7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Ustezkoak


Ustez ongi eginak lau haizeetara aldarrikatzeko prestu izan ohi gara beti edo gehienetan. Eta agian ez da ustez ongi dagoena erakusteagatik. Arauak eta lezioak nola ematen diren ikusita, norberarentzakoak eta besteentzakoak teorian eta praktikan ezberdinduz, badirudi erakusten denaren ostean gordetako interesen bat duena aritzen dela gehienetan bere buruaren propagandan, kalte egingo liokeen zikina ezkutatuz eta argi-oilarraren gandor dotorea denoi erakutsiz. Propagandaren aroa ere bai baita hau, egundo izan dena baino areago beharbada.

Eta ongi datorkiguna lau haizeetara hedatzea baino agian garrantzitsuagoa da gordean ezkutatu nahi dena ongi zaintzea. Antzina batean elizako hormetatik begira ipini zituzten gargolak, besteak beste fedearen etsaiengandik eta espiritu gaiztoetatik eraikina eta bere izpiritua babesteko. Munstro irudizko harri zaharrek amorru keinuz begiratzen digute gaur, ez ikusiarena egiten diegulako, ordezko dotoreagoz josi dituztelako herri eta hiriak. Gaur bankuetatik, harribitxien dendetatik, taberna atarietatik, kale bazter guztietatik begiratzen dute gargola modernoek, antzina bezalaxe fedegabe malapartatu eta gaizkile guztiongandik babesteko.

Uste ez dugunean ere badago ertzen batean gargola txikia, ezkutuan gordeta, begia zelatan, dena ikusten. Iazko udan, Bilboko auzo batean, bi pertsona atxilotu, eskuak lotu eta, fedegabe eta etsaien begiradatik ustez ezkutuan, ostikoka eta ukabilkadaka tratatu zituen Ertzaintzak. Denbora joan da ordutik, denbora beti badoa, eta orain atera da argitara gertakariaren berri. Ertzainentzat errugabetasun-presuntzioa eskatu zuen, hala ere, Urkullu jaunaren gobernuko Segurtasun sailburuak. Segurtasunaren guardarako eta gaizkileak zelatatzeko eta atzemateko jarriko zituzten kamerak, baina kamerak atzematen dituenak ez dira beti ustezko gaizkileak. Batzuetan ustezko errugabeen eta ustezko gaizkileen artean banatzen digute mundua, holaxe eta bere horretan gauzarik naturalena balitz bezala. Lehendakariarentzat, bestalde, gertaera horren irudien bideoa bere gobernuaren eskuetara baino lehen komunikabide batera iritsi izana da larriena eta haserrea eragin diona.

Gertaerak baino tristura eta haserre handiagoa eragin dio gertaeraren berri denok jakin izanak. Agintari horrengandik ez genuen gutxiago espero, Joseba.