7K - zazpika astekaria
bederatzi hamarkada Itxaropena galdu gabe

ITXAROPENA, ZENTSURA-GARAI ZANPATZAILEENEAN ERE EUSKAL LETREN ALDE

90 urte joan dira Itxaropenak bere ibilbide luze bezain emankorraren lehen pausoak eman zituenetik. Ezin da ulertu euskal literaturaren historia Patxi Unzurrunzagak eta halako ekintzaileek egindako apusturik eta hartutako arriskurik gabe. Zarauzko Sanz Enea kultur etxean Itxaropena inprimategi eta argitaletxeak egindako bideari eta ereindako literatur uzta oparoari errepasoa egiten dion erakusketak ateak zabalik ditu azaroaren 20ra arte.

Argazkiak: Jon Urbe | Foku

Patxi Unzurrunzaga, Emilio Alkorta eta Bonifacio Illarramendi lagunek jarri zuten abian Itxaropena inprimategia Zarautzen. 1932. urtea zen. Handik gutxira lehenaren esku geratu zen. Buzoa soinean eta eskuak tintaz belztuta gogoratzen dute Patxi Unzurrunzaga ezagutu zutenek. Bulegoko zereginetan traje eta gorbatarekin, garaiko ohiturei jarraiki. Unerik zailenetan ere, zentsurarik gogorrenean ere, Patxi Unzurrunzaga (1906-1984) ez zen agintari espainiarren aurrean kikildu. Tentuz, oso tentuz ibili behar izan zuen. Baina aurkitu zuen biderik debekuari iskin egiteko. Euskal letren historian mugarri izan diren izenburu ugari kaleratu zituen eta, horrela, autoreei bultzada eman. Bere izena eta jarduna isilpean geratu da askorentzat, baina euskal kulturgintzak eta literaturgintzak aurrera egin bazuen, bera eta bera bezalako ekintzaileei esker izan zen, urte haietan idazlea ez baitzen ezer bere lana argitara emango zuen inor gabe.

Itxaropenak eta Patxi Unzurrunzagak –ezin bata bestea gabe ulertu– egindako bide luzearen ispilua da erakusketa. Era berean, euskal kulturgintzaren eta bereziki literaturgintzaren historiari –1930eko hamarkadatik 1970eko hamarkadaren amaiera artekoa– begiratzeko abagunea eskaintzen du, unean uneko egoera soziopolitikoaren testuinguruan.

Erakusketaren harira liburu-katalogoa argitaratu da. Hainbat egileren artikuluak aurki daitezke bertan, Inazio Mujika Iraola, Alex Gurrutxaga, Lourdes Otaegi, Anjel Lertxundi, Andres M. Urrutia, Josu Zabaleta... tartean. «Unzurrunzagaren historiak oparo du duintasunetik» Lertxundiren esanetan, eta «haren dotorezia ondo ilustratzen duen jarrera» du gogoan oriotarrak. «Frankismo garaian ba omen zen araudi bat egindako linotipia-lanen prezioa hizkuntzen arabera erregulatzen zuena: gaztelaniaz inprimatutako liburuek tarifa merkeena zuten, noski; “atzerriko” hizkuntzetan egindakoek, aldiz, tarifa garestiagoak, besteak beste, linotipistei askoz ere gutxiago kostatzen zitzaielako testuak gaztelaniaz osatzea atzerritar hizkuntzetan baino. Araudiak besterik ez zioenez, gaztelania ez beste hizkuntza guztiak ziren atzerritarrak, penintsulako hizkuntza ez ofizialak barne. Halatan, hemengo inprentek tarifa garestiagoa aplikatzen zieten euskaraz egindako linotipia-lanei ere. Itxaropenak izan ezik», nabarmendu du liburuan. Euskal sortzaileek Unzurrunzagari izan dioten begirune eta errespetua garbi islatzen du pasarte honek, eta katalogo-liburuan aurki daitezkeenen artean adibide bat besterik ez da.

Pello Unzurrunzaga inprimategiaren egungo nagusiarekin batera Xabier Aramendi eta Lazaro Echegaray aritu dira komisariotza lanean, irakasleak biak, nahiz Aramendik erretiroa hartua duen.

