Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Anjel Lertxundi

«Erdipurdiko idazlea izateko beharrezkoa da irakurle handia izatea»

Argazkiak: Andoni Canellada | Foku
Argazkiak: Andoni Canellada | Foku

Inoiz baino askeago sentitu da “Desertuan behatxuloa” saiakera idazterakoan. Barrura bilduta. Bere burua biluzteko pudorerik gabe. 74 urte beteta, ez zaio itzali umetatik datorkion literaturarekiko grina, dela idatziz, dela irakurriz. Bere Zarauzko etxean hartu gaitu, adeitsu, Anjel Lertxundik (Orio, 1948). Artelan ederrez jantzitako paretak. Landareen berdea eta loreen kolore biziak nonahi, bezpera umelaren ondorengo egun eguzkitsuan. Oso berea duen zorroztasuna erakutsi du solasaldian, umorez zipriztinduta.

 Basamortuko hondarra zeru urdinarekin kontrastean. Eta aurrez aurre, ate gorria, irekia. Irudi horrekin egin dio ongietorria Lertxundik irakurleari lan berriaren azalean. Behatxuloaren metaforari tira egin dio izenburuan. «Ateko behatxulotik begiratuz aztertzen dugu errealitatea. Hurbilenetik hasi, etxetik, eta zabaldu egiten da baldin eta modua baduzu. Hedabideak eta horretarako daude. Oso apala eta oso pertsonala da abiapuntua eta behatxulo horretatik juzgatzen duzu errealitaterik orokorrena ere, ez duzu begirada aldatzen. Metafora polita iruditu zitzaidan nobelan kontatzen dudan guztia nire bizitzako kontakizunez osatua delako, nire ikuspegitik; eta iruditzen zait badela nire belaunaldiaren ikuspegia ere», esan du.

Adin bertsuko lagunengandik jaso duen erantzunaz galdetu diogu. Esker ona. «Eskertu egin didate jendartearen sekularizazioaren prozesuaz idatzi izana, guretzako hain inportantea izan dena eta isildu egin duguna. ‘Pasa da eta ez da existitzen’, esan diogu geure buruari. Eta ez da egia existitzen ez denik, norberak dauzka bere heziketaren zamak, obsesioak eta kulpak. Gaiaz hitz egin ez izanak ez du esan nahi existitzen ez denik. Guk bizi izan genuen garai hartan ematen zuen eliza oso inportantea zela, den-dena arautzen zuena, eta bat-batean beste bizimodu berri bat inauguratu genuen. Bietako bat, edo botere hark ez zuen hainbesteko indarrik orduan edo gu gara ondoren eraiki dugunok indarrik gabea; errazegi pasa genuen, eta ez zait logikoa egiten», nabarmendu du.

Garai batean jasotako formazioaren eraginaz aritu gara. «Liburuan desikasteaz hitz egin dut, baina behin ere ez duzu desikasten nahiko zenukeen adina. Gainera, desikasteak badu gordetzea merezi duena ere baztertzearen arriskua, garai hartako gainontzeko guztiarekin batera; alegia, aro oso bati uko egitea». Ezin esan urte gozoak izan zirenik. «Batetik diktadura eta bestetik erlijioa, den-denera iristen zena... gure belaunaldia markatu zuen», dio.

Erruduntasuna. «Gaur ez da ‘bekatu’ hitza erabiltzen baina bai erruduntasuna. Guk idazle lagunon artean sarri erabiltzen dugun esaldia da ‘bueno, bueno, kendu ezak gainetik judeokristau hori!’ –kontatu du–. Pentsa nola dabiltzan Ameriketako Estatu Batuetan abortuaren kontuarekin. Heziketa ideologiko baten ondorioa da, praktikoki Erdi Arotik honantz indarrean izan dena eta ez da deserrotzen dekretu bidez. Derrigor eskatzen du prozesu luzea». 

Oso beretik sortutakoa da saiakera, «oso nire behatxulotik begiratutakoa», adierazi du. Elizaren boterearen gaineko hausnarketarekin batera beste hainbat, aspalditik kezka iturri dituen gaiei lotutakoak, adinak oparitutako perspektibatik begiratuta.

Oso gustura geratu da liburuarekin. «Askatasun handiarekin idatzi dut nitaz ari nintzelako, izan ere, nitaz aritzeko ez dit inork eskubiderik kenduko. Gustukoa izango duzu ala ez –niri ere ez zait gustatzen nitaz esaten ari naizen kontu bat baino gehiago–, baina... askatasun eta sintzeritate handiz idatzi dut eta asko pozten nau horrek. Noski, familia eta lagunak hor daude eta tentuz ibili behar duzu. Alabei pasa nien argitaratu aurretik irakur zezaten. Nagusienari beti ematen diot, baina liburu hau bereziki», bota du.

