FEB. 06 2022 IRITZIA Euskaraz Amaia Uribe Duela egun batzuk Washingtoneko Kapitolioaren aurrean nengoela, estatubatuar bat euskaraz hitz egiten hasi zitzaidan. «Kaixo, zer moduz?» esan zidan, azentu amerikarrarekin. «Euskaraz hitz egiten duzu?» galdetu nion. Eta kontatu zidan, duela hogei urte ikasi zuela euskara arrazoi bitxi batengatik. Ameriketako Estatu Batuetako gobernuarentzat egiten du lan Markek. Eta antza denez, sasoi batean gobernuak langileei atzerrian egonaldiak ordaintzen zizkien hizkuntzak ikasteko. Baldintza bakarra zegoen: talde armaturen bat zegoen herrialde bateko hizkuntza ikastea. «Aukera paregabea zen. Beti eman dit atentzioa Euskal Herriko kulturak eta euskara ikastea erabaki nuen». Markek berak azpimarratu zidan bezala, «zuk eta biok badakigu ETAk ez zuela inolako interesik Ameriketako Estatu Batuei eraso egiteko». Baina bere nagusiak ez ziren detaile horretaz ohartu eta egonaldia ordaindu zioten Donibane-Garazin. Herri txikia izanik, aurki denek izan zuten euskara ikasten ari zen gringoaren berri. Hilabete batzuk eman zituen bertan eta bere bizitzako esperientziarik onenetakoa izan zela esan zidan. Eta bi hamarkada geroago, oraindik gai da euskaraz komunikatzeko. Ez da Ameriketako Estatu Batuetan ezagutu dudan euskal hiztun bakarra. New Jerseyko Vito, Negu Gorriak gustatzen zitzaiolako hasi zen euskara ikasten. New Yorkeko Columbiako Unibertsitateko irakaslea den Rafael madrildarra, berriz, gure hizkuntzaren doinua gustatzen zaiolako hasi zen euskara klaseetara joaten. Eta seguru denok ezagutzen duzuela Euskal Herriarekin inolako loturarik izan ez eta euskara ikastea erabaki duen norbait. Are gehiago “Ituño fenomenoaren” ostean. Horregatik, barrua sutan jartzen zait Gernikara joan eta nerabeak gazteleraz berbetan entzuten ditudanean. Euskara jatorra duten arren, nahiago dute hala moduzko gaztelera erabiltzea. Ez dakit “guayago” sentitzen diren edo modernoago. Baina argi dago arazo bat dugula eta, horri aurre egiteko, ezinbestekoa da erreferenteak sortzea. Aurreiritziak apurtuz, Twitter, Twitch eta reggeatona euskaratzen ari gara eta ea denon artean lortzen dugun pantailak euskaraz izatea. Agian horrela ulertuko dute nerabeek euskara “guaya” eta modernoa ere badela. Izan ere, ez du ezertarako balio atzerritarrak euskarara hurbiltzeak euskaldunak euskaratik aldentzen badira. Rompiendo con los prejuicios, estamos traduciendo al euskera Twitter, Twitch y el reggeaton y a ver si entre... conseguimos que las pantallas sean en euskera. Quizás así entiendan los adolescentes el euskera también «guaya» y moderno...