AMAIA URIBE
IRITZIA

«Inflakzioa»

Aurreratu egin zaigu urtarrileko aldapa: eskolako materiala %7 garestitu da, gasaren faktura iazkoa baino bost aldiz garestiagoa da eta esnearen prezioa %25 garestitu da. Beste era batera esanda, familia asko larri dabiltza seme-alaben liburuak ordaintzeko, berogailua jartzea luxua izango da negu honetan eta kafe hutsa hartzen hasi beharko gara.

Gogoan dut 5.000 pezetarekin supermerkatuko otzara betetzen genuela lehen. Orain, 30 eurorekin ezer gutxi eros dezakegu. Eta beldurra ere ematen du supermerkatura joateak, egunetik egunera prezioak igotzen baitituzte. Euskal Herrian ez ezik, hemen, Estatu Batuetan, ere berdin gabiltza. Lehen dena garestia bazen, orain garestiagoa. Eta New Yorkeko ikurretako bati ere eragin dio prezioen gorakadak. Gogoan dituzue edozein kaletan 99 zentaboan eros zitezkeen pizza zatiak? Ba, ahaztu. Dagoeneko 1.50 dolar kostatzen da pizza zatia.

Gasteizko familia bat aurkitu nuen lehengo egunean, Manhattan erdiguneko Radio City antzoki ezagunaren aurrean. «Hemen arnasa hartzeagatik ere kobratu egiten dute!», esan zidaten, eta garai txarrean etorri direla aitortu nien. Dolarra eta euroa parean daude eta inoiz baino garestiagoa da orain New Yorkera etortzea. Outlet batera joan omen ziren arropa erosteko asmoz. Baina inflazioarekin pagotxak desagertu egin dira eta esku hutsik atera ziren. Kontsumismoaren hirian kontsumitu ezinik.

Ukrainako gerrak eragina izan du, zalantzarik gabe. Baina zenbat enpresarik aprobetxatuko zuten egoera hau nahita prezioak igotzeko? Zentimo pare bat egun batean, beste bost zentimo beste egun batean… Hornidura-katearen arazoei errua bota eta kito. Negozioa, beti negozio.

Aldiz, gure soldatak bere horretan mantentzen dituzte. Hor ez dago gorakadarik. Berdin irabazi arren gehiago gastatu behar badugu, pobreagoak gara. Eta hilabete amaierara iristeko larri zebilena, orain larriago.

Inflazioari aurre egiteko, “inflakzioa” behar dugu. Ea behingoz neurri eraginkorrak hartzen dituzten, prezioen gorakada geldiarazi eta herritarroi arnasa apur bat emateko. Bestela, pentsatu ere ez dut egin nahi nolakoa izango den urtarrileko aldapa!