MARKEL URRATE ANTIA - SALTO TRAINING

Bizkarreko minen aurrean

Dagoeneko jakina da bizkarreko mina biztanleriaren %80k bizitzan noizbait jasan beharreko patologia dela. Oporraldia alde batera utzi eta ohiko bizimodura itzultzeko trantsizio sasoi honetan, ohikoak izan ohi dira halako kasuak. Gorputza atseden egoeran izatetik estres eta urduritasun egoerara pasatzen da, eta, gainera, udan hartutako kilotxo horiek kentzeko asmoz, hilabetean egin ez duguna astebetean lortu nahi dugu. Aldaketa horien guztien aurrean gorputza kexatu egiten da eta, kasu askotan, kexa bizkarreko min moduan agertzen da.

Min horiei aurre egiteko irtenbide gisa, duela gutxira arte, erabateko atsedena egitea gomendatu ohi zen. Aholku horri jarraiki, gehiengoak atsedena egun osoa sofan lasai-lasai ematea dela uste du, eta, hori eginez gero, mina arindu baino, postura desegokien ondorioz giharrak makaldu eta minak bere horretan jarraituko du.

Zorionez, ikerketa eta ezagutza berriei esker hasierako uste horiek baztertzen ari gara. Egun, garbi dago bai eskuzko terapia bai pautatutako jarduera fisikoa patologia honi aurre egiteko lagungarri direla, giharren atrofia ekidin eta artikulazioen beharrezko mugimendua laguntzen baitute. Nire jardun profesionala arlo horretan gauzatzen dudanez, jarduera fisikoaren inguruko berregokitze prozesua zertan datzan azalduko dut:

Bizkarreko minen berregokitze orok hiru alderdi nagusi landu behar ditu: artikulazioen mugikortasuna berreskuratzea edo bermatzea, gorputz enborreko giharren (Core) aktibazioa eta indartzea eta gorputzaren propiozepzioa lantzea. Hasteko, balorazio egoki baten bidez gorputzaren konpentsazio posibleak edota mugikortasun defizitak ezagutu eta kasuan kasu egokiak diren tekniken bidez landu beharko dira. Prozesu horrekin estuki loturik, "core" delakoa osatzen duten giharren aktibazioa bilatu behar da, horretan arnasketak toki garrantzitsua izanik. Landu beharreko giharrak zehar-abdominala, bizkarreko multifidoak eta ipurmasailekoa dira, besteak beste. Azkenik, gorputzaren mugimenduen eta egoeraren kontzientzia (propiozepzioa) berreskuratu ostean, indar entrenamenduaren bidez giharren tonu egokia eskuratzea izango da azken pausoa.