1953. urteko argazkian enpresako langileak ikus daitezke. Patxi Unzurrunzaga ez da ageri, kameraren atzean baitzegoen. Goitik hirugarrena Jesus Mari Unzurrunzaga da eta goitik zazpigarrena Patxi Unzurrunzaga aitona. Erdian Mari Carmen Azcue eta haren azpian Mari Tere Unzurrunzaga.

Arnas luzeko jarduna. Bi urte eta erdiko lanaren emaitza da. Ez da erraza izan. «Leku aldaketarekin galtzeko zorian egon zen orain ikusgai dagoen materiala. Kaxetan eta kaxoietan gordeta zegoen», aitortu du Unzurrunzagak. Izan ere, Herriko Barra kaletik –garai hartan Victor Pradera– industriagunera mugitu zen enpresa 1986an. Han segitzen du. «Benetako altxorra zegoen, erakustea merezi zuena», nabarmendu du Echegarayk. 150 liburu eta dokumentu inguru bildu dira erakusketan, bakoitza bere fitxaz lagunduta.

1953ko langile taldeari aurpegia jarriz hasten da bisita. Haien artean Mari Carmen Azcue ageri da. 86 urteak beteak ditu eta sasoiko ikusten da, burua argi. Nagusiaz galdetu eta oroitzapen «izugarri ona» duela kontatu digu; «ez nuen sekula haserre ikusi». 1950ean hasi eta bost urtez aritu zen, ezkondu zen arte. «Kuliska Sortako liburuak etxez etxe banatzen nituen bizikletaz. Batzuetan lan ederrak izan genituen ondoren kobratzeko», esan du. Ez zuen estuasun berezirik pasatu banaketan. Neska gaztea zen artean baina, hori bai, ondo gogoan du Aita Onaindiaren “Mila olerki eder” (1954) argitalpena erretirarazi zutenekoa.

Koadernaketa lana ere egokitzen zitzaion; «dena eskuz», dio orduko argazkiei begira.

Sabinek hartu zion lekukoa urte batzuk geroago Patxi Unzurrunzagari, hasieran Jesus Mari anai zaharrenarekin. Hila da Sabin; haren seme nagusia da Pello. Berak du enpresaren ardura azken urteotan. «Izeba Mari Tere eta osaba Jesus Mari oso hunkituta daude egin dugun lanarekin. Aitona eta aita nonbaitetik begira egongo dira», esan du. 1980ko hamarkadan hasi zen Pello Unzurrunzaga lanean. «Ez nuen inprentan lan egin nahi, Arte Ederrak ikasi nahi nuen. ‘Artea’ mantenduko dugu, baina ‘eder’-en ordez ‘grafikoak’ jarriko dugu, esan zidan. Hasieran haserre nengoen, baina gero gustukoa izan dut», kontatu du irribarrez.

Erakusketaren hiru komisarioek kaxetan aurkitutako lehen liburua 1933koa da. “Argi-donea” eliz liburua, Baltzolatar Francisko apaizak idatzia. Euskal Pizkundearen (1931-1936) garaiak ziren. Gerraurreko garaian gaztelaniazko zein euskarazko izenburu ugari kaleratu zituzten, denak euskal kulturari lotuak. 1934an Orixeren “Barne-muinetan” eta handik urtebetera Manuel Lekuonaren “Literatura oral euskérica” editatu zituzten.

Langileak Itxaropena enpresaren tailerrean eguneroko jardunean.

Aliantza erabakigarria. Patxi Unzurrunzagaren eta Bernardo Estornes Lasaren aliantza ezinbestekoa izan zen XX. mende hasiera hartan. Bazkideak izan ziren urte batzuetan eta ondoren kolaboratzaileak.

Beñat Idaztiak argitaletxea sortu zuen Estornesek, eta han Zabalkundea bilduma argitaratu. «Garai hartan gai euskaldunen inguruko idatziak argitaratzea ez zen zaila. Zabalkundea nagusiki gazteleraz zen, baina euskarazko liburuak ere argitaratu zituen Egia Sorta bilduman», gogoratu du Echegarayk.

