NOV. 28 2021 LIBURUEN TXOKOA Suak eta hautsak: Herri borrokak Frantzian Hartzea Lopez Arana • Txalaparta, 2021 • 200 orri • 17 euro Miren Artetxe Estatu frantsesetik maiz heltzen zaizkigu herri mugimenduen oihartzunak: tradizio jakobinoa eta Parisko Komuna, 68ko Maiatza eta erreformistak, langile mugimendua eta Jaka Horiak, iheslarien gordelekua eta gutxituen zapaltzailea... 1789ko eta 1848ko iraultzak iturburu dituen herrian, bizi-bizirik dira protesta sozialak. Matxinoek askotariko molde eta ereduak atondu dituzte, eztabaidetara eta ekintzetara batzen ari den belaunaldi berriaren bultzadaz. Baina borroka horiek gugandik hain hurbil gertatzen diren arren, urruti geratzen zaizkigun susmoa da. Horietako bakoitzean mugida orokorrago baten hazia dagoelakoan, Hartzea Lopezek Frantziako eta kolonia frantsesetako herri borroka nagusien artera eramango gaitu liburu honetan, molde kronologikoan eta unean uneko lekukotasunekin, suteen hautsak nora eta nola barreiatzen diren argitu nahian. Kapitain Frakasa • Anjel Lertxundi • Erein, 2021 • 192 orri. 17 euro • Eleberri hau duela hogeita hamar urte argitaratu zen lehen aldiz, baina orain plazaratu den berrargitalpena liburu berria dela esan liteke: orduko istorioak hemen daude, baina idazkuntza berri bat dago eta puzzleko pieza berberak egonagatik horien antolamendua desberdina da. 1960ko frantziar Estatuan kokatzen gaitu nobelak. Egoera ez da batere gozoa. Gerra bukatu berri, erresistentziaz hitz egiten da, eta harrotasun patriotikoa nahiko faltsua da. Aljeriaren independentziaren auziak aztoratuta dauka bertako gizartea. Gerra Hotza deitzen zaio garai hari, edo, literaturan, Susmoaren Aroa. Gizarteak zalantza duen bezala zer jarrera hartu Aljeriako gerraren aurrean, Gobernuaren aurrean, talde faxistaren aurrean, iluntasun handiak daude boterean bertan ere, Poliziaren artean… Nikole Bijotzekua • Edorta Jimenez • Elkar, 2021 • 280 orri. 22 euro • Nikolasa Atxikallende 1873an Sukarrietako Abina baserrian jaiotako emakume gazte bat zen, historiara pasatzeko asmorik gabea, harik eta, XIX. mendearen amaieran, bere herrira aisialdian ehizara etortzen zen bilbotar bat ezagutu zuen arte, Sabino Arana Goiri izenekoa. Ezkondu egin ziren Sabin eta Nikole, ez aurrez hainbat zailtasun eta traba gainditu gabe; askoz larriagoak izango ziren, baina, hurrengo urteetan bidean suertatu zitzaizkien oztopoak. Emakume ahaztu eta laidoztatu hori gogoratu eta goratu nahi izan du Edorta Jimenezek liburu sailkaezin honetan: ikerketa historiko bat da berez, baina misteriozko eleberriaren teknikekin kontatuta dago. Sua • Alex Tello. Irudiak: Julen Riba • Sutagar, 2021 • 80 orri. 18 euro • Su Ta Gar taldearen letrak oinarri dituen komikia. Sua gaztea da liburuko protagonista. Su Ta Gar taldeko seigarren kidea izan zitekeen arazorik gabe. Betiko errutinan murgilduta bizi den gaztea da Sua, inguruan gertatzen diren injustiziekin kezkatuta dagoena eta bere bizimoduarekin atsekabetu samar. Orduak ematen ditu tabernan eta parranda da bere ihesbidea. Drogen mamu beltza ezagutuko du, poliziaren aurrean korrika egitea tokatuko zaio... baina musikak salbatuko du. Hori guztia ez da kontatzen liburu grafikoek baliatu ohi dituzten elkarrizketa eta bunbuiloekin, Su Ta Gar taldearen kantuen pasarteen bidez baizik. Bihurguneko nasa • Uxue Apaolaza • Susa, 2021 • 136 orri. 16 euro • Ipuin liburua. Madrilen girotuta dago eta azken hamar urteetan idatzitako bederatzi narrazioak biltzen ditu. Protagonista Lur emakume euskalduna da: Madrilgo eguzkipean Juan, Josetxo, Fer eta Estebanekin elkartuko da Lur. Elkar barkatzen duen lagunarte bat, partekatutakoaz nork bere kontakizuna gordeko duen arren… Kondizio sozialaren konkrezioez, elkartasunaren, lehiaren eta karitatearen artekoez, arrotzaren aurreko izuaz zein dantza-gogoaz, familia loturez, beldurraz eta epikaz ari diren ipuinak, ironia zorrotzez kontatuak.