Markak
Azkena jotzera doa aurtengo uda; amaitzear dira oporrak, jaiak eta firin-faran gozoak. Uda ez ezik mundua bera azkenetan balitz bezala bizi izan dugu aurtengoa, itolarri betean, beroagatik, lehorteagatik, suteengatik, gauza guztien garestitzeagatik, gerra handiengatik eta txikiengatik. Guztiagatik itolarrian bizi izan gara, eta horregatik izan dugu guztiok mundura atera beharra, norabait joan, eta beste nonbaitekoak hona etorri dira. Turismoak markak hautsi omen ditu eta lorpen handi gisa saltzen digute.
Beti badago markaren bat hautsi beharrekoa; horretarako dira, nonbait: hausteko. Eta hausten edo gainditzen ez badira, zaputzaren parekotzat hartzen dugu. Izurriteak eta itxialdiak igarota, azken egunaren bezpera agortu behar duenak baino antsia handiagoarekin jalgi gara festara, herri eta hirietako jaietara. Zubi guztiak eraman behar dituen ibaiari aurrea hartu beharrean joan gara, arrapaladan, aireportuetara, autobideetako ordainlekuetara, norabait. Ostikoz jotako inurritegia, elkarrengandik ihesi gehiago elkarrengana bildu nahian baino.
Hona etortzen diren edo hemendik kanpora doazen turisten kopuruak ematen dizkizute, eta zozoa zara zeu ere nonbait turista ez bazara, ez bazabiltza festa giro zoroan edo ez bazoaz urrutira… Marka guztiak gainditu beharra dago, herri txikietako biztanle kopurua bikoiztuz, kostako herri honetako edo horretakoak laukoiztuz... Beste guztiaren gainetik turismoa bultzatu den hemengo zenbait herritan edo hiriko alde batzuetan gero eta zailagoa da inora joan gabe geratu diren bertako herritarren batzuk topatzea jendetzaren artean.
Guztiaren buruan zer aldatu den, zer hobetu dugun, zertan geratzen garen kontuak ez dakit egiten diren. Datuak geratuko dira gauzak ahazteko idazten diren paperetan, noizean behin hemerotekan kontsulta egiteko pilatzen diren txostenetan. Baliteke ezer aldatu beharrik ez izatea; garamatzan gurpilean joatea besterik ez, gero eta abiadura handiagoan joan, noizbait moteldu edo bere kabuz geratuko dela eta.
Beroaren lurruna desegitera doa udazkena hurbildu ahala eta lehengora itzuliko gara, beste behin, eguneroko ibili eta zereginetan. Aurki hasiko gara euriagatik, hotzagatik edo beste zerbaitengatik ohiko kexak eta letaniak berritzen, ezer pasatu ez balitz bezala. Marka da, Jon.