Jose Migel Barandiaranen “Euskalerriko leen-gizona” liburuak ireki zuen 1934an Egia Sorta bilduma. Donostiako Euskaltzaleak elkartearen ardurapean atera zen. Ataundarrarekin batera Aitzol, Labaien, Lizardi, Orixe, Lauaxeta, Jautarkol eta Lekuonaren mailako idazleak zeuden tartean. Euskal sortzaile askok erbesterako bidea hartu zuen gerra garaian, baina Patxi Unzurrunzaga Zarautzen geratu zen. Familiak hazten jarraitu zuen. «Erabaki latza, eztabaidatsua eta arriskuz betea izan zen»; hala dio Bidegileak bildumak editoreari eskainitako aleak. «Tailerrean abisurik gabe bisitak, errekisak, mehatxuak, deklaratzeko deiak, salaketak, liburuak eta orriak nonbait ezkutatu beharra, euskal kutsuko edozein paper puska ere subertsibotzat hartzen baitzen», zehaztu du.

“Genoveva de Brabante” (K. Schmid), “Peru Abarka” eta Pedro Mari Otañoren bertso sorta aipa daitezke, besteak beste, zentsura sufritu zuten izenburuen artean. Erakusketaren bigarren aretoak garai hartara garamatza. Sartu eta, erdian, Xabier Egañaren eskultura aurkituko du aurrez aurre bisitariak. “Libro, cruz, bayoneta”, 2012koa, «ezin egokiagoa» Pello Unzurrunzagaren iritziz.

Otañoren bertso liburua azken orria kenduta ikus dezake bisitariak bitrina barruan. Ondoan, liburu bera osatuta argitaratu zenekoa. «Zentsura betetzea ezinezkoa zen, liburuen galeradak eskatzen zituzten eta horrek suposatzen zuen liburua geldirik izatea hilabeteetan edo urteetan. Bideraezina zen, zentsoreek ere bazekiten hori», esan du Pello Unzurrunzagak.

Ezkerretik hasita, eta Xabier Aramendi, Lazaro Echegaray eta Pello Unzurrunzaga

36ko Gerrak eragindako etenaren ondoren lanari ekin zioten berriz. «Euskal literaturarekiko lotura zuten, gerra garaian ihes egin beharrean aurkitu zuten euren burua, eta itzuleran ez zioten liburuak argitara emateko proiektuari uko egin estornestarrek. Txiletik bueltan egin zuten lehen gauza Itxaropenara joatea izan zen. Hasieran Patxiren bazkideak izan ziren eta gero kolaboratzaileak», gogoratu du Echegarayk.

Liburuki bakoitzean Euskal Herriaren ikerketa antropologiko sakona dago unibertsitateko irakaslearen esanetan. «Liburuki guztiak elkarrekin hartu eta ohartzen zara ikerketa antropologikoaren dimentsioaz. Jakin dezakezu zer izan den euskalduna izatea eta zeintzuk izan diren ohiturak, jarduerak eta jarrerak. Txundituta geratzen naiz! Sailean idatzi zuten idazleen ardura nagusia ez da historia, baizik eta aktualitatea eta unearen narratibitatea», esan du.

Auñamendi Eusko Entziklopedia ere ezin ahaztu, Estornesen proiektu esanguratsua. Zarauzko inprimategian ikusi zuen argia. «Erabaki hura ere ausarta izan zen», adierazi du Echegarayk.

Gerra garaian egoera ezin gogorragoa zen Patxi Unzurrunzaga eta bere langileentzat, Falangek bahitu egin baitzuen inprimategia. «Mugimenduaren ‘Vertice’ aldizkaria argitaratzera behartu zuten. Beste inprenta batzuk ere egoera berean zeuden, bati koloreaz arduratzeko agindua ematen zioten, beste bati maketazioaz... Gero, Donostiako beste inprenta batean dena josi eta azaleztatu ondoren, banaketa egiten zuten», argitu du Echegarayk.

