Fermin Munarriz
Interview
KEPA AKIXO «ZIGOR»

«Poeta ona izango banintz, segur aski ez nintzateke eskultorea izango»

Argazkiak: Juantxo Egaña
Argazkiak: Juantxo Egaña

Poeta, margolaria, marrazkilaria, filosofiazalea, argazkilaria, eskultorea… Errenazimentuko gizon baten itxura izan lezake, baina berak hala zehazten du: hari poetiko baten bidez istorio bera kontatzeko metodo desberdinak dira, bere Euskal Herriko paisaia bare eta sentsualetan begiratzen eta ikusten duen hori kontatzeko.

Kepa Akixo Aretxabaletan jaio zen 1947an, baina frankismo garai latzetan militantzia politikoari ekin zion eta 17 urte besterik ez zituela kartzelara eraman zuten. Gero klandestinitatea etorri zen eta, azkenean, babesa Iparraldean. Biarritzen aurkitu zuen bere behin betiko aterpea eta bizitza osorako lagun izan duen ia erlijio-bokazioa: artea. Eta horrekin batera, “Zigor” goitizenez ezaguna den Kepa Akixo artista. “Xaho” ere izan zen, baina ironiaz gogoratzen du kideek lehendabizikoa ezarri ziotela «agian nahiko desatsegina ote nintzelakoan».

Poesiarekin hasi eta prentsa-argazkigintzan murgildu zen hainbat urtez, harik eta 1983. urtean Remigio Mendiburu eskultorearen tailerrean ustekabeko topaketa «errebelazio» bihurtu zen arte. Eskultore izatea erabaki zuen. Gaur egun euskal artista handienetako bat da Zigor, baina bere obra, hiru kontinentetan egon arren, ia ezezaguna da Hego Euskal Herrian. «Ez da madarikazio bat –dio inolako kexarik gabe–; fenomeno unibertsala da».

Bere artelanek naturan dute inspirazio-iturria, berrantolatzen den kaos batean, eta sustraietara modu totemikoan konektatutako lurraren eta gizateriaren indarra transmititzen du. «Herri bat sortu duen hizkuntza baten semetzat» hartzen du bere burua, eta, zentzu metaforikoan, otoitz egiten duen moduan zizelkatzen du egurra edota brontzea.

Biarritzeko bere tailerrak zerbait mistikoa dauka. Pintura-gunea eta eskultura-gunea. Kaos bat dotoreziaz ordenatua, orekatua, garbia. Eskuarekin ukitzeko eskatzen duten eskultura txikiak eta handiak. Egurrezko blokeak, motozerrak, gubiak eta mailuak. Materiak barruan ezkutatzen duena ateratzea lan izugarri fisikoa da.

Xaman moduko bat dela esan dute, bizitzaren sekretuak baitakizki. Begiratzen eta ikusten jakiteari egozten dio berak, besterik gabe. Hain zuzen ere, elkarrizketa honen aurreko egunean, gaua eman zuen Pirinioetako Zuriza haranean, egunsentia baino lehen mendien profila inguratzen duen argi-zirrinta zuri eta hotzeko une iheskor horri begira: “egu”-a. Horixe da Sorturen “Independentziarako indarra” ekimenaren kartel zirraragarriak egunotan argitara eman duen bere azken lanaren gakoa: «Eguak ilunaren ondoren argiaren itxaropena iragartzen du».

Eremu, teknika eta material asko esploratzen dituzu. Atsekabea da edo zerumuga berriak aurkitzeko beharra?

Argazkilaritza erreportari moduan utzi eta gero, eskultore bezala jada, segidan konturatu nintzen indar handia nuela barruan eta ezin nuela gorde. Hasi nintzen marrazten. Pentsatzen nuen gauzak etorriko zirela nahi gabe eta borondate onaren bitartez, baina segidan ikusi nuen ez zela horrela izango. Baionako Bonnat museoko kontserbadoreari esker, marrazketa ikasten aritu nintzen. Ongi marraztea ongi begiratzea da. Begira ezazu sakon eta marraztuko duzu.

Orduan konturatu nintzen paperean eskulturak sor daitezkeela, material sendoan, zurean edo brontzean, baino askoz hobeagoak. Paperean saioak eta saioak egin daitezke; hori materiarekin oso zaila eta luzea da.

