Oina non jarri
Gizarte modernoan bizi gara eta ezaugarri bitxiak hartzen ditu batzuetan modernotasun horrek. Gizakiok elkarrekin zenbat eta enoatuago, zenbat eta haserretuago, are gehiago hartzen ditugu laguntzat animaliak. Txakurrak batik bat. «Batzuek ez dituzte asko estimatzen, baina hobe genuke txakurrengandik gehiago ikasiko bagenu. Gu baino sentiberagoak dira, zentzudunagoak... Gure honi hitz egitea bakarrik falta zaio».
«Egia; ez dira mutuak baina hitz egitea falta zaie», pentsatu zuen lagunak. Tabernako terrazan eserita, patariaren dohainez ari zitzaion, besoetan zeukan txakurtxoari gozoki zatiak eta musuak ematen zizkion bitartean, pozik, etxe-animaliek legearen babesa izango dutelako behingoan.
Lege horrek dionez, «sentsibilitatea areagotzea» da helburua, «gizarte modernoaren berezko jarrera humanitarioagoetan oinarritutako hezkuntzaren bidez». Bada zerbait, baina ez da dena. «Lagun egiteko animaliak esterilizatzea eta modu arduratsuan haztea eta identifikatzea, superpopulazioa eta, azkenik, abandonua saihesteko funtsezko zutabe gisa», jarraitzen du legearen letrak.
Animaliak arduraz edukitzea eta zor zaien errespetua eta begirunea sustatzea ere agintzen du legeak. Baina hori guztia eta animaliak esterilizatzea eta modu arduratsuan haztea, nahaste-borraste eta kontraesan handi bat iruditzen zait bere horretan. Animaliak irentzeak ez dauka zerikusirik haiekiko begirunearekin, are gutxiago zor zaien errespetuarekin, gizakion kapritxo eta interesekin baizik.
Gizarte modernoaren ezaugarritzat har dezakete batzuek konpainiarako txakurrak edukitzea, eta, zenbat eta txakur gehiago eduki, hainbat modernoago garela pentsatu. Agian horretatik daude Euskal Herrian bertan miloi erdi inguru. Eta «gizarte modernoaren berezko jarrera humanitarioagoetan oinarritutako hezkuntzaren bidez» ugaldu egingo ditugu etxe-animaliak, espazio guztiak txakurrez eta txakur kakaz beteko ditugu… Jarrera humanitarioak esterilizatzea gomendatu arren modu misteriotsu eta inbaditzailean ugaltzen baitira parke eta jolaslekuetan txakurrak eta haien obramenduak. Ez dakit legeak horretaz ezer esaten duen, edo esan behar ote lukeen.
Eta horrela gabiltza, Eider, espaloian edo parkean pausoa emateko oina non ipintzen dugun begiratuz, etxera txakur kaketan lustratuta ez itzultzeko.