Inprenta alboratu gabe, editore lanari ere ekin zion Unzurrunzagak 40ko hamarkadan. Ez zen ohikoa arte grafikoen arloan pertsona bera editore-argitaldaria izatea. Bere konpromisoak pauso bat harago ematera bultzatu zuen. 70eko hamarkadaren amaierara arte jarraitu zuen. Elkar, Erein eta beste euskal argitaletxeak sortzean utzi zion Itxaropenak editoriala izateari. 1948an eskuratu zuen inprimategiak lehen aldiz euskaraz liburu bat plazaratzeko baimena. Pedro Rocamorak, Prentsa eta Propaganda delegazioko zuzendari nagusiak, sinatu zuen agiria. «1947ko irailaren 9an gertatu zen ‘miraria’. Zarautzen uda igarotzen ari zen. Patxi Unzurrunzagak pentsatu zuen hemengo morroiek baino ankerrago inola ere ezingo zuela jokatu eta beregana jo zuen zuzen, behingoz bitarteko probintzianorik gabe», gogoan du Bidegileak bildumako liburuxkak. Ondorengo urteetan Gregorio Mujikaren “Pernando Amezketarra”, Ixaka Lopez Mendizabalen “Diccionario vasco-castellano”, Salbatore Mitxelenaren “Arantzazu, euskal poema”, Lizardiren “Biotz-begietan” eta Orixeren ‘Euskaldunak’ liburuek ikusi zuten argia.

Ezkerrean, Patxi Unzurrunzaga eta eskuinean, Inazio Eizmendi “Basarri”, lan-bilera batean. Irudia 50. hamarkadakoa da. Erakusketan beste argazki bat ere ikus daiteke; haren atzealdean errezildarrak bertsoa idatzi zion editoreari, eskerrak emanez.

Kuliska Sorta. Gerraostean mugarria izan zen, ezbairik gabe, euskal kulturgintzan Kuliska Sorta. 1952tik 1973ra 55 liburu atera zituen Itxaropenak, denera 77 zenbaki. Liburu bakarra izan zen gaztelaniaz. «Gerraostean desertua zen euskal literatura, eta arnasa eman zion bildumak», Aramendiren esanetan.

Mogel, Emeterio Arrese, Txomin Agirre, Antonio Maria Labaien, Luis Jauregi “Jautarkol”, Eusebio Erkiaga, Lauaxeta, Manuel Lekuona, Jon Etxaide, Juan San Martin, Gabriel Aresti, Txomin Peillen... luzea da han aurki daitekeen idazleen zerrenda.

Euskal kulturari lotutako gaiak jorratzen zituzten, baita euskal literatur lanak ere, 36ko Gerrak eragindako etenaren ostean suspertzeko ahaleginean. Erreferentziazkoa bihurtu zen bilduma. Jazarpen betean eta oso baliabide urriz egina.

Ezinbestean, harpidetza sistemara jo zuen. «Kuliska Sorta argitaratzen hasi zirenetik edozein unetan sarekadaren bat egin eta inprimategian aurkitutako argitalpen denak eramango zituzten beldur ziren. Garai hartan publiko objetiboa ez zen gaur egungoa; kontuan izan euskararen sozializazio hedatuagoa nola izan zen, ikastolen sorrera... Zuzeneko salmenta abiatzea erabaki zuen. Modu horretan irakurle bakoitzak bilduma osoa erosten zuen. Komertzializazio askoz efektiboagoa lortzen duzu eta ez duzu liburua liburu-denda guztietako erakusleihoan eduki beharrik. Eta, bestetik, ez duzu aukerarik ematen egun batean etorri eta liburu guztiak eraman ditzaten. Azkarra izan zen eta zentsurak eragindako arazoari konponbidea eman zion», esan du Echegarayk.

Isunak, makina bat. Kontaezinak. Garaiko 2.500 pezeta “Modernización agrícola” izenburuko esku-orriagatik, adibidez, Donostiako Udalak argitaratua, frankismoaren menpe zegoen erakundeak, alegia. Zentsoreari bidali gabe argitaratu zuten edukia, eta horregatik isuna. Legearen arabera, argitalpenaren ardura inprimategiak zuen. «Baimena inprentak zeukanez, idazleek Itxaropenaren bitartez kudeatzen zuten baimena. Madrilen egin beharreko tramiteak luzeak ziren, ez zen erraza», argitu du Unzurrunzagak.

Fondoetan arakatzen hilabete luzeak eman dituzte hiru komisarioek. Une askotan detektibe lanak eginez. «Bai, hori bai, mugatua izan da gure bilaketa gunea, nahiz oso handia den inprimategia. Erotzeko moduko artxiboak dituzte. Eskerrak Pellok inprentaren bilduma guztiak buruan gordeta dituen», kontatu du Echegarayk.