Hortaz, marrazkia sartu zen niregan, ura bailaretan sartzen den bezala, nahi gabe… Hortik bizpahiru urtera ezagutu nuen arte-martxante handi bat: Paul Haim. Liburutegi batean ezagutu genuen elkar; biak San Agustinen liburu bera bilatzen ari ginen. Harremana mantendu genuen eta handik urtebetera esan zidan: «Zure eskulturak handiak izateko sortuak dira».

Horrela hasi nintzen brontzearen munduan. Eta hori liburuen munduan bezala da; idazten duzu liburu bat eta horrek beste batera eramaten zaitu. Horrela ere pasatu nintzen material batetik bestera, edo marrazkitik pinturara… Baina nire lan gehiena poesian zutabetua da.

Beraz, poesia al da ildo nagusia zure obran?

Bai, nire eskulturak, marrazkiak, argazkiak… errelatoak dira. Zerbait esan nahi dute. Nire erakusketan lan mota guztiek hari bat segitzen dute; istorio bat kontatzen dute.

Zer kontatu nahi du Zigorrek?

Nire barrenak mugitzen dituena. Filosofia eta poesia zalea naiz. Literaturak kontatzen ditu gauzak, baina jende askok pentsatzen du eskulturak ederrak izateko direla. Akats handi bat da. Eskulturak eginak dira zerbait esateko. Eskulturak poesiak egiten duen lan berbera egiten du; kontatzeko metodo desberdin bat da. Poeta ona izango banintz, segur aski ez nintzateke eskultorea izango. Pintorea ere ez, ezta marrazkilaria ere… Gure historia da, edo nirea behintzat, nola gutxirekin egin, nola gutxirekin esan.

Kontzeptu konplexuak gutxirekin adieraztea?

Hori da. Sorkuntza munduan, orokorrean, badago inpresio bat: piezek ondo eginda izan behar dutela, ajustadoreek egiten duten moduan. Eta ez da horrela. Gakoa da nola gutxirekin esan gauza konplexuak. Adibidez, nik esaten badut “txorien hegalek ez dute intentziorik”, ulertuko da, esana baita. Baina eskultura batekin hori esatea oso zaila da. Eta konplexua denez, gehiegi egiten da. Hori sinple egitea, gutxirekin egitea oso zaila da.

Badaude eskultore konstruktibistak: deus ez dagoen lekuan sortzen dute zerbait, bolumenak, eta abar, arkitektoek bezala. Nik erabiltzen dudan metodoan, “zuzeneko lantzea” deiturikoan, materiari kendu egiten diot.

Arte munduan teoria zahar bat erabili da asko: artistak egiten du bere obra eta jendeak begiratuko du eta gero pentsa dezala nahi duena. Ni ez naiz batere horren zalea. Nik nahi dut esan nahi dudana besteak uler dezala.

Inguratzen zaituen natura eta paisaia agerian da zure artelan guztietan. Eta jatorrian dagoen kaosa berrantolatzen da nolabait: masa-mugimendua, banaketa-fusioa, grabitatea-arintasuna... Dialektika edo kaosaren antolaketa?

Kaosaren antolaketa. Agian obsesio bezala, baina errealitatearekin lotzen gaituen hari bat behar dugu, edo hari baino gehiago soka bat. Niretzat benetako antolaketa kosmosa da. Eta kaosa da zernahi. Ez da egia. Kaosak badu antolaketa; gertatzen dena da guk igarri ezin duguna, ulertzen ez duguna, esaten dugula «desordena» dela. Kontzeptu hori interesatzen zait izugarri.

Demagun: eurite ikaragarriaren ondorioz erreka handitu da eta eraman ditu harri handiak, zuhaitzak, adarrak... Zortzi egun beranduago, egoera apaldu denean, esaten duzu: «Dena bere lekuan dago». Berriz antolatu egin da. Hainbesteraino, orduan harri-koskor bat kentzen dut erreka bazterretik eta askoz hobe iruditzen zaidan leku batean jartzen badut... Desastre hutsa da! Hori egiten baduzu, munduaren pisua aldatzen da; era poetikoan esana, baina egia da.

