7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Denbora


Urtebete baino gehiago neraman etxera itzuli barik eta ohi bezala, familiaren maitasuna, lagunen zoriontasuna eta sorterriaren berotasuna sentitu ditut abuztu honetan. Baina hori bakarrik ez, lehenengoz, denboraren mailukada ere igarri dut kokotean.

Etxetik urrun bizi zarenean uste duzu itzultzerakoan dena zegoen moduan aurkituko duzula. Baina, ez. Niri ilea zuritzen hasi zaidan moduan, ingurukoak ere zahartzen ari dira. Senideak ahulago aurkitu ditut, nire adineko bikoteak dibortziatzen hasi dira eta kuadrillan 40 urte betetzen ditugunean egingo dugun bidaiaz hitz egiten hasi gara.

Ez naiz urteak betetzeak beldurra ematen dien horietakoa. Ez dut sekula nire adina ezkutatu (37 urte) eta zimurrek bere xarma dutela uste dut. Beraz, arazoa ez da izan zahartzen ari naizela konturatzea, baizik eta gauza asko galdu ditudala ikustea. Agian, senideengandik hurbilago egon izan banintz, ez nituzkeen kolpera zahartuta ikusiko. Agian, etxetik hurbilago egon izan banintz, ez nituzkeen ezkontza, urteurren eta dibortzioak galduko. Agian, kuadrillagandik hurbilago egon izan banintz, uda honetan antolatuko genukeen bidaiaren bat, 40 urte bete arte itxaron barik.

Bitxia da denborarekin gertatzen zaiguna. Umetan, denbora beti astiro zihoan niretzat. Ikasturtea amaigabea zen eta nire urtebetetze egunerako hiru egun itxaron beharra ere luze egiten zitzaidan. Mila plan egiten nituen baina betetzeko presarik gabe, banekielako bizitza osoa neukala aurretik. Orain, baina, urteak labur egiten zaizkit eta bete ez ditudan plan horiek bete nahi ditut beranduegi izan aurretik.

«Ardi galdua atzeman daiteke; aldi galdua, berriz, ez», dio esaera zaharrak. Eta pentsatzen hasita, denboraren balioari buruzko esaeraz inguratuta gaude. «Gaur egin dezakezuna biharko ez utzi». «Denbora urrea da». «Denbora badoa eta gu harekin». Orain inoiz baino zentzu gehiago ikusten diet hitz hauei, gogorra izan baita kokotean denboraren mailukada igartzea. Etxetik urrun zein gertu egon, nire buruari zin egin diot aurrerantzean segundo bakoitza aprobetxatzen saiatuko naizela. Denbora badoa.

Tik-tak, tik-tak.