Joan Mari Torrealdaik zentsuraren inguruan egindako ikerketa lanak ezinbestekoak izan dituzte bidean. Zentsura dokumentu eta fitxa guztiak bildu eta zegokion liburuari eranstea izan da bidean egindako lanetariko bat. «Lan oso polita izan da, perspektiba historiko-politikoan ekarpena egin genezakeelako. Alor honetan lanean aritu direnek aspalditik bilatu izan duten zerbait lortu dugu, obra bakoitzaren trazabilitatea, hain zuzen ere», esan du.

Juan Antonio Mogelen «Peru Abarka» liburuaren azala, eta, ondoan, Felipe Ugarte zentsoreak 1955eko ekainaren 27an Itxaropenara bidalitako gutuna, argitaratzeko debekua aginduz.

Zentsura. Kasuistika ugaria da. «Batzuetan obraren zirriborroa Donostiara zihoan, zentsoreak Madrilera bidaltzen zuen; han Propaganda Ministerioko ‘irakurleei’ ematen zieten –euskaraz jakin behar zuten–, eta haiek zentsoreari. Hark erabakia hartu, fitxa sortu eta argitaletxera bidali, aurrera egiteko baimenarekin ala gabe», kontatu du. Luis Madariagak lortu zuen trazabilitatea apurtzea. «Literatur kudeaketaz arduratzen zen enpresa zeukan (GISA), egoitza Madrilen zuena. Bere burua eskaini zuen Madrilgo bulegoen aurrean gestioak egiteko. Gauzak asko erraztu zituen horrek. Euskalduna zen eta eragin handia zuen Madrilen, eta horri esker argitalpenak modu errazagoan atera ziren. Zuzenketak bizkorrago egin ditzakezu, Madariagak berehala ohartarazten baitizu Madrilen zain egon gabe. Aurkitu dugun dokumentazioa oso interesgarria da», adierazi du Echegarayk. Zentsurak 80ko hamarkadara arte iraun zuen. «Harrituta geratzen zara, Franco aspaldi hila zen, baina oraindik zentsura pasatu behar zuten liburuek. Erregimenaren egiturak hor zirauen oraindik», jarraitu du.

Jose Artetxek harreman estua izan zuen Itxaropenarekin. «Konfiantzazko idazlea izan zen. Figura garrantzitsua da, nahiz historiak traidoretzat hartu izan duen. Nazionalista zen, baina erlijio kontuengatik –orduan gertatzen zen– gerra beste bandoan egin zuen, eta oso gaizki hartu zuten hori. EAJko kidea izanik, alderdian, hasteko, eta ingurune sozialean ere bai. Isilunea egin zen. Baina Artetxek ez zion idazteari inoiz utzi, eta zirkunstantzia oso gogorretan –bederatzi seme-alaba zituen eta, idazle bezala, irabaziak urriak– euskal pertsonaia historikoen biografiak egin zituen –Ignazio Loiolakoa eta gisakoenak– Itxaropenarekin batera. Patxiren eta estornestarren arteko lotura ekoizpenari begirakoa zen, eta Patxiren eta Artetxeren artekoa literaturari begirakoa gehiago», dio Echegarayk.

Kuliska Sorta, desertu betean oasia bezala hartu zena garai ilun haietan.

Diseinu zaindua. Edukia bakarrik ez, diseinua ere garrantzitsua zen Patxi Unzurrunzagarentzat. «Estetika izugarri zaintzen zuen argitaletxeak. Kuliska Sorta agian, azalari begiratuta, ez da hain estetikoa, baina barruko orrietan bai. Zabalkundeak azaletik bertatik eragiten du inpaktua. Hor barruan zer dagoen jakin nahi duzu, Tillac-en azal horiek, Erdi Aroko pertsonaiak, Grekoak margotuak diruditenak, edo kixoteskoak, trazu dardartiz eginak, goibelak...», adierazi du Echegarayk.

«Gaur egun ilustrazioa haur literaturan fosilizatuta geratu da, baina orduan ohikoa zen helduen literaturan, eta ilustratzaile paregabeek lan egin zuten Itxaropenak ateratako liburuetan», esan du Aramendik.

