Jokin Urain
IRITZIA

Ergelaren larderia

Mende erdi ez da urruti. Ostiral arratsaldea, autobusean gindoazen, Oriamenditik Donostiara. Gidariak errepideko zuloei zirkin egitean eta errebueltak hartzean ahal genuen moduan eusten genion zutik gindoazenok, eta gizonezko edadetua gure kide baten gainera etorri zen. “Zaharra!”, kexatu zitzaion gure ikaskidea, euskaraz, besteak ulertuko zionik pentsatu ere egin gabe. Baina, “Zahartuko haiz hi ere, bizi bahaiz”, erantzun zion gizonak.

Berrogei urtekoa zaharra iruditzen zitzaigun orduan, eta orain ere berdintsu funtzionatuko du perspektibaren arau horrek. Geu gara kokapenez aldatzen garenak eta, urteak igarota, geuri hasi zitzaizkigun gazteak, nerabeak iruditzen zaizkigunak, zaharrari dagokion trataera ematen. Egun batetik bestera, ispiluaren aurrean, ustekabean ia, burusoil geratzen ari zarela ohartzean bezala, tragedia iruditzen zaizu, erremediorik ez daukan gainbehera dela konturatzen zarelako. Alferrik egingo diozu errieta, “zaharra” edo “jauna” edo dena delakoa hots egin dizunari, bizi zaren bitartean jarraituko duzu norabide horretan.

Gaitz erdi, gainera, errespetuz zuzendu bazaizu, burlaizerik edo mespretxu airerik ez badu izan mintzakideak. Batzuetan ez baita erraza aurrez jakitea nola zuzenduko zaizun hurkoa, eta modu ezberdinean har dezakezu gazte edo nerabe batengandik etorri edo zeure adinkide batengandik iritsi, galdera bezala egina izan edo ez…

Mingarri izatera heltzeko beste gehigarri batzuk behar dituela esango nuke, hala ere, baina izan ditzake, eta gaztea iruditzen zaigunaren burlaizea baino okerragoak ohi diren gehigarriak, gainera. Etxe ondoko aparkalekuan “oiga, caballero…” eginaz hurbiltzen edo parean geratzen zaizun uniformedunaren diosal moduak, adibidez, badu agintekeriatik eta burlaizetik, eta mehatxutik ere badu.

Gauza bitxia iruditzen zait bestela agian batez besteko lerdoa baizik ez litzatekeen edonor nola senti daitekeen jainkotxo uniforme bat jantzita. Baina bitxi izatetik okaztagarri izatera igaro daiteke etxe ondoan halakoren bat “oiga caballero”-ka zuzentzen zaizunean. Ez baita ergelkeria soila; agintearen eskumena eta ahalmena dituen ergelak badu bere egiteko moduari larderia eransteko adina argitasun.

Agintekeriaren larderia eta hots egitean espresuki erabilitako hizkuntza jakin baten larderia da, Alaitz.