Amaia Uribe
IRITZIA

Heriotza

Beti beldurtu nau heriotzak. Nireak eta ingurukoenak. Zortzi urterekin, amona hil zitzaidanean, entzun nituen lehenengoz senideak heriotzaz hitz egiten. Hilerrira eraman ninduten. Harri arraroak eta loreak ikusten nituen inguruan eta negarrak entzuten nituen. Ez nekien ondo non nengoen, baina banekien ez zitzaidala toki hura batere gustatzen. Eta hilerri hartara itzultzen naizen aldiro hotzikara bat sentitzen dut gorputzean.

Heriotza denak dira gogorrak, baina ezustean iristen direnek barrena haragi bizian uzten dute. Bizitzako unerik onenean zegoenean bihotza gelditu zitzaion osabari eta gure bihotzaren zati bat eraman zuen berarekin. Oraindik ere galdetzen diot neure buruari zergatik geratu zen hiru urteko lehengusua aitarik gabe. Baina heriotzak ez du azalpenik. Gertatu egiten da eta kito. Eta berdin du heriotza hori barneratzeko prest zauden ala ez, edo hil den pertsonagandik gertu zauden ala ez.

New Yorkera etorri nintzenean desio bat eskatu nuen: inguruko inor ez hiltzea. Patuak, baina, ez zidan kasurik egin eta hemen nagoenetik hiru lagun on galdu ditut. Minbiziak eraman zituen bi. Bat-batean hil zen bestea. Gazteegi hil ziren hirurak. Eta nik ez diot sekula neure buruari barkatu, Atlantikoaren bestaldean bizitzeagatik azken besarkada emateko aukerarik ez izana.

Ondo ulertuko dute sentipen mingots hori pandemia garaian senide edo lagunen bat galdu dutenek. Azken agurra jasotzeko aukera izan barik 5 milioi lagun hil dira munduan. 5 milioi bizitza itzali dira. 5 milioi familia hautsi dira. 5 milioi amets geratu dira bete barik. Zaharrak eta gazteak hil dira. Zuriak eta beltzak. Aberatsak eta pobreak. Ezagunak eta ezezagunak. Inoiz baino gertuago ikusi dugu heriotza eta ispilu baten aurrean jarri gaitu pandemiak. Ez dakigu ez noiz ez nola, baina denok hilko gara.

Pentsatu nahi nuke bidea ez dela hor amaitzen. Ezagutzen duguna hasiera baino ez dela. Mundu honetako eginkizunak amaituta, benetako parranda hasten dela. Eta amona, osaba, hiru lagunak eta nire inguruan hil diren guztiak nire zain egongo direla. Baina ez dakidanez zer gertatuko den, epe luzeko planak egin ordez epe laburreko planak egiten hasi naiz. Agenda eginbeharrez bete ordez, agenda hutsik uzten hasi naiz. Sarriago esaten diet ingurukoei maite ditudala eta aspalditik egin nahi nituen gauzak egiten hasi naiz.

Oraindik ere beldurtzen nau heriotzak, baina biharamunik ez balego bezala bizitzeko saiakera egiten ari naiz. Izan ere, Bukowskik zioen moduan, bizitza topera bizitzen badugu, geuk jarriko dugu dardarka heriotza.