Mikel Etxaburu, “Hodeiak zapatetan” liburutik
IRUDITAN

Arrain gorrizko hodeiak

Arrain gorriz betetako hodeiak ikusi ditugu.

Gizendu ahala, euriarekin batera

erreketara eroriko dira arrainetako batzuk.

Besteek ez dute pentsamendu batek adina pisu

eta hodeietan geratuko dira betiko:

badelako euri tanta bat baino gutxiago

pisatzen duen arrain gorririk.

Arrain gorriz betetako hodeiak ikusi orduko

teilatuetan biltzeko ohitura daukagu,

erreketara erori ez diren arrain gorriak

salbu gorde ditzagun kristalezko ontzietan.

Eta noizean behin hodeietara ere igotzen gara

pentsamendu batek adina pisu ez duten

arrain gorrien ondora, hemendik ihesean.

Gutako batzuk, hodei gurietan gizendu ahala,

euriarekin batera eroriko gara erreketara.

Eta beste batzuk hodeietan geratuko dira betiko:

badelako euri tanta bat baino gehiago

pisatzen ez duen aberririk.