7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Hondakinen kudeaketa-azterketa


Berritasuna goraipatzen den gizarte batean eta etengabe gauza ororen obsoleszentzia goiztiarra gertatzen denean, askotan zaila izaten da zirkularitatea eztabaida serio batean txertatzea. Hondakin hitzak berak sobera dagoenari erreferentzia egiten dionez, gauza guztiak bota egiten ditugu, zabortegiak alfonbra ahalguztidunak izango balira bezala.

Eraikuntzak lehen mailako ardura du hondakinen ekoizpenean. Horren ondorioak kudeatzeko edo, gutxienez, kudeaketa horren inguruko kultura minimo bat sortzeko asmoz bihurtu zen derrigorrezkoa Hondakinen Kudeaketa-azterketa 2008an, edozein eraikuntza proiektutan, Hego Euskal Herrian. Dokumentu horrek obra batek sortuko dituen hondakinen aurretiko azterketa bat egitera behartzen ditu arkitektoak, zeintzuk birzikla daitezkeen ikustera, zeintzuk bidali behar diren ezinbestean zabortegira, zeintzuek behar duten kudeaketa berezi bat edo kudeaketa honek guztiak zenbateko kostua edukiko duen obran. Tamalez, azkeneko urteetan eskatzen hasi diren beste dokumentu batzuek bezala, ezer gutxirako balio izaten du praktikan.

Hondakinak minimora murrizteko, hondakinekin eraikitzera ohitu behar genuke geure burua. Hori da Basileako Arkitektura Astean bultzatu nahi izan dutena aurtengo pabiloiarekin. Isla Architects-ek diseinatutako ‘Loggia Baseliana’ (#1 lotura) pabiloia eraikitzeko beharrezkoak izan diren material guztiak eraistear zeuden beste eraikin batzuetatik lortuak izan dira. Pabiloia erabilerarik gabeko trenbide batean kokatuta dago, tren bat balitz bezala. Sei modulu desberdinek osatzen dute pabiloia, bagoiak izango balira bezala burdinbidearen gainean zuzenean ezarrita. ‘Bagoiek’ forma eta tamaina antzekoak dituzte, baina bakoitza material desberdinez eraikita dago. Bat haritzezko habeez eginda dago; hurrengoak kartoizko tutuen bitartez osatzen du ebaketa; beste batek, aldiz, metalezko elementuak ditu; azkenak pinuzko profil sinpleak darabiltza. Eraikina esertzeko loggia bat da, pretentsio handirik gabea. Handikeriatan ez sartzeko borondatea nabari da proiektu osoan: materialak formalizazio sinple baina dotore batekin konformatzen dira, zarata berezirik gabe. Azkenik, birziklatutako txapazko estalki batek bateratzen du dena. Estalki honetan agertzen dira deigarri izateko keinu bakarrak, forma sinpleko zenbait ebakidura eginez xaflan, argiarekin jolasean.

Nabarmentzekoa da materialak berreskuratzeko planteamendua ez dela arkitektoen aukera izan. Basileako Arkitektura Astearen zuzendaritzak antolatutako lehiaketa ireki eta gardenez diseinatua izan zen pabiloia; materialen berreskurapena oinarrietan zegoen, eta puntuagarria zen ezaugarrietako bat zen. Lehiaketaren oinarrietan Zirkular enpresak sortutako katalogo bat proposatu zuten (#2 lotura), non agertzen baitziren lehiaketan erabil zitezkeen materialak. “Ekonomia zirkular” kontzeptuaren inguruan sortu diren enpresetako bat da Zirkular, erakunde publikoen bultzadarekin eta lidergoarekin; eta hainbat eraikin birziklatu ahal izan ditu, kalitate handiko emaitzekin.

Dinamika hauek hasiberriak dira, baina handitzen doaz. Suitzako hiriak, eraikin publikoak eraitsi aurretik, materialen online-denda moduko webguneak sortzen hasi dira (#3 lotura), elementu desberdinen berrerabilera sustatzearren promotoreen eta arkitektoen artean. Etxebizitza publikoetako lehiaketa batzuetan puntuagarria izaten hasi da bertako materialen berreskurapena ehuneko oraingoz baxu batean, eta Suitzako kantoi batzuetako konstituzioetan materialen berreskurapen eta erabilpen minimoak txertatzeko ekimenak hasi dira.

Loggia Baseliana-k pabiloiaren oinarrizko egitekoa betetzen du: garai eta borondate batzuen formalizazio bat sortzea, argazkietan mantenduko dena eta, kasu honetan, baita katalogo batean ere, edo beste eraikin batzuen zatietan. Hondakinen kudeaketaren azterketa, oraingoz, tramiteetako beste paper bat besterik ez da gurean, baina hobe genuke zentzua emango bagenio.