Galder Perez
IRITZIA

Egunero zaharrago

Lagun min batekin azken bolada honetan kezka bera partekatzen ari naiz; pandemiak nola zahartu gaituen, edo nola ari den areagotzen gure zaharkitzea. Badakit zahartzaro esaten zaion horretatik urrun gaudela oraindik, baina egunero zaharrago gara, eta batzuetan gauzak, pausoka beharrean, saltoka gertatzen direla dirudi. Beharbada, pandemiarik egon izan ez balitz, bi urteko prozesua berbera izango zen, baina zintzotasunez, ezetz uste dut. Edozein kasutan, urteek aurrera egitearen kontua, ezinbesteko zahartzearena, goiz ala berandu egiteko hausnarketa da, zenbat eta zaharrago orduan eta maizago, ziurrenik. Esan dezagun egia: norbera zahartzen doala ikustea, bizitzea, ederra da, bizirik jarraitzen dugun seinale. Garai batekoak ez garela pentsatzea sentsazio errepikakorra da. Baina, zalantzarik gabe, gauza askotarako energia murrizten doa, nahi eta nahi ez. Zahartzea gauza eta pertsona asko faltan botatzea ere izango da. Baina zahartzeak beste gauza asko deskubritzeko ere izan behar du. Zergatik ez dugu urteen prozesu honi edertasuna bilatzeko ohiturarik? Ezinbesteko bide edo patu den honi alde ederrak ikusi behar dizkiogu, gaztetasunaren idealizazioak itsutu gabe.

Zaharkitze programatua makinen patu esklusiboa dela pentsatzen badugu ere, pertsonon kontua ere bada. Bukaera baterako data zehatzik ez dugu, baina off egitea da gure bizitzaren ezinbesteko partea. Inor ez da atzo baino gazteago. Denok gara egunero zaharrago. Orduan, makinak garen heinean, garbigailuak bagina lez, egin dezagun programaren aukeraketa ona, eko eta zentrifugazio paregabekoa. Egunerokoan dago gu garen ustezko makina hauentzako programarik onena, egiten ditugun eta egiten ez ditugun gauza eta pertsonen aukeretan. Azken finean, norberaren eta kolektiboaren aukerekin osatzen dugu eguneroko parte handia, ez baldin bada detonante tragikorik tartean, noski. Eta izan badugu detonante potoloa, pandemiak ekarri baikaitu honetara guztira. Ohartu gara, bada, duela denbora gutxiko energia hori ez dugula. Baina aurrera joate honek gauza ederrak izan baditu, eta asko, gainera. Hemendik denbora batera zahartzeaz sakonago jardutea espero dut. Izan ere, hausnarketa honetan betetzen nauena da lagun mina eta biok elkarrekin zahartzen goazela-eta barre egitea. Eta baita maite dugun beste asko inguruan halaxe sentitzea ere. Hor baitago aukera, inguratzen gaituztenek egiten baitute egunerokoa. Hori da zentrifugazio programarako gure aukera, ez patua, zahartzaroa izan baitaiteke edertasunaren bilaketarako abiapuntu paregabea. Gure borondatearen kontra, gure kontrolpean ez dagoen ezbehar asko etorri da, eta etorriko da bizitzaren eko programa honetan, nola ez. Inguruan maite ditugun horiek bertan edukitzeak ederragoa eta leunagoa egiten du hori dena, baita zahartzaroa izan daitekeen hori ere. Ederra da lagunak egunero zaharrago ikustea, sentitzea eta bizitzea. Are ederragoa litzateke denoi aldi berean garbigailua izorratzea eta elkarrekin labanderiara joatea, zentrifugazioak zer nolako bueltak ematen dituen ikustera, eta barre-algaraka zirkuan tximinoak bezala, bira guztiekin mareatu gabe gozatu eta zahartzea.