Eta nork ikusten du desoreka hori?

Gutxik; hori da arazoa. Gure ofizioa da hori ikustea. Jende askok pentsatzen du artistak alfer batzuk garela. Ez nago ados, baina ulertzen dut. “Kontenplazio profesionalak” laguntzen du ikusarazten. Ez bakarrik begiratzen, baizik eta ikusten ere bai. Eta hori ofizioa da.

Gure ofizioa da begiratu eta ikustea. Eta ikusi –pretentsiorik gabe esaten dut– ez besteek baino hobeto ikusten dugulako, besteek ez diotelako denborarik ematen begiratzeari; ez dute harri-koskorra begiratzen errekan egunero. Hori nire herrian hamar aldiz baino gehiago egiten baduzu, bonberoei deituko diete...

Gure lana da ikustea, baina zaila zait ere besteek begiratzen dutenean gauza bera ikustea. Nahiko nuke jendeak begira dezala non bizi den; bere bizitza beste modu batekoa izango litzateke ziur.

Eskultura egiten duzunean zein herri, zein lurralde zizelkatzen duzu? Nola sartzen da Euskal Herria zure artelanean?

Pentsaera horretan bizi naiz luzez. Nik uste dut mundua esploratu eta bizi behar dugula zirkuitu txiki-txiki batean. Ni neu –eta hori ez da borondate militante bat– nire inguruaz mintzo naiz beti, beti. Paisaia gizakiak egiten du. Paisaiak ez dira horrela erori zerutik. Gizakiak egin ditu paisaiak horrela komeni zitzaiolako. Baina paisaiak aldatzen gaitu ere, egiten gaitu.

Nire lan guztiak hitz egiten du modu batean edo bestean nire inguruari buruz. Eta nire ingurua Euskal Herria da. Haria da emozionala, noski, baina sentsazioen bitartez etortzen zaigu noizbehinka pertzepzioa. Eta pertzepzioa da “dena ikusi, hauteman”. Ez dakit nola, baina bada. Ez da diskurtso nazionalista bat! Nire izaera hemen egina da eta hemen egiten da egunerokotasunean.

Zure obran, naturaren indar barea agertzen da. Aldi berean, formek, testurak, argiak poetika bat eta sentsualitatea ere transmititzen dute…

Bai. Testuraren kasuan, egurraren arabera da. Eta nik beti pentsatu izan dut nire eskulturak ukitzeko eginak direla. Ez dira ikusteko bakarrik. Jende askok esaten du nire eskulturak baduela sentsualitatea, ziur asko ni neu horrelakoa naizelako, nik neuk hori behar dudalako. Nire argazkietan, normalean, ez dago inor, baina paisaiak argazkitzen ditudanean zerbait esan nahiko nuelako da eta, hortaz, kolorea ez da behar. Niretzat kolorea da –hitz bat asmatuko dut– “distraktibo bat”. Koloreak badu distraitzeko bertute katastrofikoa!

Nik nahiko nuke jendeak nik bezala begira ditzala arrokak. Baina koloretan, se jodió... Begiratu eta ikusiko dituzte, ez dakit, baina nire arrokek jendeari begiratzen diote zuri-beltzez.

Gaztaroan argazkilaritzan jardun zenuen erreportari gisa. Argazkiak utzi eta gero, hamarkada batzuen ondoren, argazkilaritzara bueltatu zinen, baina beste modu batean. Zergatik eta nola gertatu zen prozesu hori?

Argazkilaritza munduan sartu nintzen borroka horretatik ateratzean, amnistia ostean. Garai hartan astero egiten nituen argazkiak, batzuetan “Enbata” aldizkarirako eta gero kanpoko beste argitalpen batzuetarako eta Capa agentziarentzat. Horrela hasi nintzen, ofizio moduan.

Behin, 1983. urtean, Remigio Mendiburu eskultore handiaren potretak eskatu zizkidaten. Joan nintzen bere tailerrera, Hondarribira, eta han ari zen lanean egur puska handi batekin. Sartu nintzenean, errebelazio bat izan zen. Fisikoki sentitu nuen nik banekiela hori egiten, hori zela nik egin behar nuena. Eta hasi nintzen eskulturak egiten, itxaropen handirik gabe, baina jakinez hori besterik ez nuela egingo. Pixka bat frantziskotarrak bezala; behin hasi eta gero, ez nintzen gehiago atzera itzuliko.

