7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Urte berri on


Egunak baino ez dira falta, 2022ari ongi etorria emateko eta igartzen da hori. Su artifizialak saltzen dituzten tokietan ilarak hasi dira, mertzerietako erakusleihoetan kulero gorriak jarri dituzte eta supermerkatu guztietan aurkitu dezakegu mahats zuria. Guztiz barneratuta ditugu Gabon zahar gaueko tradizio horiek, baina mundu zabalean ez dute berdin hasten urtea.

Ameriketako Estatu Batuetan, musu batekin hasten dute urtea hurrengo 365 egunetan bakardaderik ez sentitzeko. Mexikon, erratza hartu eta etxea garbitzen hasten dira energia txarrak uxatzeko. Ekuadorren, maleta batekin auzoari buelta ematen diote 2022an bidaia asko egiteko. Eta Danimarkan afariko platerak ateen kontra botatzen dituzte, zati askotan apurtzeak zorte ona dakarrelako.

Italiarrek, berriz, dilistak jaten dituzte aberastasuna erakartzeko. Japoniarrek 108 kanpaikada entzuten dituzte bekatu guztiak desagerrarazteko. Eta Argentinan, arrosa koloreko barruko arropa janzten dute zoriontsu izateko. Bakoitzak bere ohiturak dauzka, baina denok hasten dugu urtea modu berezian. Urte txarra izan bada, agur esateko, eta, urte ona izan bada, gure esker ona erakusteko.

Nik, aurten, Forun, gurasoenean hasiko dut 2022a. Ohi bezala, familiarekin afari gozoa jan, topa egin eta hamabi mahatsak irentsi ostean, bizilagunen arteko piroteknia lehia ikusten igaroko ditut urte berriko lehen minutuak. Eta mundu zabaleko tradizio guztietatik, bakarra inportatu nahi dut aurten. Ez naiz erratzarekin etxea garbitzen hasiko, ez dut maletarik aterako eta ez dut amak Gabonetarako gordetzen duen ontziteria apurtuko. Estatubatuarrek bezala, musuekin hasi nahi dut urtea. Gure etxean ez gara elkarri diogun maitasuna gehiegi erakustekoak, baina, igaro dugun guztia igarota, argi utzi nahi diet gertukoei maite ditudala eta alboan behar ditudala.

Pandemiak zeharo aldatu dizkit lehentasunak eta urte berriko promesarik ere ez dut egingo aurten. Ez dut esango gimnasiora joango naizela, errusiera ikasten hasiko naizela edo tango klaseetan izena emango dudala. 2022rako nahi dudan bakarra zoriontsu izatea da eta berdina opa dizuet guztioi. Urte berri on!