Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Ama

Ama hitza esateko goiko eta beheko ezpainak estutu behar dira. Gauza serioa da, egiatan esan behar da», bota zion esperientziadun emakumeak. Ostras. Orduan ez zekien –artean ez zelako ama– seme-alabek edozein unetan eta edozein eratan esaten dutela “ama”, inongo solemnitaterik gabe. «Ama, amets txar bat». «Ama, non daude galtzerdiak?». «Ama, zer dago afaltzeko?». «Ama, zer eguraldi egingo du?». «Ama, dirua emango?». «Ama, beranduago iritsiko naiz». «Lasai ama, zuk egin lo». «Ama, etorriko nire bila?». «Ama, besarkada bat behar dut». «Zergatik haserretzen zara, ama?».

Bera ama da, baina ez daki ama ona ote den. Seko lo geratu izan da eta ez du haurraren negarra entzun lehenengotik. Haurrak ondo lo egiten duenean gehiago maite duela pentsatu izan du. Azazkalak mozten desastre hutsa da. Batzuetan amatasuna lepoan estutzen dion soka dela iruditzen zaio eta korrika alde egin nahiko luke. Aurrekoan semeak egindako galdera bat ez zuen erantzun, denbora eskatu zion pentsatzeko eta hurrengo egunean “ez dakit” narras batekin erantzun zion. Koinatak abisatu zion alabak zorriak zituela, berak ez zekien nolakoak ziren zorriak. Zigorrak barkatzen ditu beti. Bere seme-alabek beti nahi dutena egiten dutela esaten du haserre haien aitonak. Batzuetan amorratu egiten da “ama” entzuten duenean hor etxean zehar eta hitz hori entzuteaz nazkatuta dagoela pentsatzen du. Plantxatu gabeko gonarekin bidali zuen alaba dantza emanaldira behin –edo bitan–. Eta kozinatzeko gogorik ez duenean, pizza eskaintzen die.

Amatasunaren inguruan dezente entzuten ari da azkenaldian. Liburuak, emanaldiak, hitzaldiak. Badirudi amatasuna gauza serioa dela orain, modu publikoan hitz egiteko adina. Amatasunaren inguruan eraiki den eta emakumeei zainetatik sartu zaien eredua estua da; ama bakarra dela, seme-alabengatik norbait akabatzeko indarra daukala, amak bezala ez zaituela inork maitatuko, ama beti ama beste guztiaren gainetik... A zer itolarria. Orain, beste amak entzunez, konturatu da ama gehienak ez direla estereotipo horretan kabitzen eta lasaitu egin da. Agian bera ez da hain ama txarra, edo agian denak dira ama txarrak eta bakea.

Amatasunak bere bizitza aldatu du. Seme-alabak ezagutu zituen egunetik bertatik sentitu zuen maitasun klase berezia zela, birikak goraino betetzen dizkizuna. Zoragarria eta amorragarria izan daiteke. Batzuetan, bi gauzak batera. Hasieran haur txikia etxean utzi eta kalean bakarrik ibiltzen zenean, munduari ama zela oihukatzeko behar primitibo bat sentitzen zuen, haurra aldean ez izan arren, ama zela berresteko bezala. Patxadatsuago sentitzen du orain. Ama dela badaki, baina gauza gehiago ere bada.