Urte batzuk geroago, egun batean itsasbazterrean ikusi nuen itsasoak berak agerrarazi zuen arroka bat, beltz-beltza zena. Ikaragarria izan zen. Momentu hartan pentsatu nuen: Hau argazkitu behar dut. Marrazten banekien, baina Chillidak esan zuen moduan, «egin behar dugu egiten ez dakiguna». Eta nik ez nekien horrelako argazkiak egiten. Kamera digital bat erosi nuen eta hasi nintzen. Eta, orain, nire argazkiak nire eskulturak bezalakoak dira, gauza berberaz hitz egiten dute.

Zure eskulturetan formak ez dira eraikitzen, biluzi egiten dira... Zer dago materiaren barruan?

Materiaren barruan dago dena. Umorez gogoratuko dut Michelangelok erantzuten zuena galdetzen ziotenean non zegoen marmolezko zaldi hori: «Barruan zegoen, zaldia ez zena kenduz». Materiak ere asko laguntzen du. Nire eskultura gehienak egurretik ateratzen dira, eta brontzean direnean molde batetik sortzen dira. Materialaren arabera, pisua transmititzen dute, baita indarra ere. Indarra abstrakzio bat da. Eskultura batek barrenean dauka guk agerrarazi behar duguna: indarra.

Horrek ez du esan nahi pisutsua izan behar duenik. Ez da ona beti eskultura handiak egitea, indarra ez dago pisuan; indarra eskultura txiki batean ere ikusten da, ona bada.

Sorkuntzan akzidenteak dira, ziur asko, iturri aberatsena. Hortik maiz ateratzen da dena. Errenazimentuan freskoak egiten zituztenean, maiz hormako hezetasun-orban batetik hasten ziren. Eta zurak ere askotan gauza bera dauka. Batzuetan kanpoan ez du inolako akzidenterik, baina lanean hasten zara eta egurra zatitu egiten da. Bide bat hartzen du obrak, zuk nahi ez zenuen bide bat. Edo motozerra batekin urrunegi joan zara eta hobe suertatzen da. Maiz etsairik okerrena da herabetasuna.

Euskal arteaz ari gara; zure lanak hiru kontinentetan daude eta bereziki Iparraldean, baina zaila da zure obrak Hegoaldean ikustea. Hegoaldeko artistei gauza bera gertatzen zaie Iparraldean... Zer madarikazio da hau?

Ez da madarikazio bat; uste dut unibertsala dela. Gauzak ez direnean ongi ibiltzen beti esaten da norbaiten errua dela. Nik bizi izan dut nire bizitzan zehar.

Azkenean, edo zure lana gustukoa da eta saltzen da edo ez da gustukoa eta gutxiago saltzen da. Ez da txarragoa izateagatik, ez!

Gero, guk geuk, abertzaleok, eta euskaldunok, diskurtso bat badugu: tokikotik unibertsalera. Mundua hemen da. Japoniara joaten bazara, eskultura norvegiar gutxi ikusiko duzu, segur aski batere ez. Zeintzuk izango dira gehienak? Eskultura eta pintura japoniarrak. Eta ez bakarrik politikariek klientelismoa egin nahi dutelako, baizik eta bertakoei gustatzen zaielako.

Artistek beharko lukete egunen batean zentzua pixka bat astindu eta ulertuko lukete segituan artea ez dela sakratua. Artea da beste mundu bat bezalakoa, jendeak maite du edo ez.

 

«Egua da itxaropen berritua»

Egun hauetan, Sorturen “Independentziarako indarra” ekimenaren barruan, Euskal Herriko leku askotan zure artelan bat egongo da ikusgai, zure eskuz idatzitako testu honekin: “Nehork ez dio eguri itxaropena kenduko”. “Egu” kontzeptua askotan garatu duzu zure obran. Egunsentiko lehen izpiari egiten diozu erreferentzia? Zer dago mezu horren baitan?

