JULIO PASTRIAN MENDIOLA

Core-a: zer da, funtzioak, muskulatura, prebentzioa

"Core” terminoa gihar, artikulazio zein hezurrek gure gorputzaren erdialdean osaturiko nukleoari deritzo, zehazki dortsal, lunbar eta aldaka inguruan kokatzen denari. “Core” hitza sarritan erabiltzen da kirol arloan, aipaturiko gihar edo estrukturek gorputzaren egonkortasunean eta behe ataletik goi atalera doazen indarren transferentzian zeresan handia baitute. Hortaz, muskulu abdominalak, multifidoek, zoru pelbikoak eta barne zein kanpo oblikuoek osatzen dute core-a. Horiek garrantzi handikoak dira gorputzaren egonkortasuna bermatzeko eta barne indarrak kontrolatu ahal izateko; indar entrenamenduaren oinarrietako bat, alegia.

Kontzeptu hau kirol arloan garrantzitsua dela esan dugu, baina eguneroko bizitzan ere hala dela ikusi da. Eguneroko bizitzan postura oinarri garrantzitsuenetako bat da. Postura ona mantendu behar dugu une oro: ibiltzeko, eserita egoteko, makurtzeko… Gorputz erdialdean kokatuta dauden giharrek gure posturari eusten diote, eta horiek zenbat eta indartsuago egon, orduan eta denbora gehiago egongo gara min edo molestiarik gabe. Horrez gain, lesioen prebentzioan ezinbesteko tresna dela ikusi da, batez ere kirol arloan. Core-ko lanaren bitartez, gorputz osoan ditugun giharrak era orokorrean eta azkar entrena ditzakegu. Hortaz, gure gorputza indartsuago egonda, kirolean aurkituko dituen traba edo oztopoei era sendoagoan erantzungo die, lesio gutxiago sufrituz. Baina ez bakarrik kirol arloan. Izan ere, corea ondo landuta izanez gero, lunbarretako min asko saihestuko ditugu, postura egokia mantenduko dugu urteetan zehar eta etorriko diren gihar patologiei sendotasunez erantzun ahalko diegu.

Hortaz, “core” hitza orain arte entzun gabe zutenak edota hori landu gabe dutenak, garaiz daude probatzeko. Egunerokoan edota kirolean baliagarri izango zaie. Inoiz ez dakigu noiz etorriko diren minak; beraz, hobe aurrea hartzea eta bizitza osasuntsua eginez jarraitzea.