Santos Echeverriak lan ugari ilustratu zituen. Paretetan ikus daitezke “Kresala” (Txomin Agirre, 1954) eta “Joanak joan” (Jon Etxaide, 1955) liburuetarako sortutako lanak. Zuri-beltzezko irudiek egundoko gaurkotasuna daukate estiloari dagokionez.

Bat dator Echegaray. Are gehiago, ikerketa merezi duen pertsona da, bere iritzian. «Ibilbide luzea eta gogorra izan zuen. Zeure buruari galdetzen diozu nor zen eta inork ez dauka arrastorik ere. Bai, donostiarra zela eta Graficas Valverden lan egin zuela, baina besterik ez», jarraitu du Echegarayk. Txikik eta Ayaldek ere ilustratu zituzten zenbait obra.

&zeroWidthSpace; 60ko eta 70eko hamarkadetan Santi Onaindia, Salbatore Mitxelena, Bitoriano Gandiaga, Jorge Oteiza –“Quosque tandem” obraren lehen edizioa Sabin Unzurrunzagari eskainia–, Gabriel Aresti, Txillardegi, Xabier Lete, Joxean Artze eta Saizarbitoriaren izenak ikus daitezke liburuen azaletan. Itxaropenako artxiboetan, zorionez, eskuizkribuak ere gorde dira. Gabriel Arestiren “Harri eta herri”, Salbatore Mitxelenaren “Arantzazu” edo Bitoriano Gandiagaren “Gabon dut anuntzio”, Xabier Egañaren irudiez eta Pello Zabalaren partiturez lagunduta. Bisitariak aurkituko duen beste altxorretako bat.

Intrahistoria, giza harremanez jositako hariez osatua, gorde dute hamarkada hauetan Itxaropena inprimategiko tiraderek eta kaxek. Garaian garaiko autoreek eskuz idatzitako gutunak, euskal letren joan-etorrien lekuko.

Bitxikerien artean, Camilo Jose Celak “La familia de Pascual Duarte” euskarara itzultzea eskatuz idatzitakoa, ale batzuen truke. “Galiziarra naiz, editorial katalanentzat lan egiten dut eta oiartzuar batekin ezkonduta nago –dio gutunean, gazteleraz–. Datu hauekin ez zaizu zaila egingo nire buru-egiturak kalkulatzea”. Itzulpena eskuratu ondorengo poza –“kulturari leiho berri hau irekitzeak pozten nau”– adierazten du hurrengo gutunean.

«Kontuan izan gaztelaniazko originalak sekulako tentsioa sortu zuela Espainiako zentsura sisteman. Rocamorak idatzi zuen, tripak nahasi eta pare bat gau loak hartu ezinik zegoela. Eta bat-batean euskaraz argitaratzen da, pentsa!».

Hemingwayren “El viejo y el mar” eta Pio Barojaren “Las inquietudes de Santi Andia” ere euskaraturik plazaratu zituen Itxaropenak.

Ezkerretik hasita, Lazaro Echegaray, Xabier Aramendi eta Pello Unzurrunzaga.

Adiskide artean. Lagun giroa gustukoa zuen Itxaropenako nagusiak. Garaian garaiko idazleen zein euskaltzaleen ohiko bilgune bihurtu zen inprenta. 60ko eta 70eko hamarkadetan Gipuzkoako Diputazioko Liburutegian hilero egiten zituzten tertulietan ere –La Academia Errante ere jarri zuten abian– ez zuen hutsik egiten. Abangoadiak ere badu tokirik. Ez Dok Hamahiru –Artzeren bitartez–, Oteiza... present daude. «Aldaketa sozialaren garaia da, nahiz oraindik politikoa iristeko zegoen. Irekitasunaren urteak dira», gogoratu du Echegarayk. Real Vascongada de Amigos del Pais erakundeari ere lekua eskaini zaio. Itxaropenak ez zuen edizio lana hartu, baina bai inprimatzearena, eta enpresaren bezero garrantzitsua izan zen.

Laugarren belaunaldia ere –Pello Unzurrunzagaren seme-alabak– lanean ari da. «Itxaropena badaukagu, ea hurrengo belaunaldiak jarraitzen duen», esan du aitak. Enpresari izena jartzen ere asmatu zuten hiru lagun zarauztar haiek.