APR. 10 2022 IRITZIA Espaloien memoria GALDER PEREZ Konturatu gabe, egunero zapaltzen ditugu espaloi berberak. Guk zapaltzen ditugun espaloi horiek beste milaka lagunek ere zapaltzen dituzte eta, ziurrenik, geuk bezala, konturatu gabe egingo dute. Zer zapaltzen ari garen pentsatu gabe egiten dugu gure eguneroko bidea. Baina badira, ordea, oso gogoko ditugun izkina, kale edota plazak, horietan gordetzen baitira gure bizipenak eta memoria. Orbainak bezala, ondo gogoan ditugu gure gertaera zehatzekin lotutako espaloiak eta lekuak. Askotan aldarrikatu dugu kalea denona dela, baina gehiagotan ahazten zaigu. Izan ere, ibiltzeko, zirkulaziorako, soilik direla oso barneratuta dugu. Baina kaleek, espaloiek, egoteko ere balio dute. Mugimendu barik bertan egoteko, bizitzeko, gehiegi eskatzea ez bada, behintzat. Horri guztiari espazio publikoa esaten diogu. Baina gero eta pribatuagoa dirudi haren erabilerak. Esate baterako, duela urte pare bat terraza uholdeek okupatu zituzten gure kaleak, espaloiak eta espazio publikoa. Eta gu terraza horietan eserita egon gara, askotan borrokan, jesartzeko tokia lortzeko. Egin izan dugu, nola ez, horietako askoren erabilera. Ohitu ginen edo ohitu gintuzten. Gatazka izan zen orduan, kaleak bete zituztenean, eta bueltan dator orain tirabira, pandemiarekin ezarritako araudiak eta baimenak erregulatu nahi baitira. Kalean ere gertatu dira gure historian mugarri izan diren pasarte asko, kalea aldarrikapenerako lekua baita. Kolektiboak espaloiak bere egiten dituenean kaleen zentzua aldatu egiten da, eta gure espaloiek irribarre egiten dute orduan. Haien magalean elkarbizitza gertatzen denean espaloiak zoriontsu sentitzen dira. Oso ariketa ederra da ibiltzen ditugun espazioen gaineko narrazioa egitea, gaur zapaltzen dugun hori atzo zer zen oroitzea edota bertan gertatutakoa irudikatzea. Hiritarrontzat gure kaleek, mendiko bideek bezala, historia bat dute, guztiaren lekuko dira, protagonista eta, ondorioz, historia sortzaile. Beste adibide potolo eta eder bat jartzearren, azken hamar egun hauetan gure espaloi eta errepideetako asko oso zoriontsuak izan dira. Izan ere, kontziente eta alaitasunez zapaldu baititugu, kolektiboan, zirrarazko malko artean eta algaraka. Korrikak berriz ere bete ditu kaleak euskararen eta AEK-ko euskaltegien alde. Aldarrikapenak errepideak eta espaloiak bete ditu berriz ere, eta kolektiboak lortu du hori. Hori bai, gureak diren kale eta errepideen erabilera, ordena eta araudien izenean, debekuz estaltzen da batzuetan. Iruñean Korrika txikiekin gertatutakoa gogoratzea baino ez dago, errepideetara barik, espaloi meheetara kondenatuta. Baina herritar guztiak ez bagara, kaleek ezin dute bestelako jaberik izan. Horregatik orain, merezitako atsedena hartu ostean, zapaldutako errepideekin gogoratu, eta libre sentitu garen espaloi horien gainean hausnarketa eta memoria egin dezagun. Eta entzun, espaloiei entzun. Izan ere, egunerokotasunaren martxak gortuta, normalki ez diegu espaloiei berba egiteko aukerarik ematen. Egin dezagun hurrengo ibilbidea lurreko espaloiei begira eta adi entzuten. Harrituko gaitu kontatzeko duten guztiak eta izugarri alaituko gaitu bizirik sentitzeko duten beharrak. Geuk ematen diegu bizia. En la calle también han pasado muchos... que han sido en nuestra historia, ya que la calle es un lugar para la reivindicación. Cuando el colectivo hace suyos los espalones el sentido de las calles cambia, y nuestras espías sonríen entonces.