Beldurraren usaina
Eguna argia zen, ia gardena. Trena ordokian zehar zihoan, errailetatik isuriko balitz bezala. Dabi, triki-traka leun hartan, leihotik begira zihoan. Begiak infinituan pausatuta, begirada galduta lautada zabaletik haratago. Beroak bistako gauza guztien mugak desitxuratu eta zinbel luzatzen zituen, Van Goghen koadroetako irudi dantzariak bezala.
Denborak Dabi irentsi zuen eta, konturatzerako, trena hiriaren kanpoaldeko etxetxo baxuen auzo baten ondotik pasatu zen. Haratago, erdiguneko bloke garaiak ikusgai, geltokiaren ingurukoak. Berehala heldu ziren eta euren zereginetara zihoazen bidaiariek gidatu zuten Dabi kanpoaldera. Eraikin garai haien arteko bidegurutze eta pasealekuetan zehar, egunerokotasunean murgildutako inurritegi hartako jendetzatik ezin libratuta, adinekoen egoitzara heldu zen Dabi nolabait. Bertan zen. Egunak ziren Fermina azkenetan zegoela abisatu ziotenetik, ahaide bakarra zenez, baina ordura arte ez zuen behar adina indar bildu.
Presarik gabeko bisitariek eta mugitzeko zailtasunak zituzten egoiliarrei laguntzen zietenek sartzeko arrapalak erabiltzen zituzten, baina Dabik ez, ez baitzegoen sartzeko irrikaz. Beti estu egiten zitzaizkion sarrera meharreko eskailerak ahal bezala igo zituen. Laugarren solairura eraman zuen igogailua hilkutxa bezain estu egin zitzaion. Eta gela zegoen korridore klaustrofobiko hartan, gainera, arraro begiratu eta bere bidetik aldentzen ez zen agure motelen bat zegoen beti. Horregatik, eta gehiagogatik, ez zen ia inoiz bisitan joan. Ordu haietako beroaz gain, edonor gogaitzeko moduko pixa, botika, kolonia merke eta gaixotasun larrien usaina zerion giroari. Eta segurtasun neurriengatik, ez zegoen ireki zitekeen leihorik.
408. gela. Atearen aurrean mugitu gabe. Barruan zerbait entzuten ote zen egiaztatzeko kontu handiz hurbildu zuen belarria atera; bere taupadak baino ez. Heldulekuak erreko balu bezala, ukitu orduko lortu zuen atea zabaltzen hastea. Ez zekien zirrikitu hartatik piztiaren gordelekura sartu edo oraindik ere ihes egiteko betarik zuen.
-Etorri zara, Dabi- ahots erori eta ahul batek ohetik.
Listua irentsi eta arnasa hartzen saiatu zen Dabi, nekez.
-Zer moduz, seme? -jarraitu zuen gorputza bezain ahots iharrak.
Dabik ez zekien zer sentitu, munstro bat lekua hartzeko ahaleginetan ari zen bere baitan, eta bota zuen:
- Zure azken hatsa entzutera etorri naiz, ama.
Emakume zaharrak, makal, zimur, geldi, masailezurretako azalei eusteko ere nahikoa lan, zailtasun handiz erantzun zion penatuta zegoela gaizki-ulertu guztiengatik, eta, edozer zela, barkamena eskatu zion.
Pauso batzuk entzun ziren eta atea ireki zen. Etenaldiak Dabiri zer esan pentsatzeko denbora emango zion. Entzungailuak jarrita zituen erizain-laguntzaile bat zen, dena ondo zegoen egiaztatzera etorria. Uniforme arrosan sartuta, aise mugitzen zen, Dabirentzat arinegi. Neska gizentxoak gaixoaren tanta-jarioaren maiztasunari begiratu zion, likidoaren pasabidea kontrolatzen zuen tramankuluaren erruleta aldatu, eta, entzuten ari zenaren bolumenaren erruz, “dena ondo dago” ozenegi batekin gelakoak agurtu zituen. Atea itxi bezain laster, Dabik hitz egiteko bere txanda erabili zuen.
- Ez etorri orain asmo onekin, ama. Sena etorri al zaizu?- jarraitu zuen -Zer? Heriotza aurrez aurre duzula, izutzen hasi zara?-
Fermina semearen jarrera ezin ulertu zegoen, egonezin hura noiz hasi zitzaion izpirik hartu gabe, eta are okerrago, nola konpondu ere ez zekiela. Gaia aldatzen saiatu zen.
-Giroa kargatuta dago, atea irekitzen baduzu…- baina Dabi ez zen mugitu. Izerdi patsetan zegoen, izerdi hotza zerion gorputz trinkotuari, hankak porlanezkoak iruditzen zitzaizkion, baina mingaina, hori bere kasa zihoan!
- Zeren usaina du beldurrak, ama? - aurpegiratu zion.
- Laztana, ez naiz beldur.
- Ez duzu ezintasuna sentitzen?
- Nire azkena da. Hurbilduko zara?
Dabik zalantza egin zuen. Sartu zenetik distantzia zaintzen ari zen. Urrutieneko hormaren kontra zegoen. Beroa, hiriko jendetza, kaleetako zalaparta, egoitza hartako larritasuna eta bere amorrua hazten eta bere izate osoaren jabe egiten ari zitzaizkion, bularra estutzen zioten eta arnasa, mugimenduak eta ulermena galarazten. Grinak ez zion bakerik ematen. Non zegoen agonia? Zergatik ez zen beldur? Hitz egiteko arazoak zituela zirudien. Azkenean, berebiziko ahalegina eginda, baiezkoa eman gabe, hurbildu zen eta entzun zuen:
- Ez izan zalantzarik -etena- zure izenak dio, maitasunaren fruitua izan zinen -ahotsak berriro huts egiten zion Ferminari- maitasun handi batena -eztul egiteko indarrik ere ez- maitasun….. handiena….re….na -arrastaka atera zitzaizkion hitz atalak- baina….. ez…..- hitzak erori antza- aitatzat… duzu... na...re….na- Eta bapo!
- Nor nuen aita?- oihuka -Ama!- Dabi etsiak. Betiko izpiliku usain ahaztezina sumatu zion belarria ezpainetara hurreratu zionean. Erdi irekita zituen, baina zeharo geldi. Begirada lasaia zuen, eta hala moduzko irribarrea aurpegi baketsuan.
Idazleari buruz...
Arantzazu Lpz de Alda Mtz (Gasteiz, 1967). Lasaitasunaren bila dabilen borrokalari geldiezina. Euskaraz, hizkuntzez, hitzez eta hotsez gozatzen du, baita naturaz, herriaz, familiaz eta lagunez ere. Idazle eskolaren erronkari gogoz eta pozez ekin zion, bide berriak arakatuz eta dimentsio ezezagunetan igeri eta hegan egiteko grinaz, baita ondo gozatu ere!