MARKEL URRATE ANTIA - SALTO TRAINING

Informazio gehiegi

Orojakileak gara. Gaur egun gero eta eztabaida gutxiago daude kuadrilla arteko elkarrizketetan, edozein zalantzaren aurrean Internetera jotzen baitugu erantzun zuzenaren bila. Gainontzeko gaietan gertatzen den bezala, jarduera fisikoan ere antzeko zerbait gertatzen da. Egun edonork jakin dezake zein den bizkarreko minen aurrean egin beharreko ariketa multzoa, edota hurrengo lasterketan norbere marka propioa hobetzeko egin beharreko serieen programazioa. Klik bakarrean eskura dugu!

Horrek guztiak akats nabarmen bat duela iruditzen zait: indibidualtasun eza. Pertsona guztiok ezberdinak garela kontuan izanik, oso kasu gutxitan errepika daiteke errezeta bakar bat. Garbi dago oinarrizko mugimenduak guztiok landu beharreko alderdiak direla, baina benetako arrakasta mugimendu horien aurrean norberari dagokion espezifikotasuna bilatzean datza (hasierako balorazioa, kargen distribuzioa, ariketaren bolumen eta intentsitatea…).

Adibide moduan, nork ez du bizkarreko minik sekula izan? Eta min horren aurrean guztiok irtenbide berdinak bilatu al ditugu? Seguruenik batzuek konfiantzazko fisioterapeuta edo masajistarengana jo duzue, beste batzuek ukendu magikoren batekin igurtzi duzue mindutako zona, irtenbide moduan mugimendua erabili duenik ere izango da tartean... Baina irtenbide guztiek pertsona guztientzako balio al dute? Horrelako kasuetan Internetera erantzunaren bila jotzea baino, minaren jatorriaren balorazio egokia egitea da garrantzitsua, eta, seguruenik, profesionalen arteko elkarlanak irtenbide egokia bilatzen lagun zaitzake.

Kontuz ibili “bizkarreko mina arintzeko errutina” ohikoetara itsu-itsuan jotzearekin, agian errezeta hori ez baitago zuretzat egina. Ez ahaztu: eskuragarri dugun informazio guztiaren artean norberari komeni zaiona zein den jakitea ezinbestekoa da.