Erreferentzia da “egu” sustraitik atera diren hitzak direlako: egunabarra, egunsentia… “Egu” da sustraia zentzu horretan. Sustraiak Sorturen historian inportanteak dira. “Egu” da, kronologikoki, egunsentia baino lehenago agertzen den zerbait. Itzultzaile hoberenak ere beti tronpatzen dira, frantsesez eta gaztelaniaz ere, eta esaten dute la aurora. Eta ez da hori, baizik eta orain gutxi erabiltzen den gauza bat: el alba. Eta alba agertzen da aurora baino lehen. Agian jende askorentzat ez du asko esango, ordu horietan, goizean goiz, ez dagoelako esna eta zerura begira. “Egu”k ez digu uzten mundua koloretan ikusten. Mundua ikusi ahal da, oraindik, zuri-beltzez. “Egu”a hari bat da, ez guztiz zuria, gris zurixkara doana eta agertzen denean mendi osteetan dena gelditzen da oraindik ilunean, ez beltzean, baina ilunean. Eta ikusten duzu munduko ertza. Baina badakigu horixe izango dela segidan. Pazkoa da… Es la resurrección permanente. Egunero, behin eta berriz, etorriko da.

Euskaldunontzat biharamuna ez da egiten argi hori agertzen den momentuan. Biharamuna egiten da bezperan, eguzkia gordetzen denean. Argi-zirrinta hori da ilunean hazitako salda. Eta, gainera, jakinez bihar berriz hasiko dela.

Zerbaiten itxaropena?

Horixe: itxaropena. La esperanza renovada, itxaropen berritua...

Zergatik hautatu zenuen mezu hori kartela egiteko?

Alde batetik, Sortu, fisikoki, ilunetik sortzen da, frankismo garai zakarrenetatik, handik heldu zaio. Eta bestetik, beste esanahia etsaiari: gu baino lehenago akituko dela, gu sortu garelako. Guk egunero, ilunaren ostean, esaten dugu: bihar ere hor izango gara, eta etzi ere bai, eta etzidamu ere bai… Eta zuen ilunak akituko zaituzte lehenago gure egu baino. Guk esperantza hori egunero berrizten dugu; egunero apaltzen da eta egunero dotore agertzen da berriz.

Hamasei urterekin, konpromiso politikoa hartu zenuen frankismoan eta horrek Iparraldera ekarri zintuen iheslari. Orduz geroztik, hemen bizi izan zara. Zer eragin izan zuen horrek zure etorkizunean?

Eragina izan zuen; nire bizitza erabat aldatu zuen. Horrek ere egin nau nolabait. Nik ikasi nuen beldurrarekin bizitzen, baina agian hori baino gehiago, bakardadean bizitzen. Sasian zerbait baldin bada, gogorra benetan, bakarrik egotea da. Berez, sasiak ez dizu uzten jendearekin ibiltzen; zure lagunekin ere noizbehinka… Sasian, jende batzuengana joaten zara, etxeetara, eta horiek dira el gran socorro, ilunaren sua. Horiek, anonimoak, izan dira zutabe indartsuena Euskal Herriko borrokan. Ez zaie sekula egin omenaldirik, baina jende horrek sua pizten zuen egunero iluna pasatzeko. Eta haiek bazekiten iluna zenbateraino zen latza: etxekoekin afaldu eta gero zure gelara, beldurrak jota. Gaua da momenturik beldurgarriena, etsaia gauez agertzen zelako. Eta bakarrik zaude. Agian biharamunean, beste leku batera zoaz, baina beti bakarrik… Bakardade horrek nire bizitza aldatu zuen eta lagundu dit.

Niretzat hemen errefuxiatua izatea bedeinkazioa izan zen. Hemen ezagutu nuen jendea Aretxabaletan geratu izan banintz inoiz ezagutuko ez nukeena, oso jende aberatsa. Eta nolabait nire barrena eta izaera antolatu dutenak. Eta beste kontu bat: han [Hegoaldean] ikusten ez nuena, ba hemen aurkitu nuen: hemen dena euskalduna zen. Dena zen nik nahi nuen bezala.

Etxetik atera ginen nonbait guk ezagutzen genuen mundu hark iraun zezan. Oso kontserbadorea zen gure ikuspuntua. Gure herria kontserbatu behar genuen, bestela, urtuko zen. Ez bakarrik aldatu, baizik eta urtu.