Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Oreka

Argazkia: John Wessels | AFP
Argazkia: John Wessels | AFP

Oreka. Ertz baten gainean erortzearen arriskutik salbu uzten gaituen egoera. Esanguratsua, fisikotasunari begiratuz gero, goiko irudiak iradokitzen duena. Sierra Leonan hartutako argazkia da, duela aste batzuk egindakoa, Freetowngo hondartzan. Anputatuen Kirol Elkarteko jokalariak ari dira futbolean jokatzen. 2002. urtean sortu zen, gerra amaitu zenean eta 70 bat lagun aritzen dira kirolean; tartean, dozena inguru emakume. Guztiei falta zaie gorputz atalen bat, izan hanka, izan besoa, baina orekaren egoera makuluz lagunduta aurkitzen dute.

Harago joanda, batera edo bestera ez erortzetik salbu jartzen duen egoera horrek, orekak, bestelako zentzu bati zabaltzen dio atea. Izan ere, fisikotik haragokoa da irudian ageri diren lagunen galera. Bizitzaren zentzuari arrazoiketa bat bilatze aldera, egunerokoari oreka bilatzean datza norberaren balioaren sekretua.

Ordekan, eroso joateak aiseago egiten du bidea, baina gorakoak eta beherakoak ustekabean agertzen dira denborak ihes egiten duen eguneroko jardunean. Dena azkar, dena ziztuan, dena oharkabean bizi eta antzematen ohitu garen egunotan, bide ertzetara bultzatzen duten indar zentrifugoek alboratzen dute norbera maiz, gorantz jarraitzeko ahalmenik gabeko gizabanakoak ginatekeelakoan, sentimenduen hauspoa erabat berotuta bizi da norbera. Askotan errazena bidean geldialdia egin eta inguruari begiratzea denean.