenaz eta egin behar luketenaz.

Munduaren erdiko plazaren erdian zutitutako higiezina izan zitekeen, Xabier, bere egonean geldi, denborari eta inguruari sorgor, noizbait grabatutako mezu monotonoa espazio sideralari errepikatzen.