Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Ikasi eta desikasi

Egunero ikasten omen da zerbait. Uste dut, gainera, egunero desikasten dela zerbait. Nire ustez, ikasteak adina meritu dauka desikasteak. Ez daukat oso garbi zer ote den nekosoagoa.

«Bi mila eta bostehun subnormal dauzkagu Gipuzkoan». Horixe irakur zitekeen 1976ko maiatzean “Zeruko Argia”-n. Gaurko begiekin irakurrita, erreportajea ez zen samurra. «Jarreran, gorpuzkeran, ibilian, aurpegian ezagun zuen osoa ez zela». «Mutil atzeratu honek badaki Donostiako kaleetan bakarrik ibiltzen... oinezkoei bidea debekatzen dien argi gorriei igertzen badaki. Argi berdea pizten denean badaki batetik bestera joan daitekeena. Mandatuak egiten ere badaki. Baita adierazi behar duena adierazten ere». «Atzeratu guztiak ez dira berdinak... Batzuk zeharo atzeratuak dira, ordu askotako lanaren eta pazientziaren ondoan ikasiko dute beraiek bakarrik jaten eta janzten... hain zeharokoak direnak ere badira. Zenbait gauza ikas dezakeenik bada, irakurtzen eta ulertzen, adibidez. Azkenik, normalak baino zertxobait atzeratuagoak direnak ere badira».

Eta, segur aski, garaiko ikuspunturik irekienetakoa eta aurrerakoienetakoa eskaintzen zuen. Batetik, gai hori mahai gainean jartzeko erabakia hartu zuelako, eta artikuluaren azkeneko partea ere esanguratsua da: «Besteei baino gehiago lagundu behar zaien haurrik eskola guztietan bada... Psikologian eta pedagogian ondo jantzia den talde bat sortu beharko litzateke atzerapena dakarten haur horiei hobeto laguntzeko. Beste gauza asko bezalaxe, hau ere geuk egin beharko dugu». Aurrera begirako begirada baikorra zuen artikuluak.

Zorionez, ordutik lan handia egin da dibertsitate funtzionala daukaten pertsonen beharrak eta gaitasunak lehen lerroan jartzeko. Bidea egin da, baita jendartearen begiradan ere. Gauza asko ikasi eta beste hainbeste desikasi. Baina egia da hizkuntzan igartzen dela askotan nondik gatozen. Askotan malabarismoa egiten aritzen gara, desgaitasuna duen pertsona bati buruz nola aritu ez dakigulako. Baina interesgarria da pertsona asko esan baino lehen pentsatzen geratzen direla, hitz egokia topatu nahian. Eta horrek erakusten du badela egoki aritzeko nahia, inor ez mintzekoa edo gutxiestekoa, hitz justuena topatzeko borondatea.

Horregatik, mina ematen du Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagia «Gobernu hau inoiz izan dugu autistena» dela esaten entzuteak. Edo protestan egon diren garraiolariak «kamioilariak gara, ez gara atzeratu mentalak, ez gara tontoak» esaten entzuteak. Hori ez dute esan 1976an. Hori 2022. urtean esan dute komunikabideen aurrean. Gaitz erdi horrelakoek ziztatzen bagaituzte; okerragoa litzateke ez larritzea. Hitzek kontatzen dute mundua, ba ea nolakoa nahi dugun.