Bidelagun izan du Juan Kruz Igerabide idazlea, Alberdania argitaletxearen eskariz editore lanetan aritu dena proiektu honetan. «Ni baino gazteagoa da, baina garai bertsuan seminariotik pasatakoa da bera ere. Bere sugerentziak oso ondo etorri zaizkit, hori bezalako laguntzarik ez dago», esan du.

Garbi dio. Oroitzapen propioak birziklatu gabe ez dago idazlerik. Norberatik –memoria, bakardadea, heriotza–, kolektibora –politikagintza, jendartearen jarrera–, gaiak aletuz doa Lertxundi, batetik bestera salto eginez, saiakeraren generoak eskaintzen dion askatasunarekin. «Aforismoak eta hausnarketa landuagoak tartekatu ditut, eta irakurleari ere ondo datorkio. Egia da salto handiak daudela batzuetan eta saiatu naiz ezkutuko loturak egiten».

Memoria. «Arkoia edo kofrea balitz bezala irudikatzen dugu, bertan objektuak gorde eta garatzen ez dena. Baina hori baino askoz dinamikoa da, gauza biziak dira bertan daudenak eta heltzen ari zaren heinean gordetako gauza desberdina da berriz errekuperatu beharrean gertatzen zarenean. Zu bezalaxe hura ere haziz doa. Batzuetan engainatu egiten zaitu, baina ez dakizu bera den engainatzen zaituena ala zuk nahi duzun memoria engainatu. Eta bigarrenetik gehiago dago... Lotsa ere bada tartean, deseroso gerta daiteke gogoratzea eta nahiago ahaztu», esan du irribarrez.

Berdin gertatzen da Lertxundiren esanetan memoria kolektiboarekin ere. «Distantziarekin erlatibizatu egiten dituzu gertaera larriak izan zirenak eta, aldiz, hain larriak izan ez zirenak larri bihurtzen hasten zaizkizu. Eta oroitzapen berdinak dira».

Heriotza. “Zein estrainioak, zein kontrolaezinak hemendik gutxira ez naizela biziko gogorarazten didan momentuak”, liburuko hausnarketa. Nola egin aurre horri? «Gogorra egiten da, baina orain jada ez zait gogorra egiten, formulatzeak liberatu egiten nau. Egoerari galdu egiten diozu beldurra. Eta irakurleari zer pentsatua ematea bera nahikoa da –adierazi du–. Psikoanalistarengana doana ere hitzetan jartzean hasten da jabetzean zer gertatzen zaion».

Politikagintza. «Urteak dira politikoki zuzenaren izurria etxera sartu zitzaigula», dio liburuko pasarte batean. Hedabideon aurreko aurkezpenean «besteak entzun nahi ez dituen gizartean bizi gara eta politikan garbi ikusten da hori», nabarmendu zuen. «Gorren gizartea sortu dugu, bakoitzak bere diskurtsoa dauka, badaki besteak zer esango duen eta ez da hortik mugitzen. Eta inpresioa daukat ez dela politikaren alorrean bakarrik gertatzen. Bai hedabideetan, bai enpresetan lan harremanetan... neoliberalismoak horretara garamatza. Eta egoera soziala gaiztoa denez langileak ez dauka bermerik egoerari aurre egiteko».

Hutsunea. Jorge Oteizak 90 urterekin etxeko terrazan “salgai dago” kartela jarri zuenekoa gogoratu du liburu berrian. Barre egin du, gertaera gogoan. «Bakarrik sentitzen zen eta jendearekin hitz egiteko gogoa omen zeukan eta etxea saltzeko asmorik ez, noski... –kontatu du–. Bizitza osoa jendez inguratuta eman zuen. Seduktorea zen. Hiztun ona zen eta ingurukoak irabazi egiten zituen. Berarekin egoten nintzen eta konturatu nintzen hainbeste zurrupatzen zintuela gero ez zinela gai zeurea errekuperatzeko. Xabier Letek eta biok –hura ere seduktore hutsa– hitz egin genuen behin baino gehiagotan horretaz. Jendearekin kontaktua behar zuen berak bere dinamoa elikatzeko».

