DEC. 26 2021 2022: Neguak uda noiz edertuko zain Okerrera baino egiterik ez duen klima larrialdia Mikel Zubimendi Hobe dugu prestatzea, datorrenari aurre egiteko prestaketa lanak azkartzea, ze argi dago: klima larrialdiaren inpaktua geldiarazteko ahalegin anbiziosoenek ere ez dute eragotziko. Errealitate berrietara moldatzea garestia izango da, oso neketsua. Baina iskin eginez gero, munduak norberekoikeriaren eta botere politiken eskutik jarduten jarraitzen badu, badakigu zer datorren: bizitzak arriskuan, elikadura kateak etetea, biosferak kolapsatzea, klimak eragindako errefuxiatu oldeak... Eboluzioaren norabidea finkatu da eta gure planeta bizitzeko desegokia den ingurune gisa markatzen du, leku babesgabe bat. Eta gure errua da. Eta munduak ezin du halakorik onartu. Datorren urtean Eskoziatik Egiptora egingo du jauzi klimaren aldeko goi-bilerak, Glasgowtik Xarm el-Xeikhera. Eta COP26an bezala, oso litekeena da COP27tik ateratako promesak pozgarriak izatea hasieran, baikortasun induzitu bat, adore-kolpe moduko bat, eta gero betikoa gertatzea, finantziaziorik ez, jarraipen egokirik ere ez, promesak esanahirik gabe uztea. Betikoa, espero daitekeena: batzuentzat etsipena eta gizateriarentzat atzerapauso estrategiko bat, eta besteentzat anbizio mugatuko aurrerapausoa, arrakasta taktikoa. Litekeena da Glasgowtik bezala Xarm el-Xeiketik ere berdin ateratzea: ekintza erradikalen faltan, erregai fosilen ekoizpenarekin amaitzeke, ekonomia etengabeko hazkunde baten logikatik aldendu gabe. Hitz potoloak hiztegi, hori bai, hori ziur. Goi-bilera hondamenditik salbatzeko azken aukera dela, eta bere misioa, klima larrialdiari aurre egiteko mundua batzea. Bukatzear den urtearen arrastotik dator berria. Erregistroak daudenetik beroena izan da aurtengoa. Siberian tenperaturak 38 gradura iritsi ziren, zirkulu polar artikoan inoiz ezagutu ez den errekorra markatuz. Australiatik Kanadako ipar-ekialderaino sute erraldoiak gertatu dira, Alemanian uholde hilgarriak... Jada eginda dagoen min baten ordainak dira eta gaitza zabaltzea espero daiteke. Inoizko 10 urte beroenak 2005. urtetik hona erregistratu dira, azken zazpiak jarraian. Naturaren ezinegona handituz doa, eta haserre horren ondorioak are beldurgarriagoak izango dira. Okerrena iristeke dago, iristear da. Gure bizitzei baino, gure seme-alabenei eta bilobenei eragingo die. Planetan, bizitzak klima aldaketa handi bat gainditu lezake, bai, espezie berrietarantz eboluzionatuz eta ekosistema berriak sortuz. Bizitzak ahal du, baina gizateriak ez.