Amaia Uribe
IRITZIA

Abortu eskubidea

Naomi Nebraskakoa da. 19 urte ditu eta haurdun geratu da, baina une honetan ez du ama izan nahi. Omaha hiriko klinika batean ordua hartu eta haurdunaldia eten du. Alabaina, baliteke aurrerantzean emakume askok Naomik izan duen aukera ez izatea. Maiatzaren 19a da lerrook idazten ari naizen eguna. Ez dakit zein izango den egoera artikulu hau argitaratzen den egunean. Horregatik, orainaldian ariko naiz. Bagoaz.

Estatu Batuetan abortua legeztatuta dago haurdunaldiko 23. astera arte. 1973an Auzitegi Gorenak onartu zuen sententzia batek abortu eskubideari babesa ematen dio herrialde osoan. Baina, gaur egun, 49 urte geroago, gehiengo kontserbadorea dago Gorenean eta badirudi sententzia hori bertan behera utziko dutela.

Horrek estatu bakoitzaren esku utziko du abortuaren inguruko legedia eta herrialdea erdibituta geratuko da. Demokratek gobernatutako estatuek abortu eskubidea bere horretan mantenduko dute, baina errepublikanoek gobernatutako estatuek abortua mugatzeko edo debekatzeko neurriak hartuko dituzte. Nebraskako gobernadoreak, adibidez, esan du abortua guztiz galarazi nahi duela (baita intzestu eta bortxaketa kasuetan ere). Texasen aldiz, polizia lanetan jarri nahi dituzte herritarrak eta 10.000 dolarreko ordainsariak eman gura dizkiete abortu saiakeraren bat salatzen dutenei. Bederatzi epailek hala erabaki dutelako, beraz, milioika emakumeri bizi diren estatuan abortatzeko eskubidea kenduko diete. Eta honek, bereziki, diru sarrera gutxi dituztenei eragingo die, ez dutelako aukerarik izango beste estatu batzuetara abortatzera joateko.

Ondo dakit zer den haurdun egotea eta zer den ama izatea. Eta Nebraskako, Texaseko zein munduko edozein txokotako emakumeok eskubidea izan behar dugu haurdunaldiarekin jarraitu nahi dugun edo haurdunaldia eten nahi dugun erabakitzeko. Gure gorputza da, gure bizitza eta gure erabakia. Eta ez epaileak, ez politikariak ez dira inor erabaki hori hartzeko.

Abortu eskubideari herrialde mailako babesa kentzeak 49 urte atzera egitea ekarriko du Estatu Batuetan. Eta zer izango da hurrengoa? Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak debekatzea? Munduko potentzia ekonomiko handiena izango da hau, baina eskubideei dagokienez aurrerantz barik atzerantz doa. Eta nolako tristura ematen didan horren lekuko zuzena izateak.