“Ez dugu inoiz hainbeste sentitu maite ditugun bizien presentzia urruna eta maitatzen segitzen ditugun hilen absentzia hurbila“, irakur daiteke pandemiaz eta afektuez. «Emaztearen hutsunea oso presente dago berez, eta, pandemiaren bakardadean, zureak ere –alabak, haien umeak– urrundu egiten dira». Hutsuneari aurre egin nahian, etxe berean beheko solairuan bizi duen alabari eta haren familiari egindako eguneroko bisitak –«garagardo bat hartu eta...»– izan zituen arnas eta leiho. Izurriak sortutako “dependentzia” ez zuen ondo eraman. «Kolpean ezin duzu etxetik irten eta beharrezko gauzak ekarri egiten dizkizute ingurukoek. Osasunez ondo zaude, ez daukazu inolako arazorik bat eta bestea egiteko, baina dependentzia sortzen da; eta gogorra egiten da», aitortu du.

Giza portaerari argia. Literatura zertarako? «Mundua ezagutzeko dela esan ohi dugu, baina ez, gure burua ezagutzeko da neurri handi batean. Irakurtzea eta idaztea biak dira orrialde beraren bi aldeak. Irakurtzeak ematen dizun dibertsioa edo ondo idatzitako eta ondo egituratutakoak ematen dizun atsegin sentsazioa dago batetik. Eta ondorioztatzen dituzun hausnarketak ere ondo datozkizu zure formaziorako. Bestela ez baitzenituzke egingo. Horretaz goza dezakezu lerro bakar bat idatzi gabe beharrik sentitzen ez baduzu. Bigarren bizitza da idaztearena. Zu zeu hasten zara irakurritakoen pareko zerbait esan nahian. Idazlea, idazten ari denean, bada irakurlea, bere buruaren irakurlea. Idazlea askotan neurriz kanpo kontsideratua dago, baina idazle baten atzean idazle on bat ez badago igarri egiten da. Erdipurdiko idazlea izateko beharrezkoa da irakurle handia izatea», azpimarratu du.

Giza portaerari argia emateko bide ematen du arteak Lertxundiren esanetan, tartean literaturak. Bistakoa du arte plastikoekiko interesa. Etxean dituen artelanez jakin nahi izan dugu. «Zorionez etxean dauzkadan artelanetako asko lagunek oparitutakoak dira. Eta haiekin batera kapritxoz artista zarauztarrei erositakoak».

Artista lagun dezente izan ditu. Antton Olariagaren obra handi batek hartzen du sarrerako horma ia osoa. Emaztea eta biak ikus daitezke, txalupan arraunean. «Konturatu zara nola ari garen? Bakoitza bere aldera, elkarren kontra. Badakizu, Olariagaren umorea!», esan du oriotarrak.

«Artistatzat jotzen dut goitik behera Antton Olariaga, harreman estua izan dut berarekin, baita Alejandro Tapiarekin eta Carmelo Ortiz de Elguearekin ere, esaterako. Niretzat plazer izugarria da artista baten estudioa ezagutzea, batez ere bere erregistroak eta lan egiteko modua ezagutzeko aukera duzulako eta konparazioa egin dezakezulako zeu egiten ari zaren lanarekin». Etxera sartu eta bere bulegoa ikusteko guk daukagun jakin min bera.  

Emakumeen iraultza. Literaturaren plazan sortzaile berriak jarraitzen dituen galdetu diogu. Nabaria da baietz. «Euskararen munduan oso denbora laburrean iraultzatxo bat gertatzen ari da. Argitaletxe ez konbentzional dezente sortu dira eta, batetik, horien inguruan biltzen direnena. Eta horrekin batera emakumearen eskutik literaturan duela urte batzuetatik etorri den fenomenoa, ez idazle moduan bakarrik, baita itzultzaile bezala ere. Zalantzarik ez dago, emakumeek egiten duten literatura oso desberdina da guk egiten dugunetik. Guk inoiz hausnartu ez ditugun gaiak ari dira agertzen eta zer ikasi ematen. Oso fenomeno interesgarria eta erakargarria egiten zait».

«Egia da diskurtsoa oso zentratua dagoela gorputzean –egin beharrekoa–, baina zabaltzen joango dela uste dut. Homeroren garaitik 3.000 urte igaro dira eta amatasuna bezalako gaiez literaturak ez zuen inoiz hitz erdi bat esan. Denbora asko da! Eta esku onarekin egin dute, gainera, perspektiba askotatik landuta eta ukitu artistiko inportantearekin», gaineratu du.

