Sexismoaren lupa
Tamalez, sexismoaren lupatik begira jarraitzen dute askok. Eta ondo daki hori Sanna Marin Finlandiako lehen ministroak. 36 urte ditu, emakumea da eta kristalezko sabaia hausten ari da politika munduan. Klima aldaketaren kontrako borroka areagotu du eta soldata arrakalari amaiera jartzeko ahaleginak egiten ari da. Baina gehiegitan titularrak ez dira bere agendari edo herrialdea zuzentzeko gaitasunari buruzkoak, baizik eta bere itxurari, bere adinari eta bere jokaerari buruzkoak. Lehenbizi, rock kontzertu batera praka bakero laburrak jantzita joan zelako izan zen albiste. Orain, parrandan atera delako. Lagunekin batera trago batzuk edan ditu, dantzan egin du eta bideoak grabatu ditu. Bideo horiek prentsara filtratu direnean, baina, eskandalua piztu da. Eta nik ezin dut ulertu Sanna Marin zergatik ezin den parrandan atera. Gizona balitz, parranda hori ez litzateke albiste izango eta parrandan ateratzea gertutasun eta normaltasun keinu modura hartuko genuke.
Oraindik ere, etengabeko azterketa publiko bat igaro behar dugu emakumeok eta luparekin begiratzen gaituzte akats txikienaren bila baleude bezala. Gogoan dut Angela Merkelek kargua utzi behar zuela jakin zenean egunkari batean argitaratu zuten artikulua: “Angelaren txaketak”. Bere lorpen politikoak aipatu ordez, ostadar itxurako collage bat egin zuen egunkariak. Nonbait, kantzilerrak beti modelo bereko txaketa janzten zuen kolore ezberdinetan eta hori azpimarratzen zuten artikuluan. Aldiz, sekula ez dut irakurri Emmanuellen gorbaten edo Pedroren zapaten inguruko artikulurik.
Karl Stefanovic Australiako telebista kate bateko aurkezleak esperimentu bat egin zuen duela urte batzuk. Hamabi hilabetez traje bera jantzita aurkeztu zuen bere programa, baina inor ere ez zen ohartu. Aldiz, emakumea izan eta bi egunez jarraian arropa bera jantzi izan balu, sutan legoke Twitter.
Emakumeok eskubidea dugu nahi dugun moduan janzteko, nahi dugun moduan jokatzeko eta nahi dugunean parranda egiteko, eta lan publiko bat izateak ez ditu justifikatzen kritika, komentario eta titular sexistak. Beraz, Sanna Marinek bere egun libreetan jarrai dezala lagunekin ondo pasatzen eta praka laburrak janzten besteok egiten dugun moduan. Sexismoaren lupa albo batera uztea lortzen dugunean, hori ez da albiste izango.