JULIO PASTRIAN - SALTO TRAINING

Jarduera fisikoa eta gazteak

U da garaia iritsi da eta eskolarteko kirol jokoak eta jarduerak atzean utzi ditugu. Ikasturtean zehar kirolaz eta jarduera fisikoaz gozatzen ikusi ditugun gazte asko egoera sedentarioetan eta jarduera inaktiboetan murgilduta geratu dira. Udalekuek gazte hauek mugitzeko esfortzuak egiten dituzten arren, gero eta gehiago dira eguna ezer egin gabe igarotzen dutenak.

Badakigu edozein motatako jarduera fisikoa garrantzitsua dela adin guztietarako, bereziki adin txikitan, “haur obesitatea’’ izeneko pandemiak gogor jo gaitu-eta. Gero eta obesitate eta gainpisu maila altuagoa dago gure eskoletan, elikadura ohitura eta bizitza estilo desegokiek eraginda. Gero eta gutxiago mugitzen gara gaur egungo erraztasunen ondorioz, nagitasunak jan gaitu eta lanean jarri behar dugu egoerak okerrera jo ez dezan. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) esanetan, munduko gazteen %80 ez dira gutxieneko jarduera fisiko maila betetzera iristen. Erakunde honetako adituek ez diote kirolari erreferentzia egiten, baizik eta lagunekin joko-jolasetan ibiltzea edo eskolara oinez joatea bezalako jarduera sinpleetara mugatzen dira. Arazoa hor daukagu. Garai batean egunerokotasunean finkatuta genituen jarduerak desagertzen joan dira eta ohitura desegokiak hartu ditugu, gazteen osasunean eragin negatiboa dutenak.

Jarduera fisikoa eta kirola dira, egoera egun batetik bestera aldatu ez arren, bide errazena. Kirolaren bitartez koordinazio motorra, erresistentzia, sistema muskulu-eskeletikoa eta malgutasuna bezalako gaitasun fisikoak lantzeaz gainera, osasun mentala ere hobetzen da. Gazteen kasuan, ariketa fisikoak tentsioak askatzen eta erlaxazioa sustatzen lagunduko die, loaren kalitate hobea eta atseden egokia sustatuz. Gainera, kirolaren praktikak gogo-egoera positiboetara eramango ditu, ongizate handiagoa eta autoestimua areagotuz. Hortaz, jarduera fisikoaren bitartez onura fisikoak lortzeaz gain, egunerokotasunean lagunduko dieten jarrera eta ohiturak bereganatuko dituzte, eta horrek haien bizitzei kalitate handiagoa emango die.