Bizitzaren joan-etorrian eta bizi duen une honetan bada zer pentsa ematen dion zerbait, «bere garaian garrantzirik eman ez zenien zirkunstantziak zenbateraino izan diren garrantzitsuak. ‘Hau egin nuen beste hura egin beharrean’. Ez dira gauza apartak, oso gorabehera arruntak baizik, baina markatu egiten dute», aitortu du.

Irakasle lanak utzi zituenekoa datorkio gogora. Donostiako Irakasle Eskola ixtera zihoan EHUn irakasle izateko euskarazko ikasketak hastera zihoazelako. «Lanik gabe geratzera nindoan. Emazteari urtebetez aurrezkietatik bizi eta idaztera dedikatzea proposatu nion. Hark nire gain utzi zuen erabakia. Zalantza bakarra zuen, idazleen bohemio bizitza eta diziplina falta. ‘Aizu Marikarmen, nik 6-7 urte egin nituen seminarioan nire gelan sartu eta bakardadean ikasten!’, erantzun nion. Adin haietan gainera, 11 urte bainituen sartu nintzenean eta 17-18 irtetean».

Oroitzapenekin 1988-1990 urteen bueltara egin dugu atzera. «EHUn nahiko giro txarra zegoen eta gainera tesia egin eta doktoretzaren gurpilean sartu behar nuen. Bazen beste zerbait, ordura arte literatur programa nik egiten nuen Irakasle Eskolan. Konfiantza osoa ematen zidaten, askatasuna nuen. Noski, nik maite nituen gaiak lantzen nituen ikasleekin».

ETBren enkarguak, zinemarako gidoiak, antzerkirako testuak... denetarik egin zuen lana utzi zueneko garai hartan. Euskal letren historian bere izena letra larriz idatzi duen autorea idaztetik bai, baina ezin literaturarik bizi. Euskal literatur sistemaren ahuleziak bere gordinean. Baita gaur ere. «Hitzaldi bat ematera gonbidatu naute orain gutxi. Gaia interesgarria zen eta ez daukat batere kexarik. Baina hilabete eta erdi behar izan dut prestatzeko eta jubilazioa kobratzen dudalako eskaini ahal izan diot denbora hori, hitzaldiagatik ordaintzen dizutenarekin ezinezkoa da», bota du.

Askatasuna eta galera –oso gustukoa zuen ikasleekin harremana–, sentipen biak eragin zizkion irakaskuntza uzteak. “Otto Pette” idazteari ekin zion, lan mardula, laguntza ekonomikoari esker gauzatu ahal izan zuena. «Bingen Zupiria [Lakuako kultur kontseilaria] eta biok behin liburuaz ari ginela, gogoratu nion Madrilen [Kultur Ministerioan] eskatu behar izan nuela beka. Bestela ez nuen posible izango. Urtebeteko dedikazio osoa gero hemen salduko nuenaren arabera... Horrek hilabeterako ere ez zidan emango».

Ez dirudi egoera etsipenez bizi izan zuenik. Onartzea besterik ez zitzaion geratu. «Oso herri txikia gara, irakurlea ere mugatua da», esan du. «Eta Euskal Herritik kanpo argitaratu nahi baduzu –‘Otto Pette’ (Seix Barral) eta beste hiru lan Alfaguararekin atera nituen– hainbesterainoko lana da...  Ez itzulpena bakarrik, gero promozioa dator. Etxera letxe txarrean itzultzen nintzen gainera, garai gogorrak ziren eta bazter guztietan hemengo egoera politikoaz galdetzen zidaten, askotan nire liburuaz ez beste guztiaz». 

Lan bakartia da sortzailearena. «Lau pareten artean zaude, baina garatzen duzu abilidadea etxe zulotik atera gabe bada ere zure pentsamendua kanpora atera dadin», adierazi du.

Nobelak baino beste generoek pizten diote arreta. «Bitxia da, urteek aurrera egin ahala pixkanaka saiakerara jotzen dut. Bolada batzuetan gehiago irakurtzen dut nobela baino, hori bai, literaturarekin edo artearekin lotura zuzena duena, horiek dira interesekoak ditudanak. Eta poesia ere gehiago irakurtzen dut nobela baino, baina idatzi, ez dut idazten».

