7K - zazpika astekaria
IRUDITAN

Zeharka

Argazkia: Geoffroy van der Hasselt | AFP

Sentimendu primarioez usu hitz egiten da haurrekin. Haserrea, alaitasuna, tristura, beldurra, lotsa... Norberak barnean daramatzan gogo-aldarteen identifikazioan lan eskerga egin ohi da behetik gora datozen txikiekin. Horiek identifikatzea ez ezik, sentimendu horiek era «sanoan» kudeatzea berebiziko aferatzat hartu izan da “helduen mundu” esaten zaion horretan.

Heldutasuneranzko zama horrek, aitzitik, baditu bere albo ondorioak. Izan ere, haurrei irakaspen hori helarazteko bidean, heldu horri ahaztu egiten baitzaio askotan norberak oraindik badituela bere barnean sentimendu horiek. Hain zuzen, garai likido hauetan, non mugikor eta bestelako gailuen hotsek zaratatzen duten isiltasunaren pean geratzen den bazter oro, apenas uzten zaio lekua barne gogoetari, edo, hobeto esanda, barne identifikazioari. Izan ere, adinean aurrera egin ahala, gero eta zailagoa izan baitaiteke bereiztea sentimendu horien artetik sortzen den erreakzioa. Haserrea, alaitasuna, tristura, beldurra, lotsa... eta inbidia eta ezin eramana ere bai.

Muturreko adibideetara jo gabe, eguneroko xume horretan, maiz egiten da zaila barne borborrari begietara begiratzea eta identifikatzea eta, areago, hori kudeatzeko prozesu batean sartzea. Errazagoa baita, ziur asko, egoerari zeharka begiratzea, nahiz eta hankapean duzun haurra behin eta berriz zu lagundu nahian egon.