AMAIA URIBE
IRITZIA

Makinak eta kontsumoa

Supermerkatura joan naiz. Arroza, esnea eta bananak saskian sartu eta ordaintzera joan naiz. Eta hara non, lehengo kutxak kendu eta norberak ordaintzeko makinak jarri dituzte. Banan-banan produktuen barra-kodea eskaneatu, txartelarekin ordaindu eta alde egin dut. Inorekin berbarik egin barik. Inoren irribarrea jaso barik. Inori egun on esan barik.

Gure ingurua digitalizatzen ari da. Bankuko gestioak kutxazain automatikoetan egiten ditugu, aireportuetan maletari jartzen zaion pegatina makinetan inprimatzen dugu eta mugikorrarekin “Siri”-ri galdetzen diogu ea zein den gertuen dagoen kafetegia. Ohitu egin gara, horretara ohitzerik badago behintzat. Baina faltan botatzen ditut Gernikako banketxean bromak egiten zizkidan behargina, aireportuan beti umore txarrez egoten den langilea eta kalean ikusten dudan lehenengo pertsonari helbideren bat non dagoen zuzenean galdetzea. Konturatu barik, makinetara jotzen dugu lehenengo. Normalena hori balitz bezala.

6 urteko nire semeak ez dauka inolako arazorik makina horiekin, makinaz inguratuta jaio delako. Baina 93 urteko amona ez da konpontzen. Makinak arrotzak dira berarentzat, hotzak, ezezagunak, beste mundu batekoak. Mugikorrik ere ez dauka, beraz, atera kontuak. Ezinezkoa da berarentzat diru sarrera bat egiteko banketxeko makina erabiltzea.

Modernotasuna dela saltzen digute, makinak eraginkorrak direla eta mundua errazteko asmatu dituztela. Onak izango dira produktuak eskaneatzen, baina ez dakite arropa baten neurri handiagoa behar dugun esaten edo zer arrain erosi gomendatzen. Gure herrietan denda txikiak ixten ari dira online bidezko salmentagatik. Merke erosi nahi dugu, azkar iristea nahi dugu eta etxean bertan jaso nahi dugu. Multinazionaletan edo kate handietan bost alkandora erosi nahi ditugu, herriko dendan alkandora bat kostatzen den prezio berean. Baina bost alkandora horiek erosteak ondorioak ditu. Eta begiak ireki behar genituzke, beranduegi izan aurretik eta merkataritza txikia eta zuzeneko arreta desagertu aurretik.

Nik nahiago dut jasangarritasunez diseinatu duten alkandora bat izan, Pakistanen emakumeak esplotatuz jositako bost alkandora izatea baino. Eta nahiago dut langile batek erosi dudana kobratzeko ilara luzea itxaron behar izatea, makina batean azkar ordaintzea baino. Herriko dendak, supermerkatuak eta banketxeak bizi-bizi ikusi nahi ditut, jendez beteta. Eta horretarako, ezinbestekoa da zer eta nola kontsumitzen dugun aztertzea.