7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Dramandreak


Antzerkiaren nazioarteko eguna ospatzen dugu gaur. Halako egunetako ohiko galdera izan ohi da zer ote dugun ospatzeko; kolektiboan hausnartzen dugu, eta zalantzak gailentzen zaizkigu, erantzunak aurkitu barik. Izan ere, lerro hauetan behin baino gehiagotan aipatu dugunez, beharbada ez da horren samurra arte bizien errealitatea eta etorkizun hurbila. Baina ongi pentsatuz gero, egunotan ezeren etorkizunak ez dirudi samur eta, are gutxiago, ziur. Dena dela, nik baikor hasi dut eguna, azken hilabeteotan goi mailako lanak ikusteko aukera izan baitut.

Lautan Hiru jaialdiaren baitan, Eneritz Artetxeren “Lakoste” lana ikusteko aukera izan genuen. Gernikako dramandreak sekulako transformazio performatiko eta pertsonala agertu zuen taula gainean. Euskal teatroko bufoi teknikaren erregina dugu Artetxe. Lotsagabe eta ezin komikoago barre egin zion bere buruari, antzerkilaria izateari, adin bateko emakume izateari eta euskal nortasun kulturalari. Bilboko jaialdi berean “Ogiak hizketan baleki” lana eskaini zen. Lantalde handiaren emaitza bada ere, Mamiak Kolektiboaren aurrenekoa, nabarmentzekoa da Josune Velez de Mendizabal aktorearen eta Marina Suarez eszena zuzendariaren emaitza. Traidore izatearen akusaziopean garrotez hilko dute okina den protagonistaren senarra 1836ko Gasteizen. Ahots batek arabar sortzaileari zera galdetzen dio: performance bateko protagonista izango bazina, zer kontatuko zenuke? Aulkiari itsatsita utzi gintuen lanak; kontatzen duenak eta kontatzeko moduak. Sekulako tragediaren aurrean aktore bakar batek gaur egunetik garai zahar batera garraiatu gintuen; tragedia itzel batean murgildu ginen antzerki sorpresa etengabean eta umorez betetako performance ezin borobilago batekin. Duela aste pare bat “Mierda de Ciudad” antzezlana estreinatu zuen Olatz Gorrotxategi zuzendari, antzerkigile eta aktoreak. Talde handi baten buru eman ditu azken hilabeteak Bilboko sortzaileak. Berriz ere, ikuspegi pertsonal batetik garai baten teatro erretratua ikusi genuen. Oraingoan gure gaztaroko lehenengo urte sozial eta politikoak taulan, baina kontzertu itxuran, jolas performatikoan; parranda erraldoia eszenan, kristoren adimenez eta umorez landutako antzezlan paregabe eta bete-betea. 

Hirurek komunean dute sortzaileen euren bizipenak eta gorputzak direla dramen hari nagusi, ildo eta iturri, baina testuinguru jakin batean, ez puztutako ego itsuetan. Publikoari zuzen hitz egiten diete, inongo traba edo konplexurik gabe. Umorea eta mina neurri berean azaleratzen dute hirurek, nostalgia tipikoetan erori gabe, sekula biktima errazaren irudia eman barik eta baikortasunez, gainera. Halako dramandreek egindako antzezlan paregabeak gogoratzearen gozamenez, nik gaur, behintzat, badut zer ospatu.