Urteak dira irakurri eta idazteari ekin aurretik –liburuz betetako bulegoa du etxean– ibiltzera ateratzen dena. Burua bakarrik ez, gorputza ere zaintzea komeni. Goizean goiz. 05.30ean jaiki eta 06.00etan ekiten dio Zarauztik Getaria alderako bideari, azken urteotan alaba nagusia lagun duela. «Lehen beranduxeago ibiltzen nintzen, baina emaztea gaixotu zenean –minbiziak eraman zuen duela hiru urte– berari laguntzen nion botikekin eta goizago egin beharra neukan Getariarako buelta», kontatu du. Itsasoa ondoan beti. «Argitasuna dago, beste bideak ilunago egoten dira ordu horietan».

Sasoiko ikusten da, baina badu «arazo bat». «Gero eta urrutiago dago Getaria!», bota du irribarretsu.

Literatura bidelagun. Literatura beti bidaide. 15 urte besterik ez zituen lagunak “idazle” deitzen hasi zitzaizkionean. «‘Jóvenes’ aldizkariak literatur sariketa egin zuen. Estatu osotik aurkeztu ginen gazte asko eta lehendabiziko saria irabazi nuen narrazio batekin. Hark adarra jotzeko bidea eman zien nire ikaskideei –dio umoretsu–. ‘Idazle’ tituluarekin geratu nintzen lagunen artean». Gazteleraz idatzia zen narrazioa. Euskarara jauzi nola egin zuen jakin nahi izan dugu. «11 urtetatik euskarazko gramatikako eskolak ematen zizkiguten eta justu une hartan hasita nengoen euskaraz serio irakurtzen eta idazten. Juan Mari Lekuona irakasle izan nuen eta zerikusi handia izan zuen».

Ez zen bakarra izan. Euskaraz idazteko erabakiaren atzean senitarteko batek pisu handia izan zuen. Iltzatuta geratu zitzaion hark egindako komentarioa. «Behin Oriora, amaren baserrira, Etxeberrira, bisitan joan eta osaba oso maite batekin nengoen. Hizketan ari nintzela –negua seminarioan pasata eta euskara pixka bat herdoilduta– ‘motel, motel, euskara ahazten ari al zaik?’, bota zidan. Sekulako kolpea izan zen, kristoren lotsa pasa nuen. Inoiz komentatu nion ze ‘faena’ egin zidan –txantxetan–, zer lortu zuen hura esanda. Bera, gainera, Erregimeneko gizona zen. Garai hartan bazeuden euskaldunak euskara utzi ez zutenak nahiz eta frankistak izan».

Idazle ofizioaz ari garela, Salbatore Mitxelena idazleak esana ekarri du gogora. Garai hartan ulertu ez zuena. «Izeba baten anaia zen eta, behin etxean gure ama bisitatzera etorri zenean –Suitzan zegoen–, idaztea gustuko nuen galdetu zidan. Ilusio handia egin zidan galdetzeak. Bera asko sufritutakoa zen, depresioa ere izan zuen idatzitako kontu batzuengatik eta alde egin beharra izan zuen horregatik, hain zuzen ere. ‘Ai, idaztea… batzuetan ze latza den!’, esan zidan. Nik disfrutatu besterik ez nuen egiten, paralizatuta geratu nintzen hori esan zidanean».

Literatura bidelagun dolu garaian ere. Izan zuen arrastoa utzi zion idazlerik. «Emaztearen gaitzaren garaian asko irakurri nuen horretaz. Anatole Broyard idazle amerikarraren ‘Ebrio de enfermedad’ (Ediciones La Uña Rota) irakurri nuen. Minbizi gogorra izan zuen eta gauza oso interesgarriak idatzi zituen paziente gisa medikuei buruz. Oso ondo etorri zitzaidan. Hura irakurriaz hasi nintzen ni idazten eta argitaratu nuen ondoren ‘Zu’ liburua», kontatu du.

60 urte bete zituenetik urte bakoitza eskertu dio zientziari. «Nire aurreko belaunaldiak 60 urteko bizi-esperantza zuen, beraz, urte bakoitza oparia da».

Landarez betetako etxean utzi dugu. Emaztea joan aurretik inoiz lorezaintzan aritu gabea zen. «Goizero begiratzen diet, ‘zimeltzen ari haiz’, esaten diot bati, hosto lehorrak kendu... Tarteka burutik pasatzen zait emazteak ikusten banau zenbat barre egiten ari ote den nire kontura. Etxe handia da eta behin, duela urte batzuk, 67 loreontzi kontatu nituen. Gero, gaixotu zenean pixkanaka kentzen joan zen». Orkidea bat du lagun emaztearen argazkiak, bere bulegoko mahai gainean. «Daukadan lorerik zailena da, ez dut asmatzen», esanez agurtu gaitu. Presentziak eta absentziak.