7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Ekipamunduak


Lurraldean agertzen zaizkigun ekipamendu eta eraikin dotazionalek mundu berriak eskaini beharko lizkigukete, ekipamendu baino “ekipamundu” izendatzea atsegingo nuke. Arkitektura handiak dira orokorrean, baita konplexuak ere. Azalera handiak agortzen dituzte eta, gure orografia kontuan izanda, konplexutasun espaziala eskatu beharko genieke kondizio horiei egoki erantzuteko.

Han-hemenka, lurralde urrunagoetan, egiten dituzten saiakerek prototipo berriak sortzen dituzte, non lurralde, hiri edota auzoak bizigarri eta intentsoago bilaka ditzaketen pieza arkitektonikoak agertzen dizkiguten. Ohikoa bilakatzen ari da, Frantzian adibidez, etxebizitza babestu edo dotazionalak eraiki behar dituztenean, arkitektura pieza berean kiroldegi edo bestelako ekipamendu bat gehitzea.

Arkitekturak “ordenatu” dezakeen aniztasuna gauzatzeko ezinbestekoa da hainbaten ahotan dagoen gobernantza-hitza zeharkako gobernantza-akzio bilakatzea. Ohikoa dugu gurean hezkuntza, etxebizitza edo bestelako sailen arteko ateak blindatuak izatea. Nola daiteke, bestela, egiten diren –arkitekturarik gabeko– etxebizitza bloke itzel horien azpietan ez saiatzea osasun zerbitzu bat gehitzen, haur eskola publiko edota lagapen komunitarioan egin daitezkeen espazioak aurreikusten?

Erantzuna denok dakigu; epaimahai batean elkarri mokoka genbiltzala, hirigintzan “aditu” den abokatu batek esan zidan Donostian garatzen ari zen hiri eredua arauak, kudeaketak eta ekonomiak uzten zuen efizienteena eta ederrena zela. Noski, ez zitzaion batere gustatu nire erantzuna. Burmuin estu horiek, arkitekto askoren laguntzarekin, hautsi dute “esperientzia urbanoa” delakoa. Baina beraiek jarraitzen dute hiria egiten.

Zehazki “ekipamunduen” kasura berriro etorrita, sarri, arkitekturatik, ekipamendua hiri txiki gisa irudikatzen saiatzen gara. Edo, bederen, hala ulertzen ditugu eraikin konplexuak arkitekturatik maiz. Auzo zerbitzuak, kirol zerbitzuak eta bestelako funtzio komunitarioak asetzen dituzten plataforma konplexuak dira “ekipamunduak”. Adibidez, azkenaldian egin diren kultura eraikin handiak hiri edo auzo gisa irudikatzera ohitu gara. Hiri batek dituen kontraesan eta gatazka guztiak ere eraikin batek barneratzen ditu. Horra Tabakalera edota Azkuna zentroa. Kaletik barnera sartu eta topatuko ditugu plazak, hutsuneak, eta horien inguruan funtzio zehatzagoak eskaintzen dituzten espazioak. Ziur, abokatu-hirigile urbanistaren burmuina lehertzeko moduko proposamenak direla.

Azken artikuluan esaten genuen bezala, halako eraikinak ebaketan pentsatzen dira (Hiria egiterakoan ere “hirigileek” hobe lukete ebaketan pentsatzea), alde batetik, gure inguru malkartsua kontuan izateko eta, bestetik, erabilera anitzen arteko erlazioak izango diren kanpo eta barne espazioak pentsatzeko. Horiek dira arkitektura ezaugarritzen dutenak; paradoxa dirudien arren, programa finkorik gabeko espazioak izango dira arkitektura horien arrakasta bermatuko dutenak. Proiektuak horrela pentsatu eta kudeatuta agertzen zaizkigu beste herrialde batzuetan ere; ez kultura edo kirol ekipamenduekin soilik, baita jarduera ekonomiko astunekin nahasirik antolatzen diren auzo zerbitzu edota egoitza dotazionalekin ere. Arauek gizarte baten beharrak eta eredu berriak formalizatzea izan beharko lukete helburu. Gurean oraindik ere arauak efizientzia ekonomikoaren irakurketa estu bati men egiten diote. Halere, gure inguruan goza ditzakegun ekipamenduak nabarmenak dira. Bi eredu nabarmen dakartzagu ekipamundu izateko eraikin izan daitezkeen ideiaz. Bata, 2004an izandako lehiaketan Iñaki Begiristain eta Ane Andonegik gauzatutako Pasaiako erabilera anitzeko eraikina. Bestea, aurten bukatu berri den Urnietako kiroldegiaren hedapena, Sabai arkitektoek egina. Proiektu biek dute lerrootara ekarri nahi nuen ezaugarri bat: inguru urbanoa barnera sartzeko saiakera dira bi eraikinak. Bi kasuetan eremu malkartsuak dituzte; bi kasuetan, kalea barnera sartu edota barne kaleak osatzen dituzte eskatutako erabileren arteko erlazioa sustatzeko. Uste du, halaber, bi kasuetan lehiaketak sortu zituen aniztasun espektatibak argaldu egin direla azken egitasmoan, ziur aski arkitektoen iritziaren kontra. Halere, oinarrian eraikin horiek sortzetik proposatzen dituzten barne-espazio “hiritarrak” agertzen dira. Urnietako kiroldegian sarrera itzel batek hartzen zaitu kaletik barnera eta kale eta pasarteetan barrena joan/igo zaitezke ia 15 metro gorago dagoen futbol zelaira. Pasaiako eraikinean, Anek eta Iñakik azaltzen duten bezala, kirolerako instalazioak eraikin bereizietan kokatzeko joeratik harago joan nahi zuen proposamenak. Alegia, herriaren kanpoaldean, jarduera ezberdinen arteko sinergiak erraztuko lituzkeen espazio bat sortzea izan zen lehiaketako asmoa. Bi proiektuok ekarri ditugu, hain zuzen ere, programa zehatzik ez duten espazioen balioa nabarmentzen dutelako. Aurretik esan ditugun prototipo berriek behar dituzten oinarrizko kondizioak dituztelako. Irudietan dituzue Pasaiara iristen den aldaparen barneratzea eta Urnietako kiroldegiaren azken solairuan futbol-zelaira iristeko barne kale edo pasabidea; horiek adibide ederrak dira ekipamenduen konplexutasun berriak ulertzeko elkarbizitzarako “ekipamundu” gisa. Halakoak ulertu eta kudeatzeko bestelako pentsamoldea behar dugu soilik, hiria antolatzeko beharrezkoa dugun aldaketa gisa.