Andoni Urbistondo
Teknologia, Amazonia babesteko

Droneak, Amazonia zaintzeko

David Segurado drone gidaria da Amazonia oihanean. Hainbat enpresa eta erakunderentzat egiten du lan, eskualde amaiezin hura monitorizatzen; planetako oihan handiena zaintzen ere saiatzen da, Claudia Torres-Sovero emaztea lagun, legez kanpoko aktibitateak zelatatuz, bertan bizi diren animaliak bilatuz, eta bertako herritarrak teknologia berrien erabileran ahaldunduz.

 «Matrice» dronea hegan, Amazoniako Chanchamayo eskualdean. Argazkia: Andoni Urbistondo
«Matrice» dronea hegan, Amazoniako Chanchamayo eskualdean. Argazkia: Andoni Urbistondo

Amazonia planetako oihan tropikalik handiena da. Zazpi milioi kilometro koadro da tamainaz. Konparatze aldera, hamalau Iberiar penintsularen pare, edo deigarriago, Euskal Herriko 21.000 kilometro koadroak 333 aldiz. Hego Amerikako bederatzi herrialdetan zabaltzen da, horietako bat Peru. Herri hartan egin du bizitza azken bi hamarkadetan David Segurado Iriondo urnietarrak (47 urte). Turismoko logistika eta natura izan dira bere bizibideak urte luzez. Jardun horretan trebatu zen Amazonian. Ingurune basatia, ikusten edo sumatzen ez diren arriskuz betea. Erabat ezezaguna bertakoa ez den gizakiarentzat. Egonaldi luzeak egin zituen Seguradok oihanean, bakar-bakarrik, eta edonor beldurrez akabatuko luketen pasadizoak kontatzen ditu. Egun pare batez jaguar bat bera zelatatzen ari zela sumatu zuen, piztiak gauaren ilunean urruma soinuak egiten zituela.

2015ean bere bizitzak beste norabide bat hartu zuen. Claudia Torres emaztearen senide batzuek drone bat zutela jakin, erosi, eta jolasean hasi zen tramankulu harekin. Jolasean eta trebatzen, bere kabuz, Youtube kanaleko bideok ikusten. Peru umezurtz zegoen bost urte atzera droneen erabileraren inguruan: araudirik ez, ikastarorik ez, eskarmentudun jenderik ez… «Ni neu izan nintzen herrialdeko Aeronautika Zibileko arduradunekin harremanetan jarri zena, ikastaroak emateko aukera proposatuz, eta horrela hasi zen gurpila bueltak ematen pixkanaka», dio Seguradok.

Behean, Claudia Torres biologoa Amazoniako herritarrak ahalduntzen, besteak beste garapen jasangarria lortzeko bidean basoak ez moztea zein garrantzitsua den azaltzen.

 

Urnietarra droneak erabiltzeko baimena lortu zuen Peruko zazpigarren pertsona izan zen, eta hainbat herritar ahaldundu zituen berak sortutako ikasgaiekin. Tartean Peruko Aeronautika Zibileko hainbat kide. Puerto Maldonado hirian ere aritu zen irakasle, Amazoniako bihotzean dagoen Peruko Madre de Dios eskualdean. Ondoren, eta Rain Forest Expeditions enpresaren aginduz, hilabete eman zuen basoan, «droneetan erabiltzen ziren software, aplikazio eta metodologiak probatzen aritu nintzen, akatsak murrizte aldera. Asko ikasi nuen epe horretan, metodologia eraginkorrak garatu nituelako».

Enpresa horrek bi proiektu garatu zituen droneak erabiliz: bata sits tigreak atzemateko ekimena, eta bestea eskualde jakin batean zenbat jaguar zeuden zenbatzeko monitorizazio saiakera. Droneen erabileraren garrantzia azkar zabaldu zen enpresa, erakunde eta gobernuz kanpoko erakundeen artean, eta halaxe hasi zen Segurado lan eskaintzak jasotzen: «Topografia eta baso motak identifikatzeko lanak egin ditut, meatzaritza enpresentzat, elektrizitate lineak eta gas eta olio hodiak ikuskatu…».

Ondo gogoan du urte batzuk atzera egin zuen lana, Peruko Nazca eskualdean: «Meatzaritza enpresa batek basamortuko bromelia landare babestua ez kaltetzeko monitorizazioa eskatu zidan, landare hori ezin delako ezabatu, edo lekuz aldatu, baldintza jakin batzuetan ez bada. 100.000 hektareako saila ikuskatu nuen (100.000 futbol zelairen tamaina). Bromelia horiek lokalizatzeko sistemarik onena airez da; terrenoan bertan jendearekin egingo balute, oso luze joko bailieke». Hamabi egun eman zituen droneekin hara eta hona etengabe, baina, ondoren, irudien lanketan, hiru hilabete luze behar izan zituzten babestutako landare guztien kokapen zehatza jakinarazteko. Seguradok dioenez, «oraindik ere, eta arlo komertzialean, Nazcako hura drone bitartez monitorizatutako planetako sailik handiena izan dela esango nuke».

NBE Nazio Batuen Erakundeko Krimen eta Droga Sailarentzat ere jardun izan du: «Koka orri landaketa sailak hazi edo gutxitu diren eremuak monitorizatzeko lanak egin ditut, adibidez, legez kanpoko aktibitatea delako». Legez kanpoko aktibitateak monitorizatu, zelatatu dituenean arazoren bat edo beste izan du Seguradok, aktibitate horien egileak jakitun baitira arriskua zerutik datorkiela: «Non eta noiz esan gabe, gogoan dut 25 kiloko drone bat erabili genuen unea. 500 metroko lur hartze pista bat ere zabaldu genuen oihanean, tramankulu ikaragarria zelako, hiru metroko zabalera ia-ia. Garai hartan droneek lur hartzeko pista behar zuten, egun ez. Egun helikopteroak bezala aireratzen dira, gorantz, eta aireratze pistarik gabe. Dronea bota egin zuten lurrera, eta hilabete batzuk geroago topatu zuten, txikituta. Nola bota zuten ez dakigu, baina legez kanpoko meatzetan-eta armamentu astuna daukate, beraz, erraza da dronea bota egin zutela ondorioztatzea, ez zela matxura baten ondorioz jausi lurrera».

David Segurado urnietarra Puyu Sacha behatokian dronea gidatzen. Amazoniako Baso Lainoko fauna eta landaredia monitorizatzen ditu, eta ilegalki moztutako sailen dokumentazio grafikoa bildu.

 

Droneak Amazonia babesteko. Segurado eta Claudia Torres emaztea Liman bizi dira, Peruko hiriburuan, baina ahal dutenean oihanera egiten dute ihes, Chanchamayo eskualdeko San Ramon hiritik gertu dagoen Puyu Sacha laino baso gunera, hain zuzen ere. Bertan lur sail handi bat dauka Aprodes gobernuz kanpoko erakundeak, garapen jasangarria makulu duen erakundea, eta bikotea Aprodes laguntzen saiatzen da bertaratzen den aldiro: «Sosak ematen dizkiguten ekimenez gain, Amazoniako kontserbazioan laguntzen duten ekimenetan parte hartzen dugu. Droneak bitarteko ezin hobeak dira zeregin horretan, baina oraindik jendearentzat tramankulu arrotzak dira erabat. Jendeak ez daki zer ahalmen, aberastasun eskaintzen duten droneak, eta bertakoen heziketan aritzen gara etengabe», esan du Torres biologoak.

Torres tropikoko biologoa da, maisutza osatu zuen ekologian Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta hainbat lan argitaratu ditu, besteak beste, Ingalaterrako Manchesterko Unibertsitatearen eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren eskutik. Amazonia oihanean berpiztu egiten da. Hegazti behatzaile fina da, eta ziur dio laino basoan den-dena dagoela ikertzeko: «Ez dakigu zehatz zenbat hegazti, ugaztun espezie dauden, ezta espezie bakoitzeko zenbat ale dauden ere. Ingurune hau erraldoia da, eta irismen zailekoa, eta droneak dira lan hori egiteko bitarteko egokiena».

Segurado, Claudia Torres-Sovero emaztea eta Tite alaba, Amazoniako txorien liburu bat kontsultatzen.

 

Puchu Saya gunean urriaren 11n gertatutakoa, horren adibide. Seguradok oihanera joaten den egunsenti eta ilunabar guztietan aireratzen du bere “Matrice” dronea. Egun horretan ere bai. RC edo urruneko kontrol gailu bati esker ikuskatzen du oihana. Droneek tenperatura neurtzeko sentsore termikoak dituzte, eta horri esker, animaliaren bat sumatzen badute, gorriz erakusten dute urruneko kontrolean. Bat-batean «woolly woolly» oihukatu du ozen Seguradok, eta korrika atera da atarira Claudia emaztea. Tximu iletsua monitorizatu du drone gidariak. Eurek dakitela historian lehen aldiz, eta lorpen handitzat hartu dute. Batez ere ikertzen jarraitzeko pauso erabakigarria eman dutelako, haiek non dauden topatuz. Litekeena da tximu iletsuak toki horretan bizitzea, eta horrek asko erraztuko luke etorkizuneko monitorizazio lana arrakastatsua izatea, tximu iletsuak non dauden badakitelako. Droneak lur hartu ondoren deskargatu dituzte irudiak, eta iledun tximuak grabatu dituztela baieztatu dute. Zuhaitz gainetatik 85 metroko altuerara hurbildu da dronearekin Segurado, motorraren soinuak tximu iletsuak ez beldurtzeko, eta harritzeko modukoa da bideoetan zein garbi ikusten den tximu iletsua.

Behatokitik San Ramon hirira jaitsita, bertako herritarrak ahalduntzeko ikastaroak eman dituzte Seguradok eta Torresek. Orain baino lehen gaztainondoak landatu dituzten herritarrak ahaldundu zituzten. Torresen azalpena, jarraian: «50 metro garai den zuhaitza da, oso produktu preziatua Perun, baina legez kanpoko meatzaritza enpresen, abeltzainen eta egurra ustiatzen duten enpresen inbasioa jasaten dute. Zer egiten dugu guk droneekin? Inbasio horien frogak bildu eta Ingurugiro Fiskaltzari helarazi, legea hautsi dutenak zigor ditzan. Gaztainondo jabeak ahaldundu ditugu, eurek euren kabuz lan hori egin dezaten. Indigenekin antzera, euren lurrak babes ditzaten. Orokorrean baliabide ekonomiko apaleko herritarrak gaitu ditugu, eta teknologiarekin oso harreman apala dutenak. Droneak erabiltzen erakutsi diegu euren lurrak zaindu eta babesteko, zenbait kasutan heriotza arriskua urruntzeko, eta horrek asko betetzen gaitu».

Ingurugiro Fiskaltza omen, legez kanpo jokatzen dutenak zigortzeko biderik eraginkorrena, baina Torresek argi dio fiskaltzak berak ez duela lan errazik: «Baliabide gutxi daukate. Izan langileen alorrean, edota autoetan delitua egin den lekuraino hurbiltzeko. Aintzat hartu behar da hemen trocha gutxi daudela (mendi pistak), eta irismena oso zaila dela. Zer hobetu franko dauka Peruk alor horretan ere».

Orri honetan, goian, David eta Claudia, Tite alabarekin, iledun tximuak monitorizatu zituzten egunean, urruneko kontrolean begiratzen, pozarren. Norbaitek hala egiten duen lehen aldia da, eta, etorkizunean, aurkikuntza horrek tximuen bizimodua aztertzen lagunduko duela diote.

 

Baso lainoaren garrantzia. Claudia oihaneko biologoa kontsideratzen da, baina ñabardura bat egin du: «Sozioekologatzat dut nire burua, faktore ekologikoez gain sozialak ere lantzen ditudalako. Alegia, ingurune honetan bizi diren indigena edo herritarrak ere Amazoniako agente aktiboak dira, hegazti edo beste ugaztun guztiak bezala». Ematen dituzten eskola edo ikastaroetan basoa zer den azaltzen saiatzen dira: «zein aberatsa den, zenbat ur gordetzen duen, eta ur horren erabilera egokiak ze onura ekartzen dion bertakoari».

Pasioz azaltzen du zer den laino basoa: «Duela 55 milioi urte sortu zen, dinosauroak desagertu zirenean. Andeetako mendi magaletik Amazoniako lautadara doan eremua da, 3.500 bat metrora hasi, eta 150 bat metrora arte. Hemengo basoek ez dute surik hartzen, baso hezeak dira. Basoa erretzen hasten bazara, ez du surik hartuko. Suarekin zuhaitza lehortu egiten da, ahuldu, hurrengo sutearen aurrean, eta hori arrisku handia da, Amazonia desagertu egin daitekeelako egungo martxan. Iragarpen zenbaiten arabera mende bakarrean».

Eta zein da hori saihesteko alternatiba? «Basotzea bertako espezieekin egitea, adibidez. Laino basoa funtsezkoa da ekosisteman, ura gordetzen duen landaredia daukalako. Goroldioak, adibidez, bere pisua baino 40 aldiz pisu handiagoa gorde dezake, kasu honetan, ura. Goroldio asko dago laino basoan, eta mendian behera datorren ura gorde eta banatzen du ondoren. Mexiko bezalako hiri erraldoi baten ur beharra ase dezake laino basoak. Ur hori baratzeentzat funtsezkoa da, herritarrentzat egunerokoan… Altxor handia gordetzen du bere baitan».

Ilegalki moztutako baso saila. Horiei argazkiak egin eta Ingurugiro Fiskaltzara igortzen dituzte Aprodes gobernuz kanpoko erakundearen bitartez, Justiziak baso sailak mozten dituztenak jazar ditzaten.

 

Amazonia oihanean bizi den jendea behar handiko jendea dela dio Torresek, «baliabide gutxikoa, eta bere joera argia da: ingurumenari garrantzirik eman ez, eta berehalako etekina bilatu, epe ertain eta luzean etxe kalte ari direla jabetu gabe». Ohikoa omen, Amazonian, lur sail bateko egurra moztu edo erretzea, edozein fruitu edo landare landatzeko. Horren uzta bildu ostean, etekina lortzen da, baina ondoren lur saila alde batera uzten da, eta sail hori ez da bakarrik bueltatzen iraganeko egoerara, basotu egin behar da berriro: «Hori, baina, ez da egiten, eta saila galdu egiten da. Senarrak eta biok orekaz jarduteko aholkatzen diegu bertakoei. Baso bateko egurra moztu edo basoa erre aurretik euren seme-alaben etorkizunean pentsa dezaten esaten diegu, izan ere, eurek egur horren truke jango dute, baina euren semeek baso hori gabe ez dute etorkizunik izango euren jaioterrian».

Biologoaren ahotan, bertakoek ez dute heziketarik jaso, «zer den ona, zer ez, euren baratzeetan, basoetan, eta guk gabezia hori osatzeko gure aletxoa jartzen dugu». Batzuek arreta jartzen omen dute, «baina beste batzuk aspertu egiten dira. Haurrak dituzten gurasoek erakusten dute interes gehien. Orokorrean erantzuna ona da, helburu komunak dituen halako jende multzo bat bilakatzen gara. Beste bailara batzuetako jendea bertaratzen da tarteka, anaitasun bazkari bat egiten dugu…». Torresek dioenez funtsezkoa litzateke heziketa materiala hobetzea. «Liburuak erabiltzen ditugu, baina alferrikakoa da, jendeak hemen ez daukalako irakurtzeko ohiturarik. Bideoak ikusteko, aldiz, bai, eta bideoak erabiltzea lanketa ona litzateke, gure mezua hobeto zabaltzeko».

David eta Claudia San Ramon hezean geratu dira, ahalduntze klaseak ematen, eta Tite bi urte eta erdiko alaba zaintzen. Ikastaroak bukatuta, Puyu Sacha gunera bueltatuko dira ahal bezain azkar. Hura baita euren habitat gustukoena. Hegaztiak, ugaztunak ikuskatzen, eta euren aletxoarekin Amazonia zaintzen saiatzen. Honatx drone gidariaren azken esaldia: «Europatik urrun gaude hemen, baina merezi du hona bertaratzea. Ez dugu elefante handirik, Afrikan bezala, ezta New Yorkeko etxe orratz handiak, baina hau toki garbia, purua da, eta jendeari hona etortzeko aholkatu nahi nioke».