7K - zazpika astekaria
2022: Neguak uda noiz edertuko zain

Oñatz Bengoetxea, urrezko belaunaldi baten azken bertso askea


Ia inoiz ez du enpresaren konfiantza osoa izan eta hogei urtez profesional gisa aritzeko ametsa ere bere kasa moldatu beharko du Oinatz Bengoetxeak, frontoi “industrialetatik” urrun egin beharko baititu urrira arteko azken hilabeteak. Leitzarrarena du Baikok –orduan Asegarce– lehen mailako azken txapela, 2017ko Buruz Burukoa hain zuzen ere, baina hori ere ez da nahikoa izan aurrelariaren azken nahia bete ahal izateko, nahiz eta udan zenbait herritan amu ederra izan zitekeen bere agurra jaialdiak saltzeko. Urtarrilaren 29an jarri dio enpresak azken partida Iruñeko Labriten, 2002an debuta egin zuen pilotaleku berean, eta egun horretan pilotaren urrezko aro bat amaitutzat eman ahal izango dugu, belaunaldi ikusgarri bateko azken pilotariak galtza zuriak erantziko baititu.

Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo izango dira pilotaren historiako urrezko aroaren protagonistak, baina, txirrindularitzan Miguel Indurainekin gertatu antzera, pilotazale askoren bihotzetan Oinatz Bengoetxeak leku berezi bat izango du, garaiko Claudio Chiapuccik txirrindularitza zaleen artean izan zuen bezala. Ausardiak, emandako ikuskizunak, fisikoki bera baino askoz indartsuagoak izan direnen aurrean kikildu ez izanak, efektuek, kontraerasoek zabaltzen zuten poztasunak… egin dute Oinatz Bengoetxea horren berezi eta maitatu.

Eta italiar txikiak ez bezala, erraldoi handi horiek aurrez aurre izan arren, palmaresa ere ez du nola nahikoa leitzarrak: Buruz Buruko bi txapel eta Lau eta Erdiko eta Binakako bana, hau da, historian hiru titulu nagusiak batu dituzten pilotarien “G-7” preziatuan sartu ahal izan du bere burua Julian Retegi, Fernando Arretxe, Abel Barriola, Aimar Olaizola, Juan Martinez de Irujo eta Mikel Urrutikoetxearekin.

Eta hori guztia bere izaera bizi eta alaiari beti leial izanda; bere “kaleko” jokoarekin, bere argi eta ilunekin, inoiz kexarik edo purrustadarik gabe eta beti –baita unerik gogorrenetan ere– orain ustez koadrotik “bota” duten gazteen aldamenean, haiei bultzaka eta laguntza ematen. Faltan botako hau; Oinatz!