SEP. 11 2022 IRITZIA Azken puntua GALDER PEREZ Beti kostatu izan zait gauzak bukatzea. Amaiera batek muga handiegia ezartzen du, azken mugaren bertigoa, eta horrek nolabaiteko beldurra eta ezinegona sortzen dit. Sentsazio eta zalantza horiekin dantzan hartu nuen ZAZPIKAko abentura ezin ederrago honi atseden emateko erabakia. Agur esateko orduan askotan gertatzen da atzera begira jartzea. Ohartu naiz erlijio eta barre asko agertu zaizkidala lerro hauetan, elizetako edota antzokietako zutabeak balira bezala, baina sekula santan sermoi itxura hartzeko nahi barik, noski. Ohartu naiz ere halako zabalgune batean idazteak norberak bere intimitateaz uste baino askoz gehiago kontatzera daramala askotan. Ohartu naiz ere gauza gutxi aldatu direla azken sei urte hauetan. Pandemia bizi izan dugu, baliteke kolapso erraldoi baten atarian izatea, baina gestio moduak ezer gutxi aldatu dira. Erabakiak hartzeko eskumena dutenek, erabakiak hartzeko ardura dutenek, koldarkeriaz baino, lukurreria zikinarekin jokatzen jarraitu eta ez dute ezertxo ere egiten. Ez al dute zeken horiek guztiek azken puntua idazteko aukera balizko ikusten? Egin dezatela azkar behingoz, denon mesederako litzateke-eta. Ohartu naiz, halaber, bukatzeko erabaki honekin hamabostean behin zuenera sartzeari uko egin diodala. Askok esan izan baitidazue hori, eta benetan gauza ederra iruditu zait, maitasunez beteta jaso ditudan hitz ederrak direlako. Ohartu naiz ere gure ama hil zenetik periodikoen orriak oso diferenteak direla etxean, berak inork baino gehiago miresten baitzuen eskuartean orriok edukitzea. Eta benetako bukaerarik badago, azken puntu definitibo hori heriotza da, zalantzarik gabe. Eta horregatik ohartu naiz, eliza, sermoiak eta jainkoak alde batera utzitako agur hau hobe litzatekeela jai giroan bizitzea. Horrelaxe, duela bi aste agurtu genuen Marijaia datorkit gogora. Nola errekan behera joan zen gure minezko irrintzien artean, nola suak pixkanaka desagerrarazi zuen. Eta ohartzen naiz momentu hori bizitzen dudan bakoitzean, beti erritual berbera izan arren, negar malkoek ihes egiten didatela, penaren penaz. Bai, beti kostatu izan zait gauzak bukatzea, erabakia nirea izan zein beste batengandik etorri. Baina pentsatu nahi dut norberak aukera egin duenean, mugak altxatu barik, zabalguneak irekitzen direla. Eta, batez ere, pentsatu nahi dut berriz ere goiz ala berandu elkarrekin topo egiteko aukera izango dugula; izan ere, zerbait bukatzen da beti beste zeozer hasi behar delako. Eta ahal bada, pena barik nahi nuke momentua bizi. Marijaiari kandelak piztu eta nik negar egin bitartean, gure amak beti esaten zidan bezala: «Txikitxu, penagaz ez goaz inora». Siempre me ha costado terminar las cosas. Un final marca el límite..., el vértigo de la última frontera, y eso me genera cierto miedo y malestar. Con estas sensaciones y dudas, tomé la decisión de dar un respiro a esta extraordinaria aventura del ZAZPIKA. A la hora de despedirse ocurre muchas veces